Ibon Aranberri.
LAUHAZKA

Kopiatzeko beldur

2016ko apirilaren 17a
00:00
Entzun
Ekintzaile talde batek argazki gaineko neurketa teknologia darabil Siriako monumentu hondakinetan, suntsitu eta desagertutako ondare formetatik abiatuz bigarren bizitza digital bat proposatzeko, bestelako erabilera eta manipulazioei aurre hartuz. 3D data modeloak sarean zintzilikatuak dira, herritarrentzat eskuragarri jarriak. Objektuen merkatu beltzeko espekulazioa zapuztu nahi dute horrela, bildumazko museifikazio eragiketaren kontra doaz.

Irudika dezakegu bere muga fisikoak zeharkatzen dituen immaterialitatea. Objektuaren liberazio ekintza moduko bat, berez ezarri zaion eginkizunetik askatuz. Gorputz fisikoa eite digital bilakatzen denean, zenbateraino ote den jatorrizkoarekiko leial, behin eta berriro birsortzen denean, kode soil bilakatuz sarean, zirkulazioan jarriz, eta halako batean, berriro fisikoki trinkotuz. Informaziotik abiatuta fisikotasuna taxutzeko saiakera, funtsa gorde eta berreraikitzeko saiakera ere bada.

Iragan kolonial eta inperialeko objektuz beteta ditugu museoak, forma kultural gisa goratuak, jatorri gatazkatsuarekiko errugabe bailiran. Museoak gune politikoak dira bere horretan, nonbaiteko espazio eta denbora konkretuetatik ekarritako gauzez osatutako espazioak. Horrela, erakusketa egitarauaren bitartez instituzio mekanismoen bitartekari dira objektuak.

Iraganari lotutako kontutzat hartu izan da Objektuen kontserbazioa. Baina etorkizunari begiratzen dion zientzia-fikzioak gure unea irudikatzen duen bezala, orainean hartzen du bere zentzua kontserbazioak, iraganeko ideiak gaur eguneko ideologia eta moralarekiko egokitzen diren heinean. Objektuen jabetza eta objektuak erakusgai jartzea, narrazio kulturalak eraikitzeko boterea da (irabazleen narrazioa).

Ondare ereduak azterketarako gordetzea izan daiteke kultur tradizioari eusteko modua, baina bai eta ereduak beraien irudi fantasmagorikoari kateatzekoa ere, objektuen bizitza berri digital betierekoa, bere oinarrian duelarik fideltasun gorenekoa batetik, eta dataz ostutako gorputz arrotza, bestetik. Ametsetako ikuspegia dakarkigu, ahanztura eta oroitzapena, suntsipena eta iraupena artxibo berean gordetzen denekoa. Autopsiarako gorputzak dira.

Moldatuz bilakatzen dira materialak forma kultural, eta sortzen diren bezala suntsitzen dira. Objektuek modu propioan hitz egiten digute, eta gutaz ari dira. Horrela, gauzen kontserbazioa praktika zabalago baten barruan uler genezake, sormen eta suntsipenaren arteko existentzia material gisa.

Historiaren berpizte ariketok, arte eta arkitektura garapen estilistikoaren ohiko joerak dira. Zutabe egiptoarra, jatorrizko zuhaitz enborraren ordezkoa litzateke, esate baterako. Egurrezko zutabea, harrizko elementu bilakatua. Hortxe arkitekturaren fundazio unea, harrezkero, berezko eta beharrezko eragiketatzat hartua da berreraikuntza. Denboraz, jatorrizko enborra bilakatuko da errepresentazio teknologiko. Harrizko berreraikuntza bidez enborraren jatorrizko izaera zeharo da eraldatua, grabitateari ihes egiten dion sinbologia birsortuz historian, eta jatorriaren ideia behin eta berriro erritualizatuz.

Teknologia berriak birsortzeko ahalmen berria dakar. Kopiatzearekin bat tradizio kulturala ere bereganatu dezake kopiatutako eiteak. Forma kulturalak batetik bestera doaz, egiletik egilera, hartzailetik hartzailera, historia kulturarekiko berezkoa den eragiketan. Greziarrek egiptoarrak kopiatu zituzten, erromatarrek greziarrak, eta Errenazimentuan antzinatea hartu zuten inspirazio iturri.

Kopiatzeko ekintza ikasteko modu bat da, eta era berean proposamen berriak eratzeko keinu zehatza, aldakuntza esanguratsuak sortzeko ahalmena: ez litzateke lapurtzen dugun zera, lapurtzeko modua baizik. Originaltasunaren ideia mehatxatzen du kopiak, nolabaiteko biki maltzurra eratuz, zalantzan jartzen ditu egiletza eta jabetzaren kondaira jatorrizkoak. Kolokan jartzen du ziurtasun moral eta kulturala.

Ondare materialaren zaintzatik askoz haratago, etorkizuneko posibilitateak eraldatzen dituen eraikuntza erradikal gisa ulertu dezakegu kontserbazioa. Orainaldi berehalakoaren kontserbazioak kudeatuko luke objektuekiko gure harremana, nola erabili ditzakegun geuri buruz hitz egiteko eta nola baliatzen den etorkizuna asmatzeko oinarri bezala. Azken batean, kultura eta historiaren zaindaritza funtzioa berrikusten eragin diezaioke posibilitate honek museoen zeregin zurrunari. Iritsi zaiguna kontrolpean izatea baino gehiago, munduan etortzear denaren talaia ireki bilakatuz.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.