Itxaro Borda
LAUHAZKA

'My girl in the street'

2016ko maiatzaren 29a
00:00
Entzun
Nit I Dia ikusi duenari iruditzen zaio telesailik perfektuena irentsi duela lau hilabetez, berea ez den telebista eta hizkuntza batean. Badaki, bai, amerikarrek bereziki, lan gotorrak ekoizten dituztela eta gosea kentzeko adina itxura zirraragarri lerratuko zaiola pantailetan behera. Umezurtz sentitzen dela aitortzekoa du, nolabait bere buruarekin zintzo jarraitzeko. Halaber gertatu zitzaidan niri Paola Letalbergen Joy Stick nobelaren azken orrialdea itzulikatu nuenean: malkoa perlatzen nabaritu nezakeen begi izkinean…

Egundainoko umezurtzak garen jende abandonatuak gara. Hitz zehatzez bizidunaren segurtasun boterea larrutzen duten bost gaitzetan sartzen da utzikeria edo utzitasuna, nahieran. Letalberg andereak jorratzen du alor minbera hori eta nortasunean bermatzeko indarra kausitzeko agian, gomendatzen ahal genioke Bruce Spingsteenen kontzertu batera joatea eta han Born in the USA oihukatuz erraien sakoneraino gozatzea: oh my girl, my girl... in the street, karrikak, Baionakoak edo Sara Grau eta Aitor Otxoak oinezkatzen dituzten Bartzelonakoak izanagatik. Telesailetik, nobelatik, kontzertutik eta pasabide lanjerosetatik onik ateratzen denak ez du emazte istorio xaloak kontatzen akitzen diren bobona barregileen egiaren ezpondetan zalantzaz burtzoratzeko xederik.

Bazterrak urratzeko gutizia ernatzen zaigu, jagoitik, seietatik aitzina argiak ortzimuga sutzen duen tenorean. Bazterrak urratzeko (bis) eta forma gramatikalak bihurritzeko desioa, barbarismo hutsak diren bobona bezalako neologismoak asmatuz garatzen dena. Zaharkeriaz, ohiko hausnarketa morbidoz, haurtzen gaituzten xukakeriaz aseak garela ezin ukatu. Iraganarekin gisakoak, behar den bezalakoak, planttakoak agertzen tematzen gara, oraindik, berrogeita hamar urteko zirika eta jazarpen morala jasan duen pertsona amilduaren moduan. Beldurrarekin gabiltza, piztiak berriro iratzarriko bailiran, ahanzten edo bederen ez aipatzen saiatuz. Herrialde zapaldua gara, zinez, baina ez Frantzia eta Espainiaren partetik, komunzki plazaratzen den maneran, baizik eta gure artean oilar dabiltzan eta alde bateko zein besteko zurruntasun hipnotizatzailea hedatzen duten burkide apurren aldetik. Paola Letalbergek egoera xeheki ikertzen du Joy Stick eleberrian.

Asko daukagu ikasteko.

Azkorri batez bizkarretik minez esnatu nintzen. Lanera behar nuen derrigor. Eguna huts egiten baldin badugu larderiatzen gaituzte nagusiarekiko bekoz bekoetan. Inor ez dago gehiago hausten direnen ordezkatzeko. Entzungailuak sakatu nituen eta belarritik The Boss erraldoiaren musika isuri zitzaidan. Zutik niraukeen. Saretik deskargatu Baltimoreko ekitaldiaren grabaketa pirata zen. Kemena piztu zitzaidan, baina Errepublika Plazan merkatuko txabolak altxatzen ari ziren saltzaile senegaldarrak agurtzera atrebitzean, absentzia baino ez nintzela susmatzen nuen. Kasko zokoan perpaus mainguak dantzari zebilzkidan: zoriona etorkizunerako promesa da, bizitzari ez diot zentsurik aurkituko orainaldi honetan, nire hitzak ez dauka berme arrazoiturik...

Anbiguetatez hantu iritziak airean daude. Gasolina banatze zentroak blokatuak dira. Kontsumo gizartearen akabera da. Paola Letalbergen trakako idazleek giro nahasiak gatibatzen dituzte, paperean etzanez menperatzen meta irakurleari bazka oparitzen. Liburuak bukatzen dira, maleruski, eta hostoak plegatzean nostalgia astunak lehertzen gaitu. Sinesgarritasun ideologikoaz axolarik ez duten testuak eskas ditugu, pornografia politiko piramidalaz harago doazenak, gaztiguzko bakartasun merezituak, bizpahiru izenen artean dudari datzala bihotza, ez jakin zein hauta, Dostoievski ala Bruce Springsteen.

Martxoaren laurogeita hamalaua da. Gauak Zutik higatzen ditugu, bihiak irintzen eta espelta ogiak adelatzen. Deabruak gure baitan aterpetzen dira, denborarekin bizkarreko minak eraginez. Auhen batean my girl my girl marmaratzen dugu eta laguntza deiak luzatzen: helepI need somebody...

Atzo, maiatzak 28, ospatu zuten Hazparnen, Hazketa zabortegiaren behin-behineko zerratzea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.