Elena Martinez Rubio.
LAUHAZKA

Kearen asmatzea

2018ko maiatzaren 13a
00:00
Entzun
Ke zikinean murgildurik bizi den zibilizazioak biriketako gaitzak izaten ditu. Era berean, badaki, ongi jakin ere, arnasbideak sendatzeko botikarik sofistikatuenak asmatzen. Baina ez da zikintasuna gutxiagotzeko gauza, bestelako bizimodu bat irudikatzeko gauza ez den bezalaxe. Ezgaitasun harrigarria bezain kezkagarria.

Ildo beretik, gizartea ohitu egiten da gero eta maizago gaixo egoten eta osasuna besteren esku uzten. Gainera, osatzeko aukera franko eskaintzen zaizkio horretarako: behinik behin, sintomak epe laburrean kentzeko huts egiten ez duten sendagaiak, ebakuntza konplexuak edota mota askotako aholku zuhurrak. Zoritxarrez, osasuna galtzearen egiazko zergatikoek erreka baten antza dute, zeina lur azpian sartu eta handik kilometroetara —edo urteetara— ezustean berragertzen baita.

Bada, hainbat eritasunek nabarmen egin dute gora lurralderik industrializatuenetan. Igoera ez zaio bakar-bakarrik zor hiritarren bizialdiaren —hobe: bixialdiaren— luzatzeari. Adibide bat ematearren, minbizia haurtzaroan ere ugaritu da. Hala eta guzti, bada sinesten duenik gaitz horiek aitzina ere erruz zeudela, nahiz eta jendeak izenik jartzen asmatu ez. Ez da egia: azken hamarkadotan egin diren estatistikei esker, aski datu fidagarri daukagu zenbait gaixotasunen belaunaldiz belaunaldiko aniztea egiaztatu ahal izateko.

Pentsamolde bera da, hortaz, batetik, osasun-arazo jakin batzuk areagotu, eta, bestetik, beraientzako konponbideak-edo bilatzen dituena. Zentzu horretan, baita ikerlariek ere, eguneroko logikarekin bat egiten dute, oro har. Ezagutzaren teoriaren ikuspegitik esanda: finkaturik dauden modeloei atxikitzen zaizkie.

Historialariek eta arkeologoek, bestalde, sarri egiten dute topo iraganean epe labur-laburrean desagertutako zibilizazioekin, naturak eragindako hondamenik edota gerrarik tartean izan gabe. Beharbada, zibilizazio horiek beren lorpen eztabaidaezinez liluraturik biziko ziren, beren arrakasten mendeko huts bihurtzeraino.

Edonola ere, bilakaeraren automatizatze bat gertatuz gero, zaila izaten da urratutako bidetik garaiz irtetea. Batzuetan bere ideologiako sareetan harrapaturik egiten du aurrera gizarteak, harik eta egunen batean lur jotzen duen arte: dogma higatuari eutsi nahia oztopo izaten da-eta munduaren zaharberritzeko. Ahots askeak, berriz, zarata nagusiaren erdian galtzen dira.

Bien bitartean, kearen asmatzeari ekiten zaio etengabe osasun-arloan ere, libre geratzen zaizkigun azken bazterrak salerosgai bihurtuz. Aurkikuntzen artean, basoaren onuren aldarri egiten duen Basoaren medikuntza izenekoak hausnarketa egiteko bidea ematen du: nortzuk eta osagileek idoro dute antzina edozeinek zekiena. Oraingoan, ordea, hitz teknikoez eta, nola ez, sagu zorigabeekin egindako saio korapilatsuez jantzita ageri zaigu egia: hain zuzen, outdoor-erietxea deiturikoan baso-bainuak hartzeak sistema immunologikoa berpizten du killer cells direlakoen kopurua handiagotuz, estresa eta nekea murriztuz, norberaren gogaldia hobeagotuz, eta abar. Basoak osatzeko duen indarra berebizikoa ei da.

Antzeko arrazoiengatik gurtu izan dira betidanik zuhaitzak. Esoterismorako joera zutenek, esaterako, zuhaitzen besarkatzea eman zioten izena aipatu sendabideari. Basoa erlijiozko elezaharretan ere agertzen da. Besteak beste, Armenteirako Ero, Leireko Virila eta Heisterbacheko zistertar abadeei hala gertatu omen zitzaien behinola: txorien dei zoragarriek erakarrita oihanean barneratu eta, oharkabean, bizpahiru mende eman bertan. Hain da ederra basoa, non abade haiek denboratik kanpo egin zuten alde, betiereko paradisuaz gozatu ahal izateko. Ba al dago ezer osasuntsuagorik?

Areago: «Landareak bihar lurretik desagertuko balira, giza bizitza oro itzaliko litzateke aste gutxi barru, gehienez, hilabete gutxi barru...», idatzi zuten 2013an Stefano Mancusok eta Alessadra Violak —bata Landareen Neurobiologian aditua eta bestea, kazetaria—, Verde brillante. Sensibilità e intelligenza del mondo vegetale beren liburu gomendagarrian (Berde argia. Sentiberatasuna eta adimena landareen munduan).

Izan ere, gizakiak luze bizi izan dira zuhaitzek inguraturik. Horrexegatik, medikuntzak basoa sendagai izendatzea —hain zuzen, basoa urritzen ari den honetan—, arazoen sustraietara jo ordez, gizartearen porrot-tzat har daiteke. Basoaren medikuntzakoen logikari helduz gero, ondoko ondorio hau atera beharko genuke: lehengoek, gaurkook baino osasun hobea izango zuten, besterik sinetsarazi nahi zaigun arren. Batek badaki. Dena den, ez dago lehenaldira itzultzerik. Baina badago orainaldiaz gezurrik ez esatea, bai eta merkatuak sortzen dituen aurreiritziak sakon aztertzea ere.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.