Ibon Aranberri.
LAUHAZKA

Elur dependentzia

2015eko otsailaren 15a
00:00
Entzun
Hiri-bizitza eta nekazaritza arautzen dituen baldintza fisiko ezinbestekotzat baino gehiago bere ikusgarritasunean zaigu beharrezko elurra. Bereizgarri egiten duena ez da bakarrik bere eragina eguneroko errutinan, bai eta ere berekiko beharrizan sentsiblea. Elurra beti da ongi etorria gure begientzat.

Dakarren plazeraz edo sorrarazten digun asalduraz maite dugu elurra. Elurra merkantzia da. Oso erabilgarri zaizkigu bere metaforak: garbitasunaren ikur, berezkotasun aldagaitz, isolamendu irudi, babes-geruza, iragankortasuneko mendi. Bere gaitasunean du magia paisaiaren antz fisikoa, bat-batean zeharo aldarazteko. Mundua bestelakoa da elurtearen hondarrean, geografikoki etxetik batere mugitu gabe ere.

Hizketagai aspergarritzat genuen eguraldia, axaleko betelan. Egunerokotasunaren ardatz bihurtu den arte. Zer du ekaitz-fronteak txundigarri, urruti harrapatzen gaituenean ere? Albistegi eta informazio kateen audientziek gora egingo dute ezinbestean. Eta meteorologia erreportajeak aise gaindituko ditu arlo orokorreko atalak. Eguraldia behatzea, etengabeko multi-plataforma ehiza bilakatu da. Osoko esperientzia teknologikoa, bere horretan. Aspaldi samar, Weather Channel kateak aditzera eman zuen, onartzea ere zail zitzaiguna: bai, eguraldia ere entretenimendu soila da. Iragarpenari so, kirol erretransmisioa balitz bezala. Gure emozio eta atentzioa bereganatu ditu. Joera obsesiboak ederki ezagutzen dituzte komunikabideek —zeruan mugituz doan fronte eskerga, jendeak bidalitako irudi album amaigabeak—.

Kanpoan elurra ari duenean, jakina, telebistan ere ari du elurra, eta Interneten. Elurraren erasanak norberaren patua ukitzen ez duenean, besteen traza jarraitzeak antzera balio dezake. Sarean, afera bertsuen idatzizko eta ikus-entzunezko erreportajea aurkituko dugu. Behin eta berriro begiratuko diogu, esperientzia bera amaigabe erreplikatzeraino. Elurrari buruz hitz egiteko moduak —aditz pasiboak gehienbat— jakinarazten digu eguraldiarekiko inpotentzia eta botererik ezaren traza. Sukarra bezalaxe, zuk ere noizbait harrapatuko duzun zerbait da elurra.

Bizimodu modernoan, arrisku naturala ez dugu modu berean barneratua, baina garuneko portaera neuralak bere horretan dirau. Muturreko egoeren hurbiltasunak halako bizitasuna eman ohi digu, egunerokotasunetik nozitutako haustura. Babes eremutik eraikitzen da hizkuntza, barne-segurtasunetik, ordenagailu-pantailen frontean, ez dugu uste eta benetan kolpatuko gaituenik. Arrisku-teoria jakin baten arabera, gizakiak ez du eboluzionatu salbu sentitzeraino, jatorrizko esperientzian barneratuta ei dugu arriskuaren baldintza. Arriskua beti da hor, kanpamentu edota kobazuloan sartuta ere, leku arriskutsua da mundua. Asaldagarria bezain suspergarria da abentura kanpoan. Benetako kinkarik gabe asebete dugu barne-arrisku sena. Lehia modukoa pizten da, non joko gogorrago. Halako gorentasuna eskainiz koska handiagoa bota duenekoa eta. Lekuko erakundeak estatistika amaigabeak eskainiko dizkigu.

Joan da elurtea, orain belarrak hartu behar lituzke gure zelaiak. Atariak garbitu direnean, beste nonbait da elurra, eta agortzear denean, geronek pilatuko dugu geruza. Ilusioaren makinak sorraraziko du fronte hotzen ordezko gailua. Snowmaker izeneko makina erraldoia, mendi-muinoak elur artifizialez atontzeko erabiltzen da. Lainoen erauntsiak huts egin duen lekuetan, paisaiari egokitutako kirurgia. Elurra —edo haren ordezkoa— esprai bidez botatzen da, zotz luzeen muturreko balbula modukoen bidez. Kontu handiz koreografiatutako operazioak lurpeko ur-hodi sistema bat behar du, tarteka landatutako baratze zabal bat balitz bezala. Elur-baratze.

Maisuki landutako muinoak, han-hemenka aldaraziz doaz mendiaren bizkarra. Mendi paisaiaren itxuratzeak —hainbatetan natura gisa okerki hartua— artifizialtasun ezaugarri nabarmenak erakusten ditu, lerro zainduak eta koska zirrindatuak barne, pilaketa, moldaketa eta mantenuaren ondorio.

Elur guneetako arte eszeniko dramaturgia: nolabaiteko parke tematiko bilakatzen da negua, zehaztasunez koreografiatua, non gertatzen den ezaugarri espazialak bereziki balioko duten goitik behera lerroak jarraian botatzeko.

Ehunka elur ekoizpen-makina. Ordenagailu zentralak kontrolatzen du sistema osoa, teknikari-azti bakarraren eskuz maneiatua, artilezko txanoa darama jantzita. Berak bakarrik erabiltzen dakien ordenagailua da paisaia. Ezaugarri desberdinen arabera doitzen ditu esprai gailuak, egoki deritzon itxuraren arabera mendi-paisaia berria moldatuz kanpoaldean. 3D inprimatze teknikak zeru zabalera ekarriak.

Gainbegiratu azkarrean oporretako destinoa besterik ez dirudiena eskala naturaleko topaketa bat da, elurrean oinarrituz, 3 dimentsiotan inprimatzen zaiguna. Irudiaren eta paisaiaren artean ez dago desberdintasunik. Gauza bera dira figura eta fondoa. Arriskuaren koreografiak bat egingo du aisialdiarekin. Erreklamo turistikoa besterik ez da eguraldi iragarpena. Imajina dezagun une batez Thomas Mannen Mendi magikoa artifizialki sortutako 3Dn inprimatutako neguan, garaiera altuko mekanika surrealistan, naturaz gaindiko arrotzaldia. Gertakizun gabeko elurrak ez du informaziorik sortzen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.