Ibon Aranberri.
LAUHAZKA

Auraren itzaltzea

2015eko apirilaren 12a
00:00
Entzun
Defentsa analogikoa, etorkizunari begira iraganeko ondarea babesteko saio orokorrean bezala, galera tragikoz eta mirarizko errekuperazioz jositako soka luzea da. Ezagunak dira pasadizoak: isilean suntsitutako artxiboak, maisulan galduak eta armairu zaharrean handik urte askora aurkituak. Galera kontaezinen artean hainbat salbazio, denborak eta entropiak gidatutako beste edozein arlotan bezala.

Itzaltze analogikoa azkartu ahala, aferaren osagai eta eztabaidak konplikatuz doaz, ulertzeko gero eta zailagoa den eran. Teknologia digitalak galerarik gabeko betierekotasuna eskaintzen du, baina prezio altuan, eta katastrofe arrisku handiagoz. Eta teknologia bateratzen ez den bitartean, 1894ko pelikula zaharrak iraupen ziurragoa du, 2015eko eite digitalak baino.

Aferak badu mamirik, eta ondare historikoaren heriotzazko lamentu bilaka daiteke erraz. Artxibozale digital berriak «nostalgia eta mitopoetikatzat» joko du eztabaida; beste aldeak, ordea, euskarri analogikoaren «giza ukitua» defendatuko du. Nola ez, bi aldeek dute arrazoi: film fotokimikoak digitalak baino aurkezpen ederragoa du, eta hor jarraitzen du, era zaharkituan moduz lan egiteko aukera eskaintzen duelako oraindik. Kontraesan ugari dakartza teknologiarekiko hain menpeko arte formak iraunarazi eta errepresentatzeak.

Pelikula berrien bobinarik ez da jada iristen zinema aretoetara. Ekoizpenaren estreinaldiko ekitaldi berezian proiektatuko da soilik, glamour artifizioaren parte, eta digitalki gordeko da handik aurrera. Negatibo fotokimikoaren zurruntasunaren ondoan abantailak ditu bertsio digitalak, behin eta berriz uki eta edita daiteke, ez du jatorrizkorik eta kopiarik, parekoak dira bata zein bestea. Bat eta zero sekuentzia informazio soila du artxibo, eta horrela eutsiko dio denboran. Emaitza analogikoaren defentsan arrazoi estetikoak dira nagusi.

Inbertsiorako kapitala eta pizgarri finantzarioa duten konpainia nagusiei dagokie iraunkortasun sistemak bultzatzeko ahalmena, formatu eta banaketa ildo aurrerakoiak garatu ahala. Prest daude digitalizaziorako, distribuzioa bereganatzen duten heinean. Distribuzioa da negozio berria; izan ere, luzerako iraunkortasun plangintzak amaigabeko inbertsio zama dakar. Baina gastu erantsiaz harago doa iraunkortasun digital eta analogikoaren arteko buruhaustea: gordetze digitalean, gorde beharrekoa ez da berez medioa. Negatiboa, aldiz, bakarra eta ordezkagaitza da. Ekoizpen digitalean, bistakoak dira zaharkituta geratzeko arriskuak. Artxiboa iraunarazteak lantzean behin data migrazioan inbertitu beharra dakar. Formatu berrira egokitu beharko da, irakurgailuen zaharkitzea saihesteko. Denbora eta dirua eskatzen du; probetxuzkoa da konpainia handientzat, baldin eta beren biltegietatik etekinak sortzeko gai badira.

Kultur ondarea hainbat urtean behin berritu beharreko derrigorrezko sistemara derrigortzeak katastrofikoa dirudi, ezinbestean galbidera kondenatua hein batean. Izan ere, kopia digitalak izango dira kopia bakarrak laster, denbora epe motzeko mugak ezarriz. Jatorrizko lana galduko balitz, ez legoke zer eginik. Horrenbestez, agortu da armairu zaharreko erlikien esperantza; izatekotan disko gogorrak aurkituko ditugu zabor artean, erabilgaitz.

Gutxienez beste ehun urte bizirik iraungo duen formatu digitalik ez du oraindik adostu industriak. Helburu eskuragarria behar luke, eta hala zirudien orain dela urte gutxi. Obsoleszentzia programatuaren mamuari aurre egin beharko dio teknologiak, konputagailu industrialen edozein gailurekin gertatzen den bezala. Era berean, negozio bidea da data migrazioa, eta konpainia nagusi berak dira balio erantsi horren gose. Halabeharrez, litekeena da betirako artxibo digital formatura iristea noizbait, guztion onerako teknologiarekin bat, baina epe laburrean ez da halakorik aurreikusten, bestelako interesak nagusitu direnetik.

Eztabaidak baditu hainbat ertz, kontakizunerako interesgarriago. Aro analogikoko film gordetzeen historiak istorio dira bere horretan: galdutako ekoizpenak, handik urte askora agertuak, Tutankhamonen maskara balira bezala. Denboran, mekanikoki ekoiztutako arteak aura bereganatuko du, bakarra den heinean erreprodukzio analogikoa. Kopia digitalak, ordea, originalarekiko bera denez, ez du izango halako «kalitaterik». Edozelako ondare historikoaz ari garelarik funtsezko osagaia da aura oraindik, aztarna historikoen erakarpen amu nagusia.

Pelikula eta narrazioa bat izango dira aurrerantzean; fisikotasunik ezean euskarriak berak ez du istorio ahalmenik bereganatuko. Eremu digitalak ez du aurarik. Salbu izatekotan artxibozale retro-en eskutan izango da salbu: mahaigain digitaleko monjeak, zintak euskarrietara iragaten dituzten saguak, zorroztasunez itzuliz data zaharra media berrira, abantaila hartuz historiari, eta bestelako mitoak eraikiz.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.