Itxaro Borda
LAHUAZKA

Frintz ikarak

2016ko urtarrilaren 10a
00:00
Entzun
Euria ari du. Etengabe. Panterak jauzi egin zuen geltokiaren gainetik. Soak abere antropomorfikoarengana luzatu ziren, miresmeneko oihuen harramantzak oihartzun. Gizonetan ausartenak pistola armatu eta lau bala tiratu zituen airera. Oldeak ez ziren fida. Elurteak iragartzen zituzten anartean eta jakintzaren zidor malkarretan barna behaztopatzen ziren zuhurretik gutxi zuketen bizidun zomorroak. Izurrite uhina hurbiltzen ari zen. Kafkak Darth Vaderren konpainia bilatzen zuen gazteluaren har-mailetan jarririk. Labaina zen malenkoniaren horma eta trenaren zaratak ez zuen giroa sosegatu.

Gor mutuek letrak ezabatzen zitzaizkien liburu apokaliptikoak hostokatzen zituzten arrats apaletan. Dendara ernatzen ziren saldoan Paola Letalbergen Joy Stick azken nobela eskatzeko Anselm Kieferren berunezko hizkiz moldatua zelako. Ahotik ahora aipatzen zen lau ehun eta hirurogeita zazpi plametan bihotza iradokitzen zaion planetaren bilakaera bihikatzen du ironia eta samurtasun anker artean. Nortasun finkorik ez daukan pertsonaiak negar perlen buztinetan pausatzen ditu nabaritzen zaizkion tristura eta ezintasuna: debalde izan ote dira mende eta hamarkada astunetako langintzak ? Aberea bezala, munduaz desjabetua balitz? Urakanak itoko duen itsas mineko uharte mehatxatu bat? Galderak, gure partez, lerrokatzen ditu idazleak.

Egia da gerra elkorrak erretzen duela lurra. Zozo hutsa izan behar da bakeaz eta biolentzia ezaz amets egiteko. Besterik ez du berresten Paola Letalberg handiak plazaratu duen obra distiratsuan. Panterak, lehoiak, tigreak eta bularralde oparoko emakume larderiatsuak sartzen ditu Dow Jones puntuak kalkulatzen diren burtsetako zirkuluetan eta ondorioa sinetsi ezina da: jendeak uste du abereak baino gehiago dela baina ez da aparantziarik ere hala. Alderantziz. Atsegin sadikoaz gozatzea xerkatzen du orroaz eta atzamarka. Bere gabeziek eragin zepoetara erortzen da, aurrean duen lehen untxi inuzentearen antzera. Soilik Aliziak daki izaera salbatuaren giltza Urtsua jauretxea zaintzen duen zakur beldurgarriaren haginen tartean dagoela.

Paola Letalbergen Joy Stick eleberri mardula ez da euskarara itzulia. Menturaz ez da nehoiz itzuliko, zehaztea zaila den hizkuntza batean idatzia delako. Betirako ez aski eta egundainokoan sobera datoz desagertzear diren mintzaira zimel hauek. Ele-aniztasuna bekatua denez, barkagaitza, mespretxurik larriena merezi dute. Letalbergek gaur Babel dorrea eraikitzea xede du, urratsez urrats, behialako elkortasunaren kakofonia amniotikoa sustatzearren. Musika bakarreko sintoniaz aspertua da Bozateko kultur parke zabalean zutik, Xabier Santxotenak zizelaz irudikaturiko Oprimido inconsciente deituriko obra konkorra.

Zainak jabaltzeko Star Wars-en zazpigarren atalaren ikusten izan nintzen. Hiria zeharkatu nuen oinez. Aizinantetarik nintzen, famaz. Abiadura subliminikoak, 3 D-ko tramankuluak, R2-D2, BB-8 eta C-3PO droida estoikoak, aspaldiko heroia ezagun bezain jada zahartuak, Pascal filosofoa bera izuz taratailatuko luketen muga gabeko espazio hutsen sakonak gustatu zitzaizkidan pantaila betean. Jendearen imajinazio ahalmenaren hedadurak harriturik utzi ninduen brika eta brokaz osatu hainbeste hegazkin, bizidun, robot eta pizti zartatzen, gaiztotzen, baketzen, hantzen eta hertzen jarraitzearekin: zoratzekoa bazen… Semeak aita hil zuen eta Han Soloren dolua eramatea erabaki nuen, mantalet eta kapetan…

Chewbacca txinpantzea bezain etsia nintzen alabaina etxeratzean. Angeluko Begiz Begi post-trad-rock taldearen Joan Ihes Egin Baino Lehen diskoa jarri nuen eta Paola Letalbergen liburua ireki madarikatzeen kapituluan: musikaren beltza ederki ezkontzen zen idazlearen kalipu zakarrarekin, ez zen horretan geldituko, inperfekzioa akuilu gisa altxatuz aitzina joko zuen indarraren malda ilunenetik baldin bazen ere: behatz makurrak bilduko direnean zu eta ni bakun lehergarrian, lurraren erraiak zitalduko dira eta Basajaun transformista, odol freskoz gose, agertuko zaizu Aritzakunerako xendraren erdian…

Irlandan dago Luke Skywalker, zorionez.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.