Ibon Aranberri.

Beltz-beltza

2016ko martxoaren 20a
00:00
Entzun
Jakin dugunez kolore beltzaren jabetza bereganatu du gaur egungo artista ezagun batek. Ez omen da ordea edonolako beltza; beltzetan beltzena da, beltzaren beltza. Munduan den geruzarik ilunena, gauzarik beltzena. Argiaren erradiazoa ia erabat xurgatzen du nonbait, zimurrik gabeko hondo iluna sortzen du, zulo beltzaren pare. Sateliteak unibertsoaren linboan erabat disimulatzeko garatu da baliabidea, kaltegarri zaizkien argi distira guztiak ekiditeko. Sarri gertatzen denez, industriazko funtziorako asmatutako teknikak, helburu estetikoen bitarteko soil gisa baliatzen ditu artistak. Izan ere, beltz berria ez ei da berez izatez kolorea, ez eta ere materia, teknologia prozesu soil bat baizik.

Aspalditik dator beltza eta iluntasunarekiko lilura. Beltza eta beltzaren semantika tentagarria. Pintore barrokoak bezala, ugari dira historian zehar benetako iluntasunaren bila obsesionatu diren artistak. Koloreak eta obsesioak izan daitezke gaixotasun iturri, artista beraientzat batez ere. Eta kolorea osatzeko erabilitako osagaiak izan daitezke urrea bezain garesti, edo arsenikoa bezain hilgarri.

Kazimir Malevich pintoreak 1915ean prozesu artistikoaren mugara iristean zeharkatu zuen beltzaren eremua. Beltza zuriaren gainean, beltza beltzaren gainean. Koadro beltza sormenezko lorpen suprematistaren ikur bilakatu zen. Abangoardia proposamenean artistikoki erdietsitako lorpena, trantsakzio ekonomiko bitartez konpondu da gaur egun. Zientziari dagokio berrikuntza, lorpenaren eskuratzea kotratuzko eragiketaz gauzatuko du artearen sistemak.

Beltza litzateke, era berean, gaur egungo artistaren jenio asaldakorra islatzen duen kolorea, baina ez edozein beltz. Beltzaren beltza, beltzik beltzena. Argirik eza, ilunpearen irudia. Beltz berriak, orain arteko beltzaren amaiera dakar, ezinbestean.

Teknologia aurrerakoia garatu duen konpainiak adierazi du artearen eremuan egile bakar horrek duela soilik kolore hori erabiltzeko legezko ahamena aurrerantzean. Bera dela eskubideen jabe eta ez beste inor. Artista bakarrak beltz-beltzaren jabetza esklusiboa bereganatzeak amorrua eragin du artisten komunitatean. Behin lilura hori teknikoki konponduta egile bakarraren esku uztea antidemokratikoa dela salatu dute. Gainontzeko artistei kolorearen erabilera ukatzeak eragin du ezinegona, ez dela onargarria material berriaren monopolizazioa, erabilera estetikoak librea eta eskuragarria behar lukeela. Aldarrikapenezko artista anonimoak, bere burua pintore nortasunetik defendatzen duenak, gatazka pertsonaleko eremu natural gisa hartuko du kolorearen defentsa, babestu beharreko ondarea bailitz bezala. Geruza ilunaren erabileraren dirutzaz ordaintzeko gai bailitzan, egungo merkatuaren espekulazioan.

Konpainiaren marketing trikimailua izan daiteke, kolorea euskarritzat duen gaur egungo artista batekin elkartzea. Ezohiko gertakizun kultural gisa agerpen mediatikoa erdiesteko bide bihurria, alegia. Propagandazko politikak eta produktuaren oharkabeko balio erantsia. Teknologia berria eta egilearen subjektibitatea batera, publizitate modu zorrotz eta doakabean. Neurtutako eragiketa, esperimentu neoliberala. Benetazko erabilera ote duen helburua, edota bere buruaren gorazarre soil.

Azken batean beltza ez da kolore materiala, prozedura edo teknologia modu bat baizik. Kolorerik eza, eta hortaz, argitasunik eza. Material ezaren pertzepzio muturrekoa, ikusten duguna eta irudikatzen dugunaren tartea berdintzen du lorpen kromatikoak, begirada nahastu eta burua zorabiatzeraino. Zer ederragorik kolorerik gabeko kolorea baino, kromatismo itsua. Beltza ez delako kolorea, ezereza baizik, kolorerik eza, hutsunea, zuloa. Beltzak argia xurgatzen du, iluntasunik sakonena sorraraziz. Hotzikara eragiten duen beltzune fikziozkoa. Black is beltza, beltz berria, beltz zuria. Beltzaren magia, magia beltza. Sakontasun amaigabea.

Geruzaren nanoegitura hain ñimiñoa izanik, gorputzik ez du ia berriak. Ikusten ez den zera fisikoa, lehen ukigarria zen gauza, metafisiko bilakatua da. Beltza bera da beltzaren errepresentazio. Bat ditu figura eta fondoa. Bere ingurunea deskribatuz eraiki ohi zen hutsaren ideian, hustutako hutsaren adierazpen grafikoa. Horrelako eraikuntzaren beharrik ez da izango aurrerantzean. Eskulturazko tekniken ahalmena gaindituz zuzenean pintatu egingo du artistak hutsaren deskribapena aurrerantzean. Teknikaren jabe denak du ahalmena.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.