Maite Larburu.
LAUHAZKA

Joni Mitchell (II)

2017ko otsailaren 19a
00:00
Entzun
Trenean. Urtarrileko Lauhazkakoa idazten ari nintzela, Hendaia-Paris zen traiektua; gaurkoan, Amsterdam-Nijmegen. Dozena bat holandarrek inguratzen naute, baina, berriro ere, Jian Gomeshik Joni Mitchelli egindako elkarrizketa eta zu zarete nire bidaia lagun.

Eta elurra.

Parisera bidean, txori bat zebilen leihoaren bestaldeko zeruan. Txori papera ondo bazetorkion, gaur are sinesgarriagoa iruditzen zait haren hegaldia, maluta bihurturik. Harriak bezala erortzen ziren izozturiko txoriak Virginia Woolfek Orlando-n deskribatzen duen elurte hartan. Harri, izotz, ur, elur eta txoriarena egiten ere badaki txoriak.

Edota horiek denak dira txori izaten dakitenak.

Ala?

Akaso ez dakite; ez dira.

Begiratzen duenak egiten ditu direna.

Mitchellek dio, «ni naizen guztia ez naiz ni. Jariakorra naiz». Gomeshik askoren irudimenean hippyen jainkosa dela esaten dionean, «ni ez naiz hippya», dio Jonik. hippyen balio gehienak nahiko tuntunak iruditzen zitzaizkiola gaineratzen du: «1950eko hamarkadako debeku eta balio sozial zorrotzen ondorengoak ginen, eta norbaitekin oheratzea ez zen gauza erraza. Mutilek maitasun librearen kontzeptua asmatu zuten, neska gehiago ohe lagun eduki ahal izateko. Eta oso hippy izan ziren gehienek haien gurasoak baino diruzaleago izaten amaitu zuten hippysmoarenak egin zuenean».

Elkarrizketatzaileak orduan: «Zure pertsonaren inguruan gertatu den gaizki-ulerturik handiena zein izan da?».

Mitchellek: «Hainbesterekin konparatu naute... Jendeak berak izan nahi duena proiektatzen du zugan».

Jonik esaten du, kantuan, entzule askok Joni Mitchell ikusten dutela. Baina hori ez dela kontua. Zuzendari, idazle, ipuin kontalari, aktore eta kantari lanak Joni Mitchellek egiten baditu ere, Joni Mitchell pertsona ez dela kantuan agertzen dena. «Entzuleak bere burua aurkitu behar du kantuetan, eta, hala gertatzen denean, komunikazioa erabatekoa da. Orduan, igorleak eta entzuleak konektatu egiten dute».

Eta zein originala den Joni Mitchell; originala izateko beharra omen du gainera! «Ez naiz artalde animalia bat, kanpotik ikusten dut nik artaldea. Beti gaixorik egon izan naiz, ospitaleetatik sartu eta irten; plantak egiten aritzeko denborarik ez dut».

Joniren musika-estilo paregabea bide askotan zehar ibili dela esan liteke; lehendabiziko diskoa semi klasikoa da; Schubert. Ondoren, Crosby, Stills, Nash & Youngen inguruan ibili zela-eta, beste Mitchell bat ageri da. Mingus izeneko diskoan, Mingusekin eginiko kolaborazioaren ondorio, jazzerantz egin zuen. Baina betikoa: rockeroek eta folkeroek Mitchell baztertu egin zuten, jazzeroek ez zuten serio hartu... Joniren hitzetan: «Artista onenek, ordea, bai; haiek eman zieten balioa hartu nituen arriskuei. Zergatik izan behar duzu katolikoa ala baptista? Nik ezin dut! Tradizioa bera kopiatzetik bizirauten duen zerbait da. Eta askok maite dute hori; ondo dago, gainera, norberak bere beharrak ditu. Ni ez naiz inorena, askatasunaren maitale handia naiz... batzuetan horrek bakardadera eramaten nauen arren».

21 urterekin idatzi zuen Joni Mitchellek Both sides now (Bi aldeak orain) kantua.

«Bi aldetatik begiratu diet lainoei orain; goitik eta behetik. Hala ere, laino ilusioak besterik ez zaizkit geratzen oroitzapenean.

Lainoak zer diren ez dakit.

Bi aldetatik begiratu diot maitasunari orain; eman eta hartzetik. Hala ere, maitasun ilusioak besterik ez zaizkit geratzen oroitzapenean. Maitasuna zer den ez dakit.

Bi aldetatik begiratu diot bizitzari orain; irabazi eta galtzetik. Hala ere, bizi ilusioak besterik ez zaizkit geratzen oroitzapenean.

Bizitza zer demontre den ez dakit».

Aingeru eder ilehori esperientzia bako batek halakorik botatzeak barregura sortu zuela dio.

Bi bertsioetatik bakarra ezagutzen duenak, ez du inporta bitatik zein, aho zabalik entzungo du bestea. Ez bakarrik batak gitarra eta ahots soila dituelako, eta besteak orkestra sinfonikoa atzean duelako, baizik eta kantu biren artean 30 urte eta laudun bitarteko bateko aldea dagoelako. Joniren ahots gazte distiratsua, mangoa, tukana, tximista tropikala zena, artile, larru, kafe lurrun, burdina gori koloreko ahots heldu bilakatu delako. Ederretik ederrera.

Berriro ere gaixorik zaudela irakurri dut, Joni. Aspaldian ez duzula hitzik egin, harrapatu zaituen gaitzaren ondorioz. 2015ean David Crosbyk esan zuenak itxaropena eman dit: «Joni oso neska indartsua da, eta osatuko dela badakit. Asko maite dut».

Lainoak, maitasuna, bizitza zer demontre den bageneki bezala bizi gara. Eta are eta okerragoa dena: inor baino bizkorragoak garen plantak egiten ditugun Super Pertsonen mundu hutsala sortu dugu.

Mila esker,­ bihotz-bihotzez, Joni Mitchell, ez jakiteagatik!
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.