Elena Martinez Rubio.
LAUHAZKA

Nazismoaren hutsaltzea

2017ko apirilaren 30a
00:00
Entzun
Nazismoak, urruti-urrutiko fenomeno edo gertakari historiko hustzat hartuta, makina bat lan ekoizteko bidea eman dio film-industriari; bai eta berezko genero bat sortzeko ere, Ipar Ameriketako jatorrizko bizilagunen azpiratzeak western—generoari bidea eman zioten bezalaxe.

Bai, aspaldi hasi ginen gas ganberei esker gure aisialdia kontsumitzen eta nazien ibilirez gozatzen. Denbora-pasa bikaina!

Zergatik ez da, ordea, Hiroshima eta Nagasakiko bonba eta berauek eragindako oinazeari buruzko halako film-sortarik sortu Hollywooden? —egin zuen galdera ia-ia erretorikoa Ignasi Franch kazetariak De guerras necesarias y olvidos convenientes («Beharrezko gerra eta ahanztura onuragarriez») Diagonal egunkariko bere artikuluan; hain zuzen, bonbardaketa atomikoen 70. urteurrenaren harira.

Nazismo garaian girotutako-edo film piloa gogora ekarririk, iruditzen zaigu honezkero edonor izan beharko litzatekeela gauza nazismoa ahalbidetu zuen testuinguru politikoa ulertzeko, neurri batean bederen.

Baina ez: zinemagintzak —salbuespenak salbuespen—, ez du asko lagundu gaiaren ezagutza sakona jendartean zabaltzen. Etiketadun laukitxoetan sartu du historia, osagai horiak sustatuz eta alderdi xelebreenak nabarmenduz, gainera. Batetik, beren genetikak baldintzatutako nazi ankerrak erabili ditu; bestetik, askatasunaren aldeko aliatu bakezale petoak. Ongia eta Gaizkiaren arteko borroka erdi biblikoa.

Ikuspegi mamurtu bat jasotzera ohitu gaitu generoak, gure urdail gainelikatuek lan egin beharrik izan ez dezaten. Ikusleok, beraz, filmari aurrea hartu eta aise iragar ditzakegu datozen eszenak, sofak eskaintzen digun konfort epela utzi gabe. Eta lasai-lasai egoten gara orduko krimenei begira.

Batzuetan, aldiz, kontu beraren iruntzia irteten zaigu bidera; alegia, filmen batek ustekabean ateraldi bat —épatant bezain burugabea berau—, eskaintzen digu. Hala eta guztiz, ezusteko horiek antzuak izaten dira ere, txundidurak jotako ikusleak ezin dituelako bere egin.

Nazien gaineko zinemagintzak ez du, hortaz, ekarpen handirik egin faxismoaren menderatze-moldeak aztertu eta gure orainalditik bazter ditzagun; faxismoa ez baitzen gerra hartan betiko irten galtzaile.

Izan ere, harritzekoa da nola egungo Europan edozein gauzari deitzen zaion «demokrazia». Alabaina, ez da gelditzen jakituriaren eramaile eta gizarte-harremanen antolatzaile den demos edo herririk; are gutxiago, herriaren kratein edo aginterik. Itxura bigunagoko gobernatzeko sistemetan, berriz, herriaren ordez, goitik behera diseinatutako «hiritarrak» ageri dira mendebaldean, zergak ordaindu eta hauteskundeetan bozkatzen duen abururik gabeko populazio geldoa izendatzeko.

Bada, jendea kalean elkarrizketatzeko telebista-kateen zaletasunak bete du iritzi publikoaren lekua azken boladan. Oinezkoari minutu erdi bat ematen zaio hontaz eta hartaz zer uste duen azaltzeko eta, bide batez, kamara aurrean bere buru-estimua indartzeko star txiki gisa; erantzuna zentsuratzeko aukerarekin, badaezpada. Iruzur barregarria.

Ezin uka: gaurko zenbait arazok eta sasi irtenbidek nazismoa jaio zen sasoikoaren kutsua dute. Politikarien jokabide zatar zaharra aski ezaguna da: nori eta kanpoko etsairen bati —beste herrialdeak, etorkinak, errefuxiatuak...—, oker dagoen guztiaren errua egoztea. Botoemaileak, bitartean, atzera eta aurrera ibiltzen dira, pendulu bat legez, ontziaren gobernatzea lardaskarien esku uzteko prest.

Theodor Adorno filosofoak —artearen bidezko estilizatze edo edertze estetikoaren beldur betiere—, hamaika eztabaida piztu zuen Auschwitz eta gero poemak idazteari «barbaro» iritzi zionean Kultur kritika eta gizartea idazlanean. Ezetz ikusi da gero. Nazismoa kontsumo-gai bilakatzea, ostera, benetan da larria eta barbaroa. Jakina, helburua ez da umorea eragotzi eta inori alferrik negar eginaraztea, arinkeriarik gabe jardutea baizik.

Nazismoaren hutsaltzeak ez ote du zerikusirik chulachaqui delakoaren izaerarekin? El abrazo de la serpiente/L'étreinte du Serpent 2015eko filmak ederto erakusten digunez, chulachaqui gizaki barne-hutsa da, oroimenik gabeko oskol iharra, ezerk hunkitzen ez duen azala, mamu aldarraia, norbaiten kopia. Nahiago genuke europar gehiengoaren egoeraz mintzatzeko Amazonasko hizkuntzetatik aipatu hitza mailegatu beharko ez bagenu aurrerantzean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.