Maite Larburu.
LAUHAZKA

Sardina latak hegan

2017ko maiatzaren 14a
00:00
Entzun
Polonieraz oso ozen hizketan ari den emakume bat dut ondoan; haren erretolika entzuten ari diren bi agureen belarri odoltsuak garrasiengandik hamar zentimetrotara daude, eta joandako ordu erdian, ez dute zirkinik ere egin. Nik uste drogatuta daudela... nola jasan horrelakorik bestela? Benetakoak al dira? Edota Telmo Esnal jenialaren Amona putz film laburreko Kontxu Odriozola bezalaxe, puzgarriak ote dira bi horiek?

Ahots gogaikarri horri megafonoaren marrantak hamar segundotik behin botatzen duena gehitu behar zaio.

Infernuko zuloa?

Ez, aireportuan nago; non bestela...

Erretxinaren puxika puztuz doa nire sabelean; aldameneko sardinera-ri «ixooooo!» esateko zorian nago. Bi gazte etorri zaizkit jada inkesta bat erantzungo al diedan galdezka. Bati erantzun egin diot, baina besteari basapiztia aurpegiarekin «zaunk zaunk zauuunk!» egin diot zaunka. Zer demontre gertatzen da gaur?

Errealitate honetatik ihes egin nahi dut!

Bidaiarion mundu ideal bat irudikatzea erabaki dut. Fantasia da behar dudana!

Isiltasuna eta lasaitasuna leudekeen aireportuarekin hasi naiz ametsetan —errespetua esatera nindoan, baina hori utopikoegia ez ote da?—.

Ia malkoak sortu zaizkit begi bietan... aireportua oasiaren antzerako zerbait balitz...

Otu zait, artikulu erresumindu hau irakurtzen ari den biktima errugabea bazara, agian karitatea lantzeko parada eskain niezazukeela: zure karma hobetzeko aukera paregabea. Eroskiren travelak ahuntzaren gauerdiko eztula honen ondoan: izan zaitez karma on gehien metatu duen bidaiaria!

(Eneeeeee! Badator hirugarren gaztea inkestarekin!!!).

Hona hemen zu eta zure bidaiari hurkoa zoriontsu egiteko gida:

Garaiz joan beti aireportura, eta gerrikoak —berunezko kastitatekoak barne—, armak, eta batez ere presa, etxean utzi. Kantinplora ez bete; ezta sagardoz ere. Hustu egingo dizute segurtasuna zeharkatzerakoan. Patata tortilla egin baduzu, itxitura hermetikoa duen tuper batean sartu. Olio eta arrautza saldak tableta honda ez diezazun, batik bat. Patxaranez bete duzun petaka hutsarazi egin badizute, gorde poltsan berriro ere, eta urez bete aireportuko komunean. Ez utzi segurata-ri botila lapurtzen —ezta hamar segundo baino denbora luzeagoz manoseatzen ere—! Urak hiru eurotik gora balio lezake aireportu internazionaletan. Tuperrik hartu ez baduzu, berriz, izan adore: ordezko hortzei ondo eutsi, eta eman haginkada aireportuko bokata gomoso zapore bakoari! Sandwich-ik ezean, patata frijitu eta doneteak ere eros ditzakezu; bat edo bestea dela ere, tripako minak eta pentsamendu suizidak amaitzeko %87ko probabilitatea dago. Beraz, jatekoa zerbeza batekin edota vodka txupito batekin laguntzea ez da batere ideia txarra izaten. Batez ere, lan kontuengatik bidaiatzera bazoaz; oporretan dabiltzanen euforiak zugan ahalik eta eragin txikiena izatea da helburua. Turismoa egitera zoazen bidaiaria bazara, mesedez, hartu kontuan lan bidaian dabiltzan gizagaixoak ere existitzen direla: mesedez, ez hitz egin hain ozen, sakelakoa isilean jarri, ez utzi zure kaskoetako musika zure belarriaren eremutik kanpo irteten —zure entzumenaren hobe beharrez ere esaten dut hori—, koma etilikoa ez tentatu abioi barruan, ez egin txalo hegazkinak lur hartzen duenean, sardina bat eta bi sardina ez kantatu, faborez, jainkoarren, isildu noizbehinka!

Nahiz eta zure ama hizkuntza euskara izan eta munduan lau katuk hitz egin hizkuntza hori, jakin ezazu Reykjaviken ere egon litekeela diozuna ulertzen duenik... kontuz!

Aireportuan, eta barka itxaropen guztiak haustearren, hemen ez bada gero han itxaron beharko duzu.

Hegazkinera sartzeko ilaran inor baino lehenago zutik jartzeagatik eta aurrean duzun bidaiariaren bizkarrean itsatsiriko akaina izateagatik ez dizkizute kakahueteak oparituko... elbarri, agure, itsu eta haurrei pasabidea errazteagatik ere ez, baina benetan bihotzez eskertuko dizutela edonolako laguntza.

Hau irakurtzen ari den zuetako norbait azafata bada, mesedez, jakin ezazu musika tresnekin kabinan bidaiatzea ezinbesteko zaigula musikarioi, gure lana bete nahi badugu; maletekin batera check in-ean sartzen dituzten kontrabaxuak helmugara hautsita iristen nahi baino gehiagotan ikusi dut.

Azafata ez bazara ere, fabore bat: kontuz konpartimentuan dagoen biolinarekin; 300 urte iraunbizi izanak ez du esan nahi burdinazkoa denik.

Maleta txekeatzeagatik dirua kobratzen hasi zirenetik, kabinak gainezka joan ohi dira, musika tresna derrigorrean bertan eraman behar dugunon kalterako.

Horren errudun hegaldi konpainiak dira, bai; Vuelingeko burua hau irakurtzen aritzeak harrituko ninduke... baina hari ere mezua: musika gustatzen bazaizu, izan musikariokiko errukia.

Amen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.