Ibon Aranberri.
LAUHAZKA

Etorkizun eroriak

2017ko ekainaren 4a
00:00
Entzun
Etorkizuna indargabetzen ari omen gara, edo, behinik behin, noizbait imajinatu genuen etorkizun hura. Abiadura arras desberdinez da zeharkatua bizitza gaur egun, une eta leku ugaritan tolesten dira etorkizunaren ertzak. Hala du esana Willian Gibson zientzia fikzio idazleak: «Etorkizuna hemen da jada, berdinki banatua izan ez bada ere oraindik», hainbestetan gogora ekarri den eran, esan nahi duen horri esanahia eta grazia makaltzeraino. Izan ere, iragarpena bera ere dagoeneko agortua delako gure errezeloak adieraziko luke etorkizunaren errealizazio jarioak hormatu egin ditugula, eta, ez atzera ez aurrera, ez dakigula ondo nondik berregin.

Etorkizuneko teknologia eta aplikazio aurrerapenak nolakoak izango diren sarri irakurtzen dugu, baina etorkizuneko bizitza eta gizarte antolaketa positiboki imajinatzen etsi egin dugu, arindu egin da zientzia fikzioaren gaitasuna. Etorkizuna aurreikustea bizibide duten profesionalek irudikapen desberdineko ulermen plurala garatu dute bitartean, egutegiaren erritmoaz gaindi neurtuz denboraren mugida. Hein batean, munduaren koloka aitortzeko ekintza da etorkizunaren prospektiba, denboraren izaera fisiko finkorik ez dela aspalditik egiaztatuz. Agian, kinka larriaren funtsa onartu ezina da gure gaitza, denboraren mugek ihes egiten diguten heinean.

Estualdian bizi garela eta, ezariazko baldintza hau barneratzeko erantzuna izan daiteke geldotasun jarrera edo gotorleku berria, ekintza erradikal bihurtuz baikortasunaren ordezkorik eza. Moteltzera egin dugu, txikia estimatzera, hauskorraren edo hautsiaren alde, eta gauzei iraunkortasuna edota indarra ematen dieten ezaugarriak alboratu ditugu. Teknologiaren ahalmen utopikoak ustez salbatuko gintuelako ilusioak porrot egin du, abiadura, hazkundea edota aurrerapen ideien gaizki-ulertuak eragin dizkigute, oinez ikasi aurretik korrika saiatzen aritu izan bagina bezala.

Etxe adimentsua dugu adibidez aukeran, baina bizimodua eraginkorrago egiten duten baliabideak asmatzen ditugunean, ekar ditzaketen atarramentu berriak gutxiesten ditugu. Hozkailua entxufatzen genuenean ez zitzaigun bururatzen hozkailuak berak kateatu gintzakeenik, gorputzez zein arimaz. Etxean instalatu ditugun gailu konektatuak kutxa beltzak dira, gure ohituren informazioa metatuz doaz, sartu-irtenean, ez ordea gure zerbitzura jarriko diren emaitzen prozesuan. Sistema ilun eta hertsia sortzen dute, gure kontrolaz gaindi. Ez omen da gauzen Internet delakorik, beste ordenagailu batekin konektatutako ordenagailuak besterik ez, gure etxean. Etorkizun honetan, gure ahuldadeak, gure akats gizatiarrak, ez dira kontuan hartuak, bizioaren mekanika aurreikusteko gure ahalmena eten egin da: gauerdiko dosi gozoa hartzen ez dizu lagako sukalde automatizatuak, ordurako gainditua izango dugulako egun horretako kaloria kopurua. «Ez da une egokia mokorako, saia zaitez bihar».Ez dakigu zeinek jasotzen dituen hozkailuaren atea ireki eta itxi ahala bildutako estatistikak.

Merkatu harreman azkarrera garamatza abian startup kulturak, kontsumo bizira; «ez kezkatu ondorioez, geuk konponduko ditugu eta aurrerago». Ez dugu tarterik eseri eta aurrerapen teknologikoek eragindako balizko arazoak tratatzeko. Ez da astirik etorkizuna aztertzeko.

Arte modernoak izan du etorkizuna irudikatzeko ahalmenik, baina gaur eguneko arteak oraina errepresentatzen du, asko jota. Joera, mugimendu modernoaren berrikusketa saiakeran tinkotu da, atzera begira. Eremu teknologikoek erabateko ezagutza baldintzarantz salto egiten duten bitartean, algoritmoa bihurtu da osagai nagusi gure eguneroko bizitzan; Interneten une oro gomendatzen zaizkigun gauzetatik hasi eta finantza merkatuen gorabeheretaraino. Bizkorrak dira nonahiko kode eragiketak, gupidagabeak eta ikusezinak, horien ondorengo azioak agertzen zaizkigun arte.

Prozesuok zapuztu daitezke,ez frenoa jartzeko, ikusarazteko baizik sistemok eratzen gaituztela, gure portaerak moldatzen dituztela, eta, azken batean, gure kultura ere bai. Ez dago eta esaterik, noizbait bezala, artearen subjektibotasunak ahalbideratuko ligukeenik emantzipazio aukera, berez iluna eta erabat abstraktua den aparatuaren barrutik.

«Mundu honenak laster egingo du», errepikatu ohi dugu. Mitologia berriak sortuz doaz horrela, errealitate ezezagunak iragarriz, ordezkatze agorrezinean. Erabat ulertuko ez ditugun sistema-mamu hauek berezko bidea har dezakete, mundua leku zitalagoa bihurtuz bat-batean, sistema berauek sortu ditugun gizakiontzat.

Kultura eta komunikazioak algoritmo bidez arrozten direnean, pitzadurak ere agerian geratzen dira, baldin eta horretarako atentzioa jartzen badugu. Berrikuntza narrazio menderatzaileek etorkizunarekiko beldurra lukete jatorrian. Eta fikzioak etorkizunaren aurreikuspen gisa dira egunerokora ekarriak, erabiltzailearen onespenaz teknologia berriak justifikatuz, zalantzarik gabe ezartzen zaizkigunak, apokalipsi historiarik kontuan hartu gabe. Etorkizun hurbileko fantasia teknologiko hauek garatzen diren heinean, kontra-narrazio eta ezinbesteko matxinadak beharrezkoak izango dira, inperioa kolpatzeko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.