Ibon Aranberri.
LAUHAZKA

Opakoa

2015eko azaroaren 15a
00:00
Entzun
Artea sistematikoki da instrumentalizatua, eta stablishment delakoaren zuriketa aparaitu den heinean bilakatu da popularra, jendartearen neurrirakoa. Lanpostuak sustatzeko baliatua da, aisia eta denbora libreko entretenigarri gisa funtzionatzea opa zaio. Era berean, berezitasun geopolitikoak trinkotzeko tresna probetxuzkoa izan daiteke. Aro postmodernoan, arte instituzioak gizarte eraldaketarako zentro gisa dira azpititulatuak erakundeetatik.

Horrela izan da, joera politiko desberdineko buruzagiek errukirik gabe erabili dute artea handitasun helburuetarako. Tony Blair jaunak, adibidez, kanpaina egin zuen 1990eko hamarkadan, Britainia Handi berritzaile eta cool bat irudikatzeko, abantaila ekonomikorako bitarteko gisa maneiatuz gaitasun sortzailea. Hazkunde ekonomikoaren eta kulturaren balio erantsiaren arteko lotura zenbakarria izan zitekeen.

Ez da gauza berria, Napoleon berak ere ondo zekien zer zen nazioari marka izaera ematea. Identitatea, nazio-kultura gisa. Historikoki, batera joan dira kulturaren sustapena eta hazkunde politikak. Bigarren Mundu Gerraren ondoren, buruzagi eta gobernu forma desberdinen gorazarretik sustatu zuen Mendebaldeak artea. Artea babestua eta maitatua izango zen Berlingo Harresiaren bi aldeetan. Horrela, artearen askatasuna instituzioetatik bultzatua eta ordaindua izango da. Are gehiago, pixkanaka kritika instituzionala gomendagarria ere bihurtuko da. Artistak instituzioa kritikatuko du, eta instituzioak bere burua demokratikoki sendotua irudikatuko du horrela. Kritikatzen duen zeraren osagai bilakatuko da kritika bera.

Ez dago beste alderik, ez erretiro balizkorik. Eraldaketa konstantea, malgutasuna eta desregulazioak egituratzen du lan merkatua ekonomia globalean. Horrela, autoafirmazio eta autoantolaketa ahalmena dira industria kreatiboaren leit motiv funtsezkoa. Gizarteak artistari egotzitako rola, enprendedore liberalaren eta langile prekarioaren ondoan birkokatuko da. Estereotipo tradizionala, bohemio (deitu malgu), iluminatu (deitu motibatzaile), eta batez ere sortzaile (deitu berritzaile) indibiduala bilakatuko da hiritar prototipoa desregulatutako lan merkatuaren metaketa unitate gisa.

Instrumentalizazio joerarekiko paralelo joan da artisten eraketa kolektiboa. Gero eta funtzio konkretuagoa beteko dute merkatutik eta babes publikotik at jardunez, nahiz eta auto-antolaketa izan daitekeen era berean ekonomia berriaren mugarri.

Deskontentuzko ahotsak nolabaiteko posizioa hartzea dakar. Hainbat eta hainbat dira eta artearen kontzientzia esnarazi dutenak, alternatibak bilatze aldera. Instituzio komertzial eta publikoek zaindutako ekoizpen formetatik urrunduz doaz, ezetz esanez, uko eginez eta berezkotasuna indartuz. Posible litzateke izaera hori molde berriko kritika instituzionaltzat hartzea, separatismo estrategiko modukoa, hurbilketa sistemikoa.

Politika ofizialetik artea zein hezkuntza (eta zabalago, politika kulturalak eta herri kultura) konformismo anti-experimental xalora murrizten duen korrekzioaren aurrean zer? Atrebentziaz defendagarria bihur liteke berriro autonomia artistikoa bere forma uzkurrean: askatasun artistikoaren gainean eraikiz kultura artistiko bizia, bere mugak diziplina beraren mugarekiko ezarriz, eta subjektuaren hautu propioz jarriaz mugak bere buruari.

Lehendik dator eztabaida, eta korronteak modernitateko goi ideia agurgarrira eraman gaitzake, artea arte gisa aldarrikatzen zenekora. Gizartearekiko konprometitua den arte mota litzateke, egileak halako gogorik balu. Etsipenezko garrasiz bolizko dorrera itzultzea, baina emantzipaziorako bitarteko eta maniobrarako espazio arrazionalaren bila, izatekotan.

Kritika instituzional tradizionalaren aurrean, deskonexioa defentsa da, transparentziaren dogma gutxietsiz. Opako bihurtzea litzateke bestelako praktikak eta kolaborazio formak experimentatzeko baldintza ezinbestekoa artista eta insituzio txikientzat. Politikari aurrerakoiarentzat, ordea, ulergaitza da hori, endogamikoa eta zekena, ez dator bat gobernantza berriaren gidoiarekin.

Ezagutu dugun joera da artearen mugak lausotzea —eta praktika kulturalena, orokorrean—, botere hierarkiak hautsi eta kultura popularrera egokitu eta hedatzea. Joerak aldatu egiten dira. Hibridazio kulturaren hipotesiak jo du hondoa, itzali da interdiziplinaren lilura, agortu da jario teoriaren emantzipazio ahalmena. Pentsamentu separatistak hartu du lekua. Estrategikoak dira arrazoiak, esentzialismo fedezkoak baino. Behin bidegurutzeak gaindituta urrutiago garamatza errepide paraleloak. Zubiak eraiki baino gehiago, eraitsi egingo dira.

Gero eta itogarriagoa da eta proposamenak merkatu-instituzioaren mandatura egokitu beharra. Sakonduz doa egiten dugun eta egin nahi genukeenaren arteko zuloa. Patrozinatzaileak zenbakiari begiratuko dio: bisitari kopurua, egitarauaren luzera, prentsa errekorte bilduma. Intimitatean halako programarekiko haserre itxuran eginda ere hor ibiliko gara.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.