Ibon Aranberri.
LAUHAZKA

Maparen aurpegiak

2016ko abenduaren 4a
00:00
Entzun
Eremu geografikoaren errepresentazio eta deskribapen gisa asmatutako baliabidea dira Google Maps tankerako programak. Paperezko kartografiaren ordezkoak, kale eta errepideak lokalizatzeko, nondik nora joan jakiteko asmatuak. Bertsio berriak garatu ahala zorroztuz doaz erabilerak, finkatuz doaz menpekotasunak.

Maparen osagarri izateko jaio zen Street View aplikazioaren bitartez, eraikuntzak, errepideak eta leku seinalatuak ageri zaizkigu, geure nahierara. Lekuak ez ezik, giza gorputz ugariren irudiak ere harrapatzen ditu. Ikuspegi ordenatuaren baitan, paisaia urbanotik harago atentzioa deituko digu bistan den jendeak: jendea oinez, jendea hizketan, etzanda, imintziotan, eta batez ere, kamerari berari begira, guri begira. Kamera automatikoaren aurrean, oharkabean gara harrapatuak subjektu gisa, eguneroko jardunean atzemanak.

Ez genuen aurreikusi hain azkar maila horretako asmakuntzen erabiltzaile izaterik, eta botereak berarentzat baliatu izan duen teknologiaren testuingurua eskuragarri besterik ez du egin Street View aplikazioak, azken batean. Panoptiko berria, gorputzen kudeaketa, mugimendua, zaintza, eta jatorrizko funtzio biologikoen arautze makineriaren parte. Kontrol gizartearen esparru politikoan, ikusmen panoramikoak ahalbidetzen duen giza portaeraren zuzeneko jarraipena, areagotua eta ordezkatua da horrela, bere kasa erregulatua.

Bere buruaren arautzean parte hartzen eta laguntzen du horrela hiritarrak, demokrazia eta ongizatearen erretorikaz Estatuak kudeatutako instituzio sozialen simulakroan. Kontrol gizartearen diziplinazko ezaugarri horiek azaleratuz doaz egungo bizimodu globalizatuan; makineria egokituek botere aparatuaren funtzioa ordezka dezakete: giza subjektuen eguneroko portaera eta keinuak gobernatuz, joerak atzemanez, bideratuz, finkatuz, harrapatuz, eta segurtasunpean kateatuz.

Informazio teknologia digitalek berdintasuna erraztuko digutela uste izan dugu. Egitura malgu eta bigunez osatutako sare autonomo eta horizontal horiexek dira, ordea, egungo kapitalismo globalaren eta kontrol gizartearen adierazle zuzenak. Izan ere, argazki jario etengabeak eskaintzen digun gorputzen gaineko informazio bisual eskerga, amaierarik gabeko proiektua da. Milioika irudizko bildumak irudi fotografikoaren kontraesan oinarrizkoak bistarazten dizkigu: era berean garenean irudi ikusle eta ekoizle, haiengandik espero duguna errebelatzen digute irudiek aldi oro.

Botere makineriak ahalbidetutako erlazioak, afektiboak ere badira. Irudi digitalak, eguneroko gertakizun eta elkarrekintzatik dira bereziki ekoiztuak, nola-halako bezain sinplistak dira halabeharrez, ikustearen eta jabetzaren arteko erlazioa sortu eta eraikitzen dute. Jendartearen nongotasuna gero eta deserrotuagoa eta geografikoki nahastuagoa den heinean egin dezakegu galdera ea zenbateraino den kapaz hiritarra bere buruaz jabetu eta nortasuna birmoldatzeko.

Gerra, tortura eta jazarpen kasuak erregistratu baino gehiago, errutina iragankorraren menpeko burujabetza egiturak jartzen ditu agerian ikuskatze teknologiak. Horrela, gertakizunak kontatu baino gehiago, inguruneak errepresentatzen dizkigu, begiradarik gabeko kameraren denboraz. Irudiak bakanduz, multzotik ateraz, eta bata bestearen ondoan kokatuz egiten du lan tramankuluak, egunerokotasunaren informazio bisualaren balioaren gainean denbora-narrazioa eraikitzeko, besteen argazkiak ulertu eta kideen artean nola erlazionatzen garen adierazteko.

Hastapenetatik datorkio kontu honi bijilantzia eta pribatutasunaren gaineko eztabaida. Kaleko irudietan suertatutako aurpegiak eta ibilgailu matrikulak lainotuz identifikazio zuzena saihestu ahal izango da, baina, jakina, banan-banan orraztuz doan softwareak huts egingo du noizean behin, eta, ondorioz, aurpegiak bistaratuko dira, agerian jarriko dira matrikulak, eta gainontzekoa. Aplikazioaren jatorrizko funtzioa ingurune geografikoa deskribatu eta kokatzera bideratuta joanik ere, giza harremanak infiltratuz doaz argazki errepresentazio hotzean. Horregatik, espazio fisikoa espazio soziala da, eguneroko bizitzaren gertakizuna nabarmentzen delako bertan.

Ustez, guztiok gara antzeko argazki kameraren jomugan, baina Street View bildumak errebelatzen du askotan behartsu eta baztertuak direla optikaren irismen eremuan tokatzen direnak. Etxegabeak edota menpekotasunean bizi direnak ikusten ditugu, behin eta berriz. Etsitako aurpegiak, isiltasunean, oinaze geldoaren marka soinean daramatenak, egituren azpian higatuz doan biztanleriaren hainbat sektore. Gizarte suntsipenaren erakusgarri diren gerra eta tortura irudiek ez bezala, oinaze geldoaren irudiek ez dute erakusten salbuespen egoerarik, ez dira banalitate hutsaren adierazgarri ere; aldiz, agerpen soil bezala atzematen dira. Eszena doilorrek bat egiten dute egunerokotasun arruntarekin, maparen ikuspegi lauan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.