Itxaro Borda
LAUHAZKA

Munduan bakarrik

2015eko azaroaren 29a
00:00
Entzun
Badira zutabeak axola gabeziarik lotsagarrienean hasten eta odolak bustiriko paperean tragediak etzanez bururatzen direnak. Itzulerarik ez duen puntu horren korapiloan garatzen da literatura izendatu nahiko genukeen zera hori. Nehork ez du ukatuko. Larunbat arratsaldeetako jendetzetarik urrun irudikatzen ditugu gure urratsak. Baina hirian bizi gara, karrikak berdinak dira denentzat eta ez dukegu denbora askorik Ikea bezalako ez-leku komertzial hutsetan pasatzeko —bereziki sosez zuhur gabiltzanean. Eta behar bada, neurri batetik hara, ez dugu ama-ontzien antzera moldaturiko toki horietan, merkearen merkeaz eskaintzen zaizkigun gailu, arnes eta girgil distiratsuen beharrik. Garapen ezaren hiztegi entziklopedikoa eskuratu berri dutenen artean kausitzen naiz ni neu ere andregaiak zorriak zartatzen bakarrik utzi ninduenetik. Edo porruak landatzen. Edo antzarak ferratzen. Edo La décroissance hilabetekaria, kaskoa karrakatuz, irakurtzen.

Lean eta kaizen kudeaketa moduaren ondorioak pairatzen hasiak gara jadanik, gastuen murrizketa drastikoak eta talde gero eta handiagoen osaketak, behere mailak arras urtuak, itoak, urkatuak suertatuz, bai lanaren alorrean eta bai politikan Frantzian super-eskualdeak eraikitzearekin. Laster batean, Orwellen edo Huxleyren nobeletan bezala, lur azala botere politiko bakarrak gobernatuko du, bortitz eta zakar. Hizkuntza minimalista batekin, historiarik ez, geografiarik apenas, falanga eta terrore kontsumistaz aparte sentimenduak debekatuak diratekeelarik. COP 21 izeneko gailurraren hurbiltasunak, aurrekari erraldoien itzalean, distopiak asmatzera akuilatzen gaitu: Kasandra sakrifikatuak izateko sortu gintuzten.

Antizipazio eleberriak maite ditut betidanik. Matrix eta eXistenZ film zoragarrien zalea naizela badaki irakurleak, nahiz eta xehetasunak interes handirik ez duen bake prozesuaren geldikeria salatzea hobesten duen euskaldunon sozietatean. Lehentasunak badira, eta horietan noski, ez da aurkitzen Riddley Scotten The Martian obraren ikustera joatea, hain zuzen Deiadar manifestaldia iragarria delarik Lapurdiko hiri nagusian. Zinematik jalgitzean eta ezagunak gurutzatzean egiazki bakarrik gara Baionan. Batzuetan barka ezintasunak eramaten gaitu eta menturaz Matt Damon ez zen gu bezain arrotza sentitzen planeta gorri lanjerosean.

Espezialistek erranen dute ez dela Scotten lanik distiratsuena. Arrazoiekin, Blade Runner edo Thelma eta Louise gogoan atxikitzen baldin badira. Oinarrizko blockbuster bat da, efektu bereziz mukuru, soinu-banda ozenarekin, 3D betaurrekoekin begiratzekoa. Sei astronauta amerikar Marten dabiltza eta galerna sideral baten karietara izarbela abandonatzera bortxatuak dira, Damon gaizoa gabe. Bi orduz, gizona, baldintza latzetan bizirauten saiatzen da, lurrera datozen beste bost kideen erruduntasun zantzuen hantzearekin batera. Gerra filma bat dela erantsi genezake, Ipar Amerika hain bakarrik versus mundu osoa, denak bere aurka ligatuak. Borreroak bere jarrera biktimizatzea lortzen du eta zinean bilduek amerikarren salbatzea txalotzen dute bukaeran. Ohikoa da kantua…

Damon, botanista abilak erdietsi zuen lur sagarrak ekoiztea Marteko errautsean, astronautek bertan ehortzi gorotz poltsak birziklatuz. Ikusgarria. Horrela iraun zuen. Baratza egitera zihoala, ongi baliatuko zitzaion Argia astekariko Jagoba Errekondoren liburu arrakastatsua. Pantailan noiz agertuko zitzaidan aiduru nengoen. Eta gero, Madisoneko bidean eratorrian galduriko Clint Eastwoodek bipildu azenarioak erantsiz, Meryl Streepen zuzendaritzapean, hiruak salda zaporetsuak egiten irudituko nituen. Orduan nuen Pariseko sarraskiaren berria ikasi. Seko gelditu nintzen xoxokeriak idaztetik: grabetasun latzaren berunak neuronak haserrez eta tristuraz hantu zizkidan. Herioa barreiatzen zuten zirtzil horiei ez nien barkatuko.

Damon eta asto beltxarenak bakarrik abandonatu nituen Marten, amerikarren zabor meta erraldoiaren maldan, hausnarrean eta laguntza eske. Haserre eta triste beratz darrait, Pariseko 130 hilen izenean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.