Maite Larburu.
LAUHAZKA

Suizidiopedia

2016ko urriaren 23a
00:00
Entzun
Router kaleko kafe batean, gazte talde bat mahai inguruan. Suizidatu diren poeten zerrenda osoa Wikipedian agertzen dela dio batek. Telefono mugikorra hartu du orduan haren albokoak, eta suizidatu diren musikarien lista begiratu du. «Hara, suizidioak sailkatuta daude! Beren buruaz beste egin duten jazz musikariak, musikari klasikoak, kantariak eta konpositoreak daude...zein suizida mota nahi duzu? Zientzialaria? Hona hemen banaketa: mediku suizidak, matematikariak eta zientzialari sozialak». Nire kafea hartu bitartean, albokoei belarria itsatsita nago: benetan ari ote dira? Ez dakit elkarrekin unibertsitaterako lanen bat egiteko oinarriak biltzen ari diren, edota berriketa besterik ez den. Goizeko hamarrak, Amsterdamen; non entzun halakorik bestela? Bigarren espressoa eskatu dut, doblea, eta nire kafekideen kontuak eten eta kalera bidean jarri direnean, ezin izan diot eutsi: nire smartphone-a hartu dut. Egia, poeta suizidak, eskultore suizidak, argazkilari suizidak... horien guztien sailkapena dago Wikipedian. «Accountants that have commited suicide», sartu dut irribarre maltzurra ezpainetan, suizidatu diren kontableak: ez da ezertxo ere ageri. Artistak ote dira buruaz beste egiten dutenen artean gehiengoa? Kontableak zoriontsuagoak ote dira? Gauza batek bestera eraman nau, kateatzen zaituen sare friboloa baita Internet; batetik bestera ibili naiz, suizidioz suizidio, sindrome bipolarretik eskizofreniara... eta elkar kontraesaten duen informazio aura madarikatua jantzita jarri naiz bizikleta gainean.

Burutik kendu ezin dudana: sortzaile direnak, gehiago pentsatu behar izatearen ondorioz eta euren buruari galderak egitearen ondorioz, depresiorako joera handiagoa dutela dioen ikerketa.

Oso sinplista ez ote da konklusio hori.

Musikaria izanda, nik beste era batera bizi dut sormena, on egiten didala bai baitakit: bai nireak, baita besteenak ere!

Sortzea, edota deskubritzea, asko pentsatzearen eta pentsatzeari uztearen artean gertatzen den zerbait da, nire ustez.

Sorkuntza prozesua gauza oso fisikoa ere bada, gainera... ez da mentala soilik. Zentzumen guztiak, arreta eta kontua jarri behar dira; arlo askoren sormena lantzeko, arotza bazara, esaterako, indarra eta errepikapen muskularra ere landu beharko dituzu. Ondorioz, sormena, pentsamendu patroien zurrunbilo toxikoa gerarazteko, bideratzeko eta kontziente egiteko tresna bezala ere ulertzen dut nik. Pentsamenduek norbera erabili baino gehiago, norberak pentsamenduak behatzen hasteko bidea ere izan liteke. Edozein zeregini ezar geniezaiokeen zerbait, bestalde.

Noski, obsesionatu ere egiten gara, eta obsesio guztiak bezalaxe, pentsamendu gaitzen tiranokeriapean eroriz gero, arriskua! Hori, ordea, ez da artearekin lotura dugunokin gertatzen den gauza soilik. Pentsamendu korronte txarrik edota obsesiorik ez duenak jaurti dezala lehendabiziko harria! Bestela, begira Wikipediako artista suiziden listak sailkatu dituenari. Ez al da hori adimen obsesibo baten ondorio?

Eta 2008 eta 2011 artean suizidatu ziren Frantziako Telecom korporazioko 60 langileak? Horiek ez ziren artistak!

Henri Poincare matematikariak (Frantzia, 1854-1912) zera esan zuen: «Geometria edota zientzia egiteko, logika hutsa baina zerbait gehiago behar da». Pentsamendu momentu kontziente eta inkontzienteak (deskantsua) gertatzen direla deskribatzen du, eta bat-bateko iluminazio momentuak, intuizioaren ondorioz sortuak. Eta intuizioa mugitzen duten legeak, oso sotilak eta hauskorrak direla dio, hitzen bidez adierazi baino gehiago sentitu egin behar direnak.

Nire kasuan behintzat, bizi izan ditudan sormen momentu esanguratsuenetan, adimena isil-isilik zegoen. Pentsamendurik ez zen ageri nire kaskezur txoro honen zerumugan; eta ageri bazen, ez zuen zalaparta handirik sortzen: egiten ari nintzena nintzen, entzuten nuena nintzen.

Eta horrek on egiten dit. Lo sakon-sakon egiten denean bezala, pentsamenduen absentzia horretan guztiz deskantsatzen dut. Nahiz eta bi segundorako besterik ez den. Eguneroko buruko patroi horiei eskapo egiten diedalako, eta ideia martetarrenak (maiteenak) ere hala bururatu izan zaizkit: zertan ari nintzen jakin gabe nenbilela; pentsatu gabe; ni izan gabe, akaso.

Klixe bat botako dut, hain originala ere ez naiz-eta: oreka kontua da guztia, lagun...

Sormenak salbatu dituen artista asko ere badago, bai! Zerrenda hori ez da Wikipedian ageri, baina nik ezagutzen ditut horietako zenbait. Lehendabizikoa: ni.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.