Ander Lipus.
LAUHAZKA

Trabesa

2014ko ekainaren 15a
00:00
Entzun
BERRIAko kultura saileko erredakziotik deitu didate. Animatuko zinateke iritzi artikuluak idaztera? Trabesa.

Antton Lukuk Libertitzeaz liburu mamitsuaren pasarte batean zera esaten digu. «Stanislavskik mendeen juntan elaboratzen zuen konfliktoaren teoria ez dute ezagutzen». Eliza jendeaz eta bi gerlen arteko antzerkiaz ari da. Eta jarraitzen du: «Konflikto famatu hori, euskaraz trabesa edo interesa, egiatasuna antzerkira ekartzeko ahala bilakatzen da praktikan eta pertsonaien arteko oreka batean oinarritzen da ondorioz antzerkia, pertsonaia guziak konfliktoaren eskuratzeko gudukatzen direlako beren armekin». Konfliktoa.

Konflikto hitza Madrilgo William Layton Antzerki Laborategian entzun nuen lehen aldiz antzerki kontzeptu gisa. Duela ia hogeita bost urte. New Yorketik Sr. Layton maisuak ekarria eta harrezkero antzerkia egiteko baliatu izan dudana. Amerikarrek errusiarraren teoriak bereganatu eta birmoldatu zituzten. Eta azken hamarkadetan «metodoa» erabiltzen dugun aktoreon artean hitz klabea izan da. Konfliktorik ez badago, ez dago antzerkirik. Horrela irakatsi ziguten. Gatazka.

Antzerkiola Imaginarioaren garaian ere, beti izan nuen konfliktoaren edota gatazkaren kontzeptua presente. Protagonista/antagonista dikotomian funtsezkoa zen gatazka, eta bakoitzak bere helburuak lortzeko borrokatu behar zuen. Horretarako hainbat mekanismo baliatuz: estrategiak, urgentzia, erlazio sozialak zein emozionalak, eta abar. Baina dramaturgia eraikitzeko modu estandarretatik ihesi nahian ez genituen pertsonaia edo talde batek beste pertsonaia edo talde baten kontrako gatazkak irudikatzen, ez. Gure dramaturgian, gure moldeetan, gure antzerkian, ordea, gatazka, beste era batera baliatzen genuen. Gatazka ez baitzen kokatzen kanpoan, ez zen bestea jo muga, baizik eta bakoitzak zeraman bere baitan, eta pertsonaiek barne konfliktoa bizi zuten. Ikuspuntu horretatik, antzerkiaren kontatzeko moduak beste taupada bat hartzen zuen, beste su bat. Barne gatazka.

Garai hartan idatzi nituen nire lehen artikuluak. Ikerketari emana nintzen, eta ondo zetorkidan noizean behin nire gogoetak eta garaiko gatazkak plazaratzea. Burua ordenatzea nolabait. Eta sarritan kontra egitea. Kontrakultura, alternatibak bilatzea eta pentsamendu kritikoa eraikitzea nuen gogoko. Beldurrik ez zen nire baitan (zer pentsatuko dute, zer esango dute…), ezta konplexurik ere, ez. Esan behar nuena ahoan bilorik gabe esaten nuen. Gero, artikuluak idazteari ere utzi nion. Ezin iritsi. Nekea. Nire beharra beste ekintza mota batzuetan ikusten nuen gehiago. Konbentzituta nengoen gure lanbidean ekintzek hitzek baino garrantzi handiagoa dutela eta momentu berriari heldu nion. Iraultza isila. Eta euskal artedrama baten bilaketari ekin nion. Interesa.

Orain, urteen poderioz eta ekinaren eginaz, kultur esparruan pertsonaia publiko bilakatu naiz. Edadean aurrera noa, eta ikuspuntuak ere lekuz aldatu zaizkit. Begirada zorrotzagoa da. Arduraren pisua handiagoa. Planteamendu batzuetan ere erradikalagoa naiz, hots, gauzak eta ekintzak egiteko orduan sustraietara jotzen dut. Horrela ez balitz neure burua tradituko nuke.

Beste gauza asko, berriz, ez dira aldatu. Antzerkiaren bidea gatazkatsua da. Gure ofizioan beste lan batzuk egitearena gauzarik arruntena da. Bilerak, hitzaldiak, alor pedagogikoa (ikastaroak, formakuntza tailerrak…), denetarik egin behar izaten dugu aktoreok. Eta ezin kexatu, ofizioarekin zer ikusia duten lanak badira! Eginkizun horiei lan edo behar kolateralak deitzen diet. Edo akzidentalak. BERRIAko erredakziotik deitu didaten unean bezala. Eta barne gatazkak sortzen zaizkit. Artikuluak idatzi bai. Artikuluak idatzi ez. To be or not to be. Bat-batean letren intruso ere sentitzen naiz. Ba ote daukat fundamentuzko zerbait esateko? Baina ni ez naiz idazle. Nori interesatuko zaio idazten dudana? Nork irakurriko du? Denborarik izango al dut? Agertoki gainean egotea da beti ametsa. Ahalik eta sarrien. Ofizioa horretan datza. Ideia, pertsonaia, sentimendu, istorioen… transmisoreak gara. Agertoki gaineko dantzak ematen dio aktoreari bizipoza. Jokoan sentitzen du komedianteak benetako sua, kili-kilia, trabesa. Erregeak bai, baina bufoiak ez du sekula abdikatzen. Eta hala ere, antzeztokietatik kanpo iritzi artikuluak idatzi behar baditut, bada idatziko ditut. Plazerez. Ea ba artikuluek interesik pizten duten!

Irakurle zaren horrek, espero dut nire ekarpena gustuko izatea. Antzerkiaz hitz egingo dut. Eta bizitzaz. Zer da antzerkia bizitza ez bada?

Hau da nire trabesa. Nire trabes berria.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.