Ibon Aranberri.
LAUHAZKA

Hondar ale higatuak

2014ko ekainaren 8a
00:00
Entzun
Hala ez badirudi ere, eman diogu hasiera hondartza denboraldiari. Altxatu dira banderak eta zaintza dorreak. Pilatutako hondakinak jaso egin behar dira, harea xehearen protagonismorako. Behin eta berriro tolestuko da hondar geruza, ustezko paisaia naturalista baten arabera, okindegiko orea balitz bezala.

Egun ezagutzen ditugun eran, hondartza gehienak artifizialak dira, ingeniarien planoetatik sortuak. Bai, ekoizpen katea bezalaxe dira iraultza industrialaren produktu hondartzak ere. Baina diseinuzkoak izan arren, hain daude hondartzak inguruko paisaiari txertatuak, non ezinezkoa egiten baitzaigu naturala denarekiko bereiztea.

Natura artifizialaren identifikazio arrotz hau ez da beste inon itxurosoago ematen hondartzetan baino. Itsasertzeko tektonikaren ondorio izan daiteke hondartza, marea gorabeheren aztarna, olatuek lurmugan ezarritako indar bortitzezko eite, harkaitz eta maskor hondar ale bihurtzerainokohigadura. Baina geuregan dugun hondartza ez da halakoa, nabarmenki zizelkatutako fenomeno kulturala baino, erabat naturaltzat irudikatzen duguna, komenientziaz bada ere.

Hemezortzigarren mendeko asmakizuna da nonbait hondartza. Bat egingo dute zientziak eta paisaiarekiko portaera aldaketek. Hondartza izango da, batetik, sendaleku idealizatua; bestetik, hirigintza antolakuntza berriaren alienazioz irabazle aterako da betiereko erromantizismoa. Hiriaz haratagokoaren irrikan estudiotik aldendu eta kostaldera iritsi ziren pintore inpresionistak, zuzeneko errepresentazioaren balio erantsia aldarrikatuz. Aurretiaz isilean jasotako itsasertzak jendez eta eszena sozialez alaituta irudikatu ziren Frantzian. Hondartza zen hiriaren ihesbidea, eta horrela eraiki zen erritual berria.

Ospakizun santuetatik ei dator opor kontzeptua, hitza beraren adiera sakratuan. Sekularizatu eta industrializatu ondoren, oporrak gertaera sinboliko gisa dirau egungo gizartean, ohituraz jantzitako behin-behinekotasun batean. Aisia, kapitala, maitasun edota familia zoriontsu gisako irudi modernoekin nahasten dira lehendik arrastan ekarritako kutsu erromantiko eta osasunezkoak, iraungitze gabeko kausak balira bezala. Eta hondartza da performance sozial hori egokien taularatzen deneko eremua, parafernalia eta osagarriz hornituta. Flotagailu eta oholak, toalla bereziak, haur eskuare eta ontziak, tenis pilota eta palak, itzalkin eta etzaulkiak, lastozko kapelak, denboraldiko jantzi berriak eta ur ertzean zeharreko ibilaldi amaigabeak. Horiez gain bururatzen zaizun oro izango zaizu baliagarri, natura eta gizarte zeremonia kolektiboaren parte bilakatzeko. Diferentzia eta kategoriak lausotu egiten dira ur ertzaren denboran. Eguzki Babes Faktore demasakoaren aintzan, espazio publikoa da hondartza.

Azpiegitura konplexuak eusten dio opor eragiketari: tour-operadore, errepide, hotel, eta horien zerbitzurako ingeniaritza, logistika, finantza sistema eta eraikuntza enpresak. Beharrezko dira destinuak goratzeko. Baina hondartzak leku ezegonkorrak dira bere horretan, haize eta itsasaldiaren arabera taxutzen direnak. Politikariak horma eta harri-lubetaz nahiko ditu menderatu halako higadurak. Birmoldaketa geologiko ikusgarriok adierazten digute berezko joera aldakorraren kontra mantentzen ditugula hondartzak dauden lekuan. Hondarra eraberritua da hondartzaren saneamenduaren izenean: senaiaren alde batean jaso eta beste puntara barreiatua batean, itsas azpitik osoki garraiatu eta geratzen den apurrari erantsia bestetan. Hondeamakinaz konponduko dira neguko denboraleak eragindako kalteak, eta, hala ere, hondarra ez da etorriko bere lekura. Hondarrik gabe ez da hondartzarik.

«Galtzada-harrien azpian, hondartza» aldarrikatzen zuen ikasle erreboltako pintada anonimoak 1968ko Parisen. Ibilgailuz kutsatutako kale zabalen zorupean hondartzaren haize askatzailea irudikatzen zen horrela, betelan materialtzat erabilitako harearen oroitzapenean. Posible ematen zuen hiriaren erregimen normatibotik ihes egitea ere, hondartzaren alegoriaz. Zibilizazioa-artifizioa-opresioa eta natura-fantasia-anarkia kontrajartzen ziren orduan. Hondartza zen utopia, imajinatutako paisaia.

Baina hiriaren mugarekiko mutur kontrario bilakatzeko ezintasunean, hiria beraren paisaia urbanoaren luzapena besterik ez da hondartza. Hiri da hondartza, inguruan luxuzko urbanizaziorik ez badu ere. Jakina, aro post-industrialaren hoztasunak ematen digu halakorik adierazteko baimena. Non ote dira orduan gure hondartzak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.