Elena Martinez Rubio.
LAUHAZKA

Muraschg herriko arima herratuak

2017ko urriaren 8a
00:00
Entzun
Richard Wagner musikari eta idazleak Suitzara ihes egin zuen 1849an Errepublikaren alde egin zuelako, Sajoniako Erregearen aurka. Suitzako erbeste politikoan zegoela —nerbioek jota, Mein Leben (Nire Bizitza) idazkian aitortzen duenez—, atsedena non eta mendian bilatzea otu zitzaion. Wagner oso ibili zalea zen: Beethoven ezagutzearren oinez egin zuen bostehun kilometro baino gehiago, Leipzig bere sorterritik Vienaraino.

Wagnerrek Via Sbrinz izeneko bidea egitea deliberatu zuen, alegia, erromatarren aurretik ezaguna eta erabilia zen Alpe Lepontinoetako igarobidea. Abiatu berrian, bihozkada bat izan zuen, ustekabean: behi talde handiak ikusi zituen goiko larretatik jaisten, nahiz eta uda izan. Abereak hezurretan zeuden, hil zorian, gaixotasunen batek jota. Ikuste erdiragarria! Bestalde, Wagner laster ohartu zen mendi-gidari hartutako gizona oso aldrebesa eta zakarra zela. Gidatu eta lagundu beharrean, toki malkartsuenetatik jotzen zuen, nahita. Wagner, azkenik, gidariaren gaiztakeriaz goganbeharturik, bere kabuz hasi zen erabakitzen nondik jo. Izan ere, Wagner ez zebilen oker. Handik gutxira morroi hura atxilotu zuten Grimsel Hospiz benta zaharrari sua emateagatik, bai eta istripuz hildako bi mendizaleren heriotza ilunagatik ere.

Beraz, sari bila joan eta neke berriak aurkitu zituen Wagnerrek bidaia hartan... Via Sbrinz ibilbidea ez da, ez, nolanahikoa. Aldapa pikoak ditu, Suitzatik gora nahiz Italiarekin muga egiten duen aldetik behera, behin 2.479 metroko garaiera duen Gries mendatea atzean utzi ondoren. Zeharkaldia are zailagoa zen Wagnerren garaian, glaziarraren gainetik joan beharra baitzegoen arrakalak saihestuz, gaur ez bezala. Honezkero, Gries glaziarrak nabarmen egin du atzera eta bidetik urrun dago, duela hamasei arte izen bereko lakuarekin bat egiten zuen arren.

Inguruko bizilagunak, berriz, halabeharrez ibiltzen ziren aipatu Via Sbrinz arriskutsuan, antzina-antzinatik. Esaterako, Säumer edo ogibidez garraiolariak zirenek, gazta, gatza eta ardoa eramaten zituzten bailara batetik bestera, zamarien gainean. Bada, hain dira meharrak hango bidezidorrak, non denek ordutegi zehatz-zehatz bat betetzen zuten, huts egin gabe, bide erdian elkarrekin topo ez egiteko. Bazter haietan jokoan jartzen zen bizia. Eta baldintza txarretan ere ezin etsi, salgai preziatuak galdu ezean. 1882tik aurrera, ordea, burdinbideak hartu zuen bere gain garraioa, aipatu lanbide gogorra desagertu zelarik.

Wagner, edonola ere, onik heldu zen helmugara, hots, Pomatteko ur-jauzi eder ikusgarrira. Ostatuan marmota errea eman zioten afaltzeko eta bizia salbatu izana ospatu ahal izan zuen, behintzat.

Egun, alabaina, Wagnerren txangoa berreginez gero, berak egunaren amaieran ikusi zuen Muraschg herrixka nahitaez argazkien bitartez ekarri behar dugu irudimenera, urtegi erraldoi batek urperatu zuelako XX. mendeko berrogeiko hamarkadan. Bertan, Wagnerrek lasaialdia hartu zuen jendea berriro aurkitzean; guri, ostera, ezinegona sortzen digu lekuak, hain zuzen, urtegiarengatik. Paraje horretan atsekabearen itzal luzea sumatzen da, Muraschg jaioterria ezinbestez hustu zuten lagunen samina uraren gainean betiko tinkaturik geratu izan balitz bezala.

Hari horretara, Wagnerrek hamabost urte zuenean ondutako antzerki-lan bat datorkigu gogora, berau tragikoa bezain neurrigabea: istorioa hasi eta berehala, antzezle nagusietatik berrogei hiltzen dira-eta. Ondorioz, Wagner gazteari pertsonaia gehienak berriro agertokira itzularaztea besterik ez zitzaion bururatu, arima herratuen itxurapean bazen ere. Egileak berak ematen digu horren berri beste testu autobiografiko batean, ironia handiz oraingoan.

Ezin uka: halako arima herratuen nahigabeek erro luzeak egiten dituzte airean. Antza, zorigaiztoko belaunaldi batzuen patua da ikustea eta pairatzea nola suntsitzen diren mendeetan zehar eratutako beren bizimodua, inguruneari lotutako jakintza, lurra, hizkuntza eta kultura.

Ordainetan, Italiako Edison enpresa hidroelektrikoak, —besteak beste, Muraschgko urtegia eraiki zuena—, elizatxo bat egin zuen hurbileko muino batean, eraikuntza-lanetan hildako langileen omenez. Ezagunak dira elektrifikatzeak, oro har, berekin ekarri dituen kalteak, zenbait enpresen aberastasun-gosea asetzeko maiz...

Jakina, naturak ere eragin dezake hondamendia, luiziak, uholdeak edo elur-erauntsiak direla; zer esanik ez, Alpeetan. Dena den, galera latz baten bizipena ez al da mingarriagoa hurkoek iraganaren deuseztatzeari ekiten diotenean, errukigaitz eta hausnarketarik egin gabe?
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.