Maite Larburu.
LAUHAZKA

Baratxuri sufritua

2018ko urtarrilaren 28a
00:00
Entzun
Sufritzea da kontua. Sufritu ezazu, lagun! Sufrituta bakarrik bihurtuko zaizu soldata merezitako sari. Sufrimenduak irekiko dizkizu zeruko ateak.

Ondo pasatzen duzula? A, orduan, nahikoa duzu plazer horrekin. Asko jota, zerorrek ordaindu beharko zenuke, sentitu duzun gozamen horren truke.

Bai, lanari buruz ari naiz.

Nik, nire inozotasunean, lan eta sufrimendu hitzen arteko ezkontzak dibortzioan amaitu zuela uste nuen.

Oraindik horrela?

Eliza katolikoak hitz askori emandako erabilera korruptoaren ondorio ote da? Sufrimendua-zerua-liberazioa versus plazerra-infernua-kulpa...

Edonola ere, gizakiok dugu hitzak bortxatzearen erantzunkizuna. Baina... hitzak askatzeko ere gu geundeke, ezta? Bota dezagun zakarretara behingoz sufrimenduaren sofritoa. Kixkalita eta beltz-beltz dago baratxuri hori dagoeneko... karbonizatuta!

Kanpoan luze bizitakoa izanda, distantzia pittin batekin ikusten dut Euskal Herriko artisten egoera: zur eta lur nago. Gehienek, ezin dute maite dutenaz bizi. Beraz, beste lan baten beharra dute, lau euro (edo mila) irabazi eta denbora librean maite duten kreatibitatea garatzeko. Lan egin, dirua irabazteko eta maite duzun horretan lan egin ahal izateko? Bi aldiz lan? A, bai, barkatu, ez, nahastu egin naiz... gustuko lana egitea ez da lan egitea... jua, jua eta jua!

Beste talde batean sartu beharko genituzke maite dutenaz bizitzea lortzen dutenen euskal gizataldea (lau katu): super-heroi/mega-humanoideak.

Lan titanikoa da hauena. Baina norbaitek ikusten al du hori?

Gizagaixoek, beti oporretan nago, bai, barkatu, egiten dudana gustuz egiten dut, bi pezetarekin konforme dioen karteltxoa buru gainean daramatela ibili beste erremediorik ez dute.

Automata-autonomoak dira. Autonomo izateagatik ordaindu egin behar dutenak, eta gustatzen zaiena aukeratu dutelako, lanaren truke dirua eskatzeko barkamena eskatu behar dutenak. Eta hori gutxi balitz, gainontzeko beste artista soldatadunekin merkatu librean lehiatzea zail zaie oso... soldata duenak pozik egiten baitu diru gutxiagogatik bihotzak eskatzen dion lan extra-txo hori (azkenean!)... baina autonomo-automata-soladata gabeak dirua behar du!

Ez al da horrela artisten lana (orokorrean) desbalorizatzen?

Nola hartuko du hobby-tik haratagoko estatusa sorkuntzak horrela?

Kasu bakoitza desberdina da, noski.

Norberaren izaerarekin doan zerbait: batzuek ziurtasuna behar dute, besteek, beste zerbait.

Edonola ere: libreki edota soldatapean lan egiten duen artisauak, elkarri lagundu beharko lioke, ez oztopo.

Herbehereetan, musikari bezala freelance edo autonomoa izatetik bizitzea posible da. Autonomo izatea dohainekoa da, hasteko. Eta kultura holandarra defendatu eta maite egiten da: zure enpresa propioa sortu baduzu, zure gaitasuna eskaintzen duen zure enpresa babestu egiten da. Ez daude atzerrikoek kultura ekarri zain, beti.

Baina zer gertatzen da Euskal Herrian?

Diruarekiko harreman oso obszeno eta pornografikoa dagoela. Harreman ezkutuko, intimoa. Holandarrek ez dute horretan gurekiko bat ere antzik. Barrio gorriko eskaparateak dira horren beste adibide garbi bat: nire izterra hau da, eta hau da prezioa. Eta haratagokorik ba al dago, bada? Truke bat da.

Artista autonomoek, zenbat faboretxo egin behar dituzte kobratu gabe, dirua dagoenean beraiekin konta dezaten?

Euskal Herrian sekulako talentua dago. Benetan esaten dut. Baina talentua ez da behar den gauza bakarra. Talentu hori aintzat hartu behar baita. Modu horretan besterik ez da garatuko. Zaindu egin behar da, iraunbizi dezan.

Sorkuntzaren begirada delako gizakiak duen dohain ederrenetakoa. Guztiona da horren erantzukizuna: sortzen duenarena eta estimatzen duenarena, baina baita estimatzen ez duenarena ere! Kantu super ventas-ek ere, kultura aitzindari bati zor baitiote haien egitura musikala!

Australian, duela bi milioi urte, aborigenek lurra kantuz estali zuten. Ez zuten piramiderik, tenplurik eraiki, kantu mapak baino. Kantu entziklopedia ikaragarri bat. Sei eta hamar hizkuntza desberdinetako kantuak, geografia, klima, tokian tokiko izpiritu, ezaugarri, erremedioak kantatzen zituztenak.

Dirurik ez, orduan. Garrantzitsua zena, garrantzitsua zen: bizirautea eta mundua kantatzea, antza.

Orain, aborigenak erreserba terribleetan daude, soldata baten trukean. Lur hari buruzko jakinduriaren eta historiaren parte bat betirako galdu da.

Akaso hala izan beharko du; dinosauroak ere desagertu ziren, eta gu... zer gara, bada? Beste espezie dominante bat... oraingoz.

Baina aspalditik mugimenduan den gauza haundi-liluragarri baten parte ere bagara.

Zerbait horrek esana da: bidea kantu bat da, eta kantu bat, bidea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.