Ibon Aranberri.
LAUHAZKA

Azpiegitura erromesak

2015eko maiatzaren 10a
00:00
Entzun
Uniforme urdinez jantzitako langile multzoen ondoan mugitzen dira bisitariak, kasko eta peto fosforitoz, aldez aurretik jasotako baimenak agintzen duen eran. Ikasle, argazkilari eta ikusmirazaleak, logistika eta software bitartez konektatutako operarioen eremuan nahastuz doaz. Hala, laburra da oso automatizatutako zirkuituen eta turisten arteko distantzia, atsedenik gabeko garabi, batetik bestera doazen plataforma, eta iritsi eta joaneko nazioarteko zamaontzien zirkulazioaren artean, aire zabaleko teatro erraldoia irudikatzen da.

Kontainer eta egituraz betetako superportuek amaigabeko ibilbidea eskaintzen dute txango esperientziarako, paisaia pintoresko post-industrial benetakoan. Jantzita daramagun arropa, bisitan argazkiak ateratzeko darabilgun kamera, oharrak hartzeko paper eta boligrafoa, guztia iritsi da guregana era honetako terminal batetik, erosi ditugun gai zurtzak bueltan irisgunera itzuli izan bagenitu bezala, bertara etortzean.

Bidearen erdigunean kokatuta, kontrolatzailez betetako aretoa nabari da, merkantziaren norabide guztiak kristalaren atzeko isiltasunetik gidatzen dira bertan. Garabiaren kakoa kontainerrari hurbiltzen zaionean hasten da giza-eskuaren maniobra, hiru bat metroko distantziatik gora, automatikoki doa gainontzeko mugimendu guztia, laukizuzen ikurra pantailatik desagertuko da orduan, hortik aurrerako prozesua ikusezin bihurtuz.

Automatizatutako paisaia aldakorrean, eguraldi txarrak ez du eraginik. David Bowieren Space Oddity entzuten da gidaririk gabeko ibilgailuen bozgorailutik. Kutxaz betetako labirinto birmoldagarri infinituak erraz zeharkatzen dira kale luzeetan zehar, noizbehinka irteerarik gabeko horma pilatuarekin topo egin arte.

Hondatutako kontainer multzo eskergek berezko lekua dute eremuan. Herdoil, mailatu eta zartaz betetako burdinazko moduluak. Berriro zamaontzietan kargatzeko ezgai, hauetako zenbait salgai jarriko dituzte bigarren eskuko merkatuan, superportuaz kanpoko biztanleentzat. Inguruko baratze eta pendizetan agertuko dira, txabolak eraikitzeko burokraziak saihestuz.

Makinari so dago langilea, egonean, akatsik gertatuko balitz. Gailu automatikoak behatzen ditu, bera bigilantzia kameraz behatua den bitartean. Prozesua ez da zeharo automatizatuko. Une batez, karga eta deskarga geraleku ugarietako batean, jaitsi egingo da kamioi gidaria, radar begiaren aurrean zutik jartzeko, ohiko kontrol frogan. Ezer berezirik antzemango balitzaio, ez atzera ez aurrera geratuko da ibilgailua.

Ukimen-pantaila sentikorraren bitartez edozein makina automatiko eta prozesu maneiatu ditzake langileak bere inguruko eremuan. Burutazio bihurriak dakartza ideia berak, arte eta museo instalazio berritzaileetatik hasita, ankerragoak liratekeen muturretara, etorkizuneko presondegien kudeaketa erabat robotizatua, esate baterako.

Giza-zirkulazio kontrol zehatz hau paisaian txertatuz joan da, paisaia bera birkodifikatuz, radio frekuentziazko txip eta ezaugarri optikozko antzemate software erabileraren bidez. Etiketa desberdinen irakurketa guneak han-hemenka dira kokatuak eremuan zehar, ibilgailuak kai desberdinetan airoski lerratuz doaz, jakinaren gainean ezarritako norabidean. Okerreko portaera eta mugimenduak zigortuak izango dira, ibilgailuak denbora baterako blokeatuz eta gidariari ogibidea zapuztuz, koarentena moduko egonaldian.

Bestelako paisaia eratuen ondoan, harrigarri eta nolabait esker txarreko suertatzen da burdinazko eite baldarren sekuentzia. Begirada egokitzen asmatuz, baina, urruneko mundu baten irudikapena nagusitzen da. Kargarako gunearen parean kamioiak errenkan kokatu ahala eratuz doa makinen koreografia.

Irakurri izan dugu hiri espazioaren zeremoniazko erabileraz, arte historiko edota plangintza urbanoaren testuinguruan, izan erlijio prozesioen Errenazimenduko errepresentazio, edo hiribide zabalean zeharreko desfile erritualizatu. Superportu eta biltegiak, eta ez eliza eta enparantzak, dira biharko erromes hiriak. Inertziaz eraikiz doaz, eta ez dute giza-eskalarik. Algoritmozko trafiko kontrol sistema eta berez eragindako makina sareen bidez dira gizarteratuak, legedia demokratikoz baino protokolo automatikoz gidatutako mugimendu espazio sekularretan.

Agerikoa da nola ari diren espazio hauek periferiatik gure etxe ondoko paisaiara barreiatzen, egunero zeharkatzen ditugun lekuak dira, azpiegitura soil bezala gutxietsiak eta zeharka aitatuak. Nolanahi ere, hain hitz lodiak, forma ezohiko eta espazio-denbora antolakuntza desberdinak hartu ohi ditu beregan. Hala dirudi, dagoeneko azpiegitura-turismoa ageri denean tour-eragileen triptikoetan (poligono berriak eta ontzioletarako txangoak, besteak beste). Horrek adieraziko luke makina eta paisaiadeshumanizatuen eratze periferikoa desmitifikatu eta barneratzeko prest dela jendartea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.