Albistea entzun

LAUHAZKA

Remember Anna K.

Keira Knightley aktorea, Anna Kareninaren rolean, 2012an estreinatutako filmean.
Keira Knightley aktorea, Anna Kareninaren rolean, 2012an estreinatutako filmean. BERRIA

Itxaro Borda -

2015eko urriak 4

Moskuko geltokian Wronsky printzearen eta Karenina estatuko gizon puxantaren andrearen arteko begirada sakonak, omena eta fama salbu, artean elkar ezezagutzen zirela, literatura aldatuko zuen errotik. Melodrama perfektuak, happy end-ik gabe, luzerako zizelkatuko zituen izpirituak, Hollywoodeko zinema industriari oparotasuna ziurtatuz. Gustave Flaubert handiaren Emma Bovary baino ausartagoa zen Anna K., eslaviar arima zeukalako, Petersburgo eta Moskuko distiren lurrinetan bururaino joateko, hazia eta hezia.

Leon Tolstoi ohitua zen hatsa eta eraman erraldoiko eleberriak plazaratzen. Gerra eta Bakea nobelak adibidez, Errusiako estepa hotzetan Napoleon frantses enperadore konkistatzailearen falanga nola trabatua suertatu zen kontatzen zuen, Berezina ibai ankerrean herritarrek jolastu fantasia heroikoa ahuspatuz. Anna Karenina obran bederatziehun orrialde behar izan zituen amodiozko istorio minbera eta ukigarriaren orrazteko. Hemen ere gertaera intimo indibidualak nahasten zituen Errusiaren destinoaren gora-beherarekiko zantzuekin: 1908ko lehen iraultza bezperan gaude, esklaboak askatuak izan dira, laborari eta langile soil bilakatuz, Europako eztabaida politiko eta ekonomikoez jakitun direla lur eta kargu jabeak. Nobelan zehar agertzen dira eztabaidak, aitzinamenduaren aldekoak, kontrakoak, armadaren lekua, elizarena, moralak duen garrantzia…

Azken asteotan treneko bidaia asko neuzkan iragarriak. Liburu mardula bilatzen nuen, hosto andanak denbora pasatzen lagunduko ninduelakoan. Errusiar literatura gustatu zait betidanik, eleberriak, poesiak, lekukotasunak… Fiodor Dostoievskiren konpainiaz gozatu nuen, urtea baino gehiagoz, bere idazle egutegiarekin bukatuz, tristura bat bihotzean, irakurle-pasionatu ibilaldia akabatzen zitzaidalako hain zuzen. Uda honetan, Anton Txekhovekin batera ausatu nintzen kartzela-kolonia moduan antolatu Sakalinako uhartean, goiti eta beheiti, ezker eta eskuin, noizbait —jada egina ez baldin bazen…— euskaratuko nukeen Kaia Txoria antzerkia eskaintzeko, balizko casting batean, zein antzezle aukeratuko nituen irudikatuz: Patxo Telleria, Itziar Ituño, Mikel Martinez, Loreto Mauleon eta Martxelo Rubio…

Ez nekien zein obra hautatu. Michel Onfray filosofo frantsesari egin zitzaion Prousten galdeketak argi zirrizta bat piztu zidan. Bertan aitortzen zuen, bere lagun zenak bai, baina berak ez zuela nehoiz ukan Anna Karenina leitzeko kuraiarik. Denbora eskasez. Tirria faltaz. Karta bat neukan ahurrean, pista bat irekitzen zitzaidan. Arras konbentzitu ninduen Goenkale-ko 17. sasoiko atal batean German Madariagak, urtebetetzerako, Ines bere erizain partikularrari Anna Karenina nobela oparitu ziola ikusteak. Ondoko minutuan, Baionako Espainia karrikako Alinea liburu dendako norabidean nengoen, zanpa-zanpa, esperantzaz hegalda.

Eta geroztik, ez diot, liburua ireki eta Hendaia-Donostia arteko Euskotren batean erabili txartelak markatu orrialdera hupatzeko plazerari uko egiten. Zorion hutsa da. Anna Kareninaren izaera distiratsua, amultsua, tragikoa, infernurainoko erorketan jarraitzen dut geldialdiz geldialdi: bost axola zait Toulouse-Matabiaura iristean bi orduz oraino Intercite honetan malgortzekoa baldin banaiz, alderantziz, nahiko nuke denbora horma dadin, irakurle bakartasun bekaitzak menderen mendeetan iraun dakidan. Eta ohartzen naiz, bera ere lur-jabea zelako agian, Tolstoik xeheki agertzen duen jendarte errusiarraren ereduak usteltzen doazela, maisu eta mutilen arteko harremanak uhertzen, aristokraziaren boterearen higatzen… baliteke gainera nobelako beste pertsonaia ardatza den Kostia Levine baserritarra Tolstoik bere itxurara sortu izana, kezka eta xede berdinekin.

Trenak ekarri, trenak eroan Anna Kareninak eta Wronsky printzeak dastatu amodio ozpeñan oinarritzen da eleberriaren unibertsaltasuna, guztiz gehienek, erraiak literalki behin erre dizkigun antzeko sentimenduak uste ez genituen lekuetara bulkatu gaituelako: «zorion guztiak antzekoak dira, baina zoritxar bakoitzak bere traka berezia dauka…».

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

Joaldun bat Ortzaizeko kabalkadan, irailaren 18an. ©PATXI BELTZAIZ

Kultur politikaren eraikuntzan

Joanes Etxebarria

Heldu den otsailaren 4an Euskal Elkargoan kultur politikaren proiektua bozkatuko dute. Proiektuak, eragileen rolak definituz, Euskal Kultur Erakundearena argituko du. Garapen Kontseilua, berriz, ondoko urteetako proiekzioa lantzen hasiko da oraidanik.
Clara Montero Tabakalerako Kultura zuzendaria, eta Ana Teixeira eta Oier Etxeberria erakusketaren komisarioak, atzo, hainbat artistarekin. ©MAIALEN ANDRES / FOKU

Begi bistakoa den armategia

Naroa Torralba Rodriguez

Gaurtik ekainaren 4ra bitarte, Evil Eye erakusketa dago Tabakaleran. Izaro Ieregi eta Azucena Vieites artisten lanak ditu, besteak beste. Jarduera programa bat ere izango du
Claudie Marcel-Dubois eta Maguy Pichonnet-Andral etnomusikologoak. ©Claudie Marcel-Dubois

Bigarren Mundu Gerlaren ondoko grabaketa batzuk, entzungai sarean

Iñaki Etxeleku - Ipar Euskal Herriko Hitza

Frantziako bi ikerlarik 1947an eta 1958an egin euskal kantu, bertso eta soinu grabaketak Interneten entzungai jarri dituzte berriki. Artxibo horiek gehienak aztertzekoak dira oraino.

Bertso Eguna, iaz, Izpuran. / ©Guillaume Fauveau

Kinka buletina

Klima larrialdiari eta ingurumenari buruzko azken berriak zabaltzen dituen buletina.

Iruzkinak kargatzen...