Maite Larburu.
LAUHAZKA

Inbutuaren iraultza

2016ko urriaren 2a
00:00
Entzun
Charlie Parkerrek esan zuen musika zure esperientzia propioa dela. Ā«Ez baduzu musika bizitzen ez da zure turutatik kanpo irtengo! Musikak mugak dituela irakasten dizute. Baina, man, ez dago mugarik artearen erreinuanĀ».

Bai, Bird-en saxoa jotzeko moduan mugarririk ez da ageri. Eta bai, kontserbatoriotik pasatu gabeko musikari izugarri horietako bat, hau ere.

Aiaiai... musikaren mugak... ala musikarionak? Kontserbatorioan musika inbututik barrena sartzen zigutela iruditu izan zait sarri. Musikaren historia eta estetika jakin bat erakutsi zidaten niri. Partituran zegoena irakurtzen ikasi nuen, batez ere. Eta biolinista onenen jotzeko modua imitatzen saiatzen.

Baina... nork esan hau soinu ederra da eta hau ez? Artea nola irakatsi liteke (L)imitazioz?

Behin, nire Eslovakiako lagun batek kontatu zidan Europa ekialdean folk bandetan jotzeko ohitura handia dagoela, eta berak ere, bere aitarekin batera, folk talde batean jotzen zuela. Baina kontserbatorioko biolin irakasleak folka egiten zuela deskubritu zuenean... akabo! Folk biolin jotzaileen soinua txarra baitzen! Ezin zuen kontserbatorioko biolin soinu ederra folkarekin zikindu; ez jauna! Urteak pasatu ondoren, ordea, folkera bueltatu nahi izan zuenean, zikin, gaizki, itsusi jotzen berrikasi behar izan zuen. Folkean, noski, garbia denaren inguruko idealak ezberdinak dira. Inprobisazioa erabiltzen da, eta, paperaren faltan, buruan eta bihotzean daramatzaten belarriz ikasiriko milaka eta milaka doinu horiek, eskura dituzten edozein instrumentu (horien artean ahotsa) erabiliz kanporatzen dituzte...

Zergatik kontsideratzen zen kontserbatorioan trebezia hori guztia heziketaren kontrako zerbait?

Erromantizismo garaia izan zen jaso ditugun aurreiritzi horien guztien sortzailea. Frantziako Iraultzarekin batera, 1789an, haustura itzela gertatu zen musikan; ez zen pixkanakako gauza izan gainera, etete kontzientea baizik. Gainerako arteen modalitateetan, klasikoetara bueltatu nahi izan zen: Erroma eta Greziara. Baina musikan ez dago ia garai horretako ebidentziarik, beraz, Erromantizismo garaiko konpositoreek klasizismo autonomo bat sortzeari ekin zioten. Beethovenen sinfoniak izan ziren klasizismo horren oinarri. Konpositorea heroi, jenio moduko zerbait bezala ulertzen hasi ziren garai hartakoak, eta, handitasun horri gurtza egiteko, tenplu itxurako kontzertu aretoak eraiki ziren; panteoiak konpositoreen buruen bustoekin, garai bateko erromatar enperadoreekin egiten zen bezala. Frantziako Iraultzaren idealen ondorio dira gaur egunera arte iraun duten musika argitaletxeak, opera aretoak, orkestra sinfonikoak, eta, nola ez, kontserbatorioak. Konpositorea musikaren enperadorea zenez, hark partituran eginiko zehaztasunak, idatzi zituen oharrak-buru belarri obeditu behar ziren; musika eskola estandarrak sortu ziren horretarako Europa osoan, eta hala, ekialdeko musika tradizioaren historiak izan duen mugarik erraldoiena eraiki zen.

1789. urte aurreko musikariek zerikusi txikia zuten honekin guztiarekin. Barroko edo Errenazimentu garaiko konpositoreek oso oharpen gutxi zehazten zituzten partituran; interpreteak ez zuen horren beharrik, estilo berean piezak idatzi eta inprobisatzeko gai baitzen. Bach, organista, biolinista eta inprobisatzaile miretsia zen. Mozarten biolina, biola eta pianofortea jotzeko modua ere ezagunak dira... eta horiek konposizioan jenialak zirenen bi adibide txiki besterik ez dira; musikari arruntenek ere, hobekiago ala txartoago, instrumentu anitz jotzen, inprobisatzen eta musika sortzen eta idazten baitzekiten. Folk edo jazzeko musikariaren antzeko zerbait ziren haiek: doinu estandar bat hartu, eta ea nork hobekiago apaindu aritzen ziren.

Honekin guztiarekin ez dut esan nahi Frantziako Iraultzaren aurretiko musikariak gu baino hobeak zirenik; ezta gutxiago ere. Baina gu ere ez gara haiek baina iaioagoak. Artearen eboluzioan sinestea, hau da, artea mendez mende eta lekuz leku edertuz joan dela sinestea txorakeria iruditzen zait, ahulezia. Neandertalen harrizko labanei beste begiratu bat ematen ari zaizkie gaur egun, eta oso oinarrizkoa zela uste zen zerbait hain landu gabekoa ez dela ohartzen hasi dira... Artisau ofizioaren trebetasuna garaian garaiko begietatik begiratuta ikusten saiatu beharko genuke.

Charlie Parker 1789. urte aurretiko musikari haiengandik gertuago zegoen idiomatikoki. Hark aipatzen duen mugarik gabeko musika egiteko, zure barnekoa kanpora ateratzeko, zein bitartekari, edota estilo, edota instrumentu erabiltzen duzun gutxienekoa da. Inbutuak ertz bietan ditu zuloak, buelta eman besterik ez dago. Eta hara... jarri inbutua aldrebes eta turuta bila joan beharrik ez!
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.