Maite Larburu.
LAUHAZKA

Lindeman

2017ko martxoaren 19a
00:00
Entzun
Fred Lindeman azkena ikusi nuen egunean, banekien. Banekien Amsterdamgo luthier maite hau ez zela askozaz ere luzeago biziko. Zast!, ezker birika barruko azal milimetro bat sikatu egin zitzaidan, edo gibelaren eta giltzurrunaren artean den espazioa zabaldu, edo lepo gaineko ile bat kizkurtu. Zer den eta non dagoen ez dakizun zerbait sumatzen duzu soinean. Orduan, eta orduan besterik ez, azalpen bila hasten da burua (buru-larburu: beti atzetik!): «gela honetan airea falta da», edo, «ez dut nahikoa gosaldu», edo, «lepoko min hori kentzeko igeri egitera joan beharko nuke», edota, «Lindeman jauna ez dut gehiago bizirik ikusiko».

Eta halaxe izan zen.

Joan zen urtarrilean, 84 urte zituela, Fred Lindemanek zeru azpian egoteari utzi zion. Haren heriotzaren berri izan eta bat-bateko galera erraldoiaz jabetzea gauza bat eta bakarra izan ziren. Fredek planeta zahar bat berarekin eraman du; antzinako biolin, biola, txelo, tripazko soka eta viola da gamba originalen inguruko ipuinez ehunduriko alfonbra bat hegan joan da. Fred Lindeman soka-tresnen sendagilea, mendeen poderioz gaur eguneraarte aldatuz joan diren instrumentuak behin izan zuten eraketara birmoldatzen hasi zen lehendabiziko luthierretakoa izan baitzen. Kontu hauen inguruan ezer gutxi dakienari adibide bat ematen saiatuko naiz: pentsa lasterketa bizikleta zahar bati pieza berriak gehituz joan dela norbait urteen buruan: kanbioak, gurpil-uztaiak, aulkitxoa, ointoki modernoak... Orduan, beste norbaitek bigarren eskuko bizikleta hori erosten du, jatorrizko zatiak hemendik eta handik lortu, eta bizikleta horri sortu zen momentuan zuen itxura ematen dio. Horixe egiten hasi ziren instrumentu eraikitzaileak 1960ko hamarkadan, musikaren mugimendu historizista hasi zenean. Horren ondorioz, instrumentuen soinua erabat aldatu zen.

Fred Lindemani nire antzinako biolin erosi berriarekin joan nintzaion eguna ez zait sekula ahaztuko. Orduan ere herio inguruan nenbilkien: Jacques Holtman biolin jotzaile bikaina hil berria zen, eta haren semeak niri saldu zidan haren instrumentu zaharra. Biolina barrokoa zen, hau da, jada itxura modernotik jatorrizko garaikora aldatuta zegoen. Lindeman jada itsutzen hasita zegoen, baina bere luparekin biolinari begiratu eta esan zuen: «Hara! Baina zer daukagu hemen? Holtmanen biolintxo zaharra! Nik barrokora eraldatutako lehenengoetako biolina da hau!». Segundo bat behar izan zuen biolina, biolinaren jabea eta haren inguruko istorioak gogoratzeko.

Lindemanen estudioak hiru zati zituen: bizilekua, lantokia eta denda txiki bat. 2007an erretiratu eta tailerrean lan egiteari utzi egin zion, baina denda urtarrilera arte mantendu zuen. Bertan, tripazko sokak eta bestelakoak saltzen zituen. Azaroaren 23an Freden etxera gerturatu nintzenean, tinbrea jo nuen. Atean, ohar batek zera zioen: «Itxaron, mesedez. Zailtasunak ditut ibiltzerakoan». Minutu gutxiren buruan, aitonatxo Lindemanek atea ireki zidan: «Kom maar naar binnen! Sartu barrura!». Dendaraino eraman ninduen, behatz artean zigarrokina zuela. Horrelako leku gutxi daude jada: pareta eta gortinak nikotinak horiturik, egur oneko mostradore eta armairuaksoka, erretxina eta paperez beteak...

Faktura nola egiten zidan begira egon nintzen. Idazkera antigoaleko dotore batekin idatzi zuen:

67,8 + 6,8 = 60 euro.

«Maar... Meneer Lindeman! Baina, Lindeman jauna, batuketa hori ez dago ondo!». «Met plezier en afkorting», esan zidan; «plazer eta deskontuarekin». Holandarrek Europa iparraldean, katalanek penintsula iberikoan duten fama antzerakoa dute... eta 15 euroko deskontua? Lindeman langile fina baino gehiago izan da: erabateko gentlemana.

Biolin joleon artean ezagun den The Strad instrumentu aldizkarian gizon honi buruzko artikulu bat atera berri da. 1975ean New Yorkeko Arte Museo Metropolitanoan den Stradivarius biolinetako bat berak zaharberritu zuen: lutheritza mailan lorpen ikaragarria da hori! Freden aita bera ere luthierra zela irakurri dut; dirudienez, II. Mundu Gerran juduak ezkutatu zituen, eta Lindeman aita-semeek haiei janaria lortzeko kupoiak eramaten zizkieten. Naziek aitaren tailerra konfiskatu eta itxi egin zuten, horren ondorioz. Eta Fredek urteen buruan lantegia berrerosi egin behar izan zuen. Interneten Lindemani idatziriko adio gutun oso hunkigarriak daude; maitea zen oso musikarien artean.

Bidaia on, Meneer Lindeman! Zuk nire biolinari egindako mastan gora eta behera dabiltza egunero nire hatzak.

Nire hatzak: zelako gauza mugatu eta xumea; baina 400 urtean zehar nire eskuak, zureak eta beste askorenak biolin honekin eta besteekin egiten ari garena, mugagabea eta ederra.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.