Ibon Aranberri.
LAUHAZKA

Helmuga lerroa

2017ko apirilaren 9a
00:00
Entzun
Oinez goazenean, ez diogu hankapeko zorua ukitzeari uzten. Lurrean daramagu bi hanketako bat, besteak aurrera egiten duelarik. Korrika goazenean, ordea, hanka biak daramazkigu aidean batera une batez, berriro zorua ukitu bitartean. Horrela, korrika egitea da eguneroko mugimenduan hegan egitearekiko ekintza antzekoena, ekintza xalo bezain miragarria.

Kirol desberdinen artean demokratikoentzat jo ohi da korrika egitea, merke eta norberaren ahalmenekoa izaki, aintzinakoena ere ba omen da; arrakasta zabaleko eginahal osasuntsua gaur egun. Baina korrika egitea ez da berez kirola. Mugitzeko era arruntegia delako, are gehiago, metafora kutsu gehiegi duelako kirola izateko, ihesi ibiltzea, atzetik joatea, garaiz iristea, edota kausa baten alde korrika egitea.

Ibili geldoko izaki ginelarik, beharrizanaz garatutako teknologiak lagundu zigun mugimendua irabazten. Baliabide mekanikoek eta prestakuntza zorrotzek eman ziguten azkarrago joateko ahalmena. Erritmo berean egokitu ziren irudiaren teknologiak, abiaduraren narrazio desberdinak berrituz. Gorputzaren abiadura mugak gainditu ahala arinduko zen kameraren kliska, irudi zehatzagoak eraikitzeko optika eta obturadoreak doituz. Jasotzen zuen gorputz irudiaren mugimendu sinkronian joango ziren kamera eta pelikula, teknologiak gorputzari aurre hartzeraino. Irudiak garamatza korrikara, irudirik gabe ez da korrikarik.

Gaur egun nagusi den gizakia, orain dela milioika urte harrapari basatien mehatxuari ihes korrika bere burua salbatutakoen ondorengoa litzateke. Korrika bizian imajina dezakegu aintzinako ehiztaria (arra), izerdi patsetan, ihesean edota bazkaren atzetik; eta ilunabarrean sutondoan eserita, txingarrean erretako okela jaten, gorputza elikatu eta ondorenerako biziraupena irabaziz.

Zer gertatzen da ordea lehengo piztien atzetik edo ihesi ibili beharrik ez dugunean? Behinola animalia eta animaliaren arteko biziraute gatazka zen korrika, geroago animalia eta gizakiaren arteko gailentasun kinka, azkenean gizaki eta gizakien arteko norgehiagoka adiskikidetsu gisa sublimatu da. Iraunkortasunaren teoriari esker, ez da zaila ulertzen nola egin dugun bidea, piztien hatzapar muturretatik zuzenean errealitate hiritar tekno-kapitalistara. Gainditu ditugu oztopo fisiko eta ideologikoak, jasoagoa, aratzagoa den praktika erdiesteko: aisiazko korrika. Orduan bilakatzen da korrika egitea nonbait soinketa. Ariketa fisikorako parapetorik sofistikatuenez, egunero ematen dugun pausu kopuru eta estatistikak neurtzen dizkiguten gailuak barne, kolore fosforitoz jantzita abiadan doazen giza-gorputz multzoak irudikatzen ditugu.

Begiradaz gozatzeko moduko gertakizun ikusgarria ez izanik, instantean harrapatutako keinuz bilakatzen da korrika egitea irudi baleko. Antzeztokian edo telebista pantailan jazotzen diren agerpenak badakigu nola gureganatu. Korrika saioa gure aurrean igarotzen denean, ordea, hartzaileak ez du asmatzen nola eta zeri begiratu. Egunero doaz korrikalariak batetik bestera, baina beraien joan-etorria ez da bere horretan kontakizun bat. Helmuga lerroa behar da horretarako, distantzia eta giza esperientziak bilduz narrazio epikoa eraikitzeko. Helmuga lerroak antolatzen du denbora eta espazioa, eta sortzen du esfortzuen koreografia.

Aire libreko hainbat kirolek bezala eratzen du paisaiarekiko harremana korrikak ere, baina korrika saioak ez du lekuaren esperientziarik sortuko, edozelakoa izanik ere lekua, ezinbestean dominazio eremu bilakatuko du lekua bera, irudi poetiko, bestela esanda. Kirol teknologiaren perspektiba deskribatzaile eta begirada angeluz osatutako ikusmirak eszenategi atze bihurtzen ditu lekuak. Antzeko eragiketa dakar turismoak, baina turistak ez doaz korrika saioak ikustera, korrikalariak beraiek dira eta turistak. Hiri batetik bestera, konpetizio edo martxa batetik bestera, tokian tokiko ekonomiak sustatuz.

Korrika olinpikoaren kondaira jatorrizkoak abiatu zuen komunikazio bizkorraren bilakaera. Korrika joatea baitzen mezua Marathonetik Atenasera igortzeko modurik azkarrena, «irabazi dugu» jakinarazteko. Korrikalari soilaren txikitasunean oinarritzen da kondaira, bide luzea nabarmendu gabe egiteagatik bete zuen-eta bere egitekoa arrakastaz. Misioaren une gorenean, mezua erregeari kontatu bezain pronto, hondoa jo zuen. Gaur egun ere, guda ondorengo akidura une horren errepresentazioari eusten diote korrika saioek eta muturreko kirol-frogek, behin helmuga lerroa gaindituta ziplo erortzean flash distiren aurrean, une errukarrian.

Korrika batera egiterakoan, gainditua da bi aldeen arteko kirol areriotasunaren borroka eta drama, talka bikorik ezean hartzen du zentzu kolektiboa korrikaren ekintzak, orduan ez da etsairik behar aurrera egiteko, helmugara iristeko. Aproposa da jendartean elkartu eta batera joateko, martxa anitzean, aldarrikapen diskurtsoan, bizkarrean zenbakirik gabe. Distantzia hartuko du kamerak masaren mugimendua lekuan finkatzeko. Banakakoaren sufrimendutik multzoaren gertakizunera igaroko da irudia.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.