Juanjo Olasagarre.
LAUHAZKA

Zonbiak, fantasmak eta beste bizidun batzuk

2017ko urriaren 1a
00:00
Entzun
Fikzioak askotan jo du alegoria fantastikora gatazka politikoa aurkezteko. Eta horretarakobeste kasta sortu du, dela mamu, dela extralurtar, dela zonbi, dela animalia; maiz, gainera,beste kasta horrek eragindako kontraesanak, politikoez harantzago, ontologikoak bihurtu ditu, bide batez, ontologiaren izatea arraso politikoa dela azalaraziz.

George Orwellen Abereen Etxaldea-z eta Henry Jamesen Koxka bat estuago-z akordatzen naiz, baina baita ere hainbat filmez: District 9 hegoafrikarra, Train to Busan korearra, I am a hero japoniarra, Cleverman serie australiarra, Contracorriente film perutarra non armairutik ateratzea bezalako ekintza politikoa argi berritan ageri baita pertsonaietako bat fantasma delako; are gehiago, behartzen banauzue Prousten homosexual guzti horiek ere beste kasta bat diren neurrian zonbi moduan uler litezke.

Mamuek, zonbiek, estralurtarrek zalantzan paratzen dute errealitatea, eta gaur egun, egia ondoaren garai hauetan, argitu egiten dute gezurra eta egiaren arteko muga, mundu erreala deitzen dugun horifantasmal bihurtuz, izenondo atxagiar bat erabiltzearren.

Euskal Herriaren Zera kontatzeko Hamaika Pauso, Gizona bere bakardadean, Bizia Lo, Boga boga, Azken afaria bezalako nobeletan errealismoa erabili da, nagusiki; Zalduak berak ere, beste gai batzuk ukitzerakoan zientzia fikzioa eta beste mundu batzuen sorrerara jo duenak, Euskal Gatazka argitzeko orduan, errealismora jo du. Ez dago, beraz, nik gogoratzen dudala behintzat, denbora honetaz eta heriotzaz harantzagoko mundurik erakusten duen euskal nobelarik gai horri dagokionez (egia da Bizia Lo ipuin liburuko azken ipuina modu fantastikoan uler daitekeela).

Duela urte batzuk argitaraturiko nobela bat berrirakurtzean bururatu zait gogoeta. The Twelve. Stuart Neville. 2009( Los fantasmas de Belfast). Bertan, Gerry Fegan IRAko militante hiltzailea bere biktimen fantasmez inguraturik bizi da Stormonteko negoziazioen garaian; biktimek mendekua eskatzen diote eta nobelak hilketak agindu zituzten politiko, militante eta agente ezkutuak banan bana nola akabatzen dituen kontatzen du. Nobelaren bukaerak sor dezakeen iritzi moralari buruzko eztabaida alde batera utzirik, Nevilleren nobela fantastikoakohiko nobela errealista batek baino askoz hobe islatzen du Ipar Irlandako gatazkak eragindako min hura guztia.

Biktimen mendeku goseak bultzatzen du nobelaren tempo narratiboa, eta aldi berean haien eite espektralak pixkanaka nobelaren tonua tindatuz doaz harik eta, une batetik aurrera, errealitatea erabat fantasmala bihurturik, errealitatearen eta fantasiaren arteko muga ezabatu arte.

Nobela irakurri dudan bigarren aldi honetan, lehengoan baino argiago agertu zaizkit hemengo egoerarekiko antzekotasunak, lehendabiziko aldi hartan oraindik Euskal Gatazka, ofizialki, bederen bizirik zegoelako, eta egun, Euskal Gatazka Euskal Gatazkaren espektroa baino ez delako. Espektroa diot gehienok ere atzean utzi, ahaztu eta ez gertatuarena egin nahi diogulakoz (Jokin Muñozen Joan Zaretenean (1997) nobelan — ez-fantastikoa hemen erabiltzen ari garen terminologiari dagokionez— badago gerora errealitate materiala, dei diezaiogun horrela, espektro bilakatuko delako iragarkia-edo. Protagonistaren ahotsean laurogei eta hamar hamarkadan leku guztietan ageri ziren presoen argazki erraldoiak erabat mamu bihurturik ageri dira, errealitate materialik gabekoak, gaur egun Euskal Gatazkaren modura).

Iban Zalduak esan duen bezala, hemendik aurrera Euskal Gatazka literatur gai topiko bihurtzeko arriskuan dago, hala nola bolada batean Gerra Zibilari buruzko literatura estatu espainiarrean. Erreparatu, bestela, Fernando Aranbururen Patria-ren arrakastari. Eta topikoak, jakina da, ez du balio errealitatearen ertz eta ilunkerak, une batez bada ere, argitzeko. Topikoak topikoa indartzen du.

Irudika dezagun Nevilleren nobelaren antzera, Lasa eta Zabala berpiztu eta Bidarteko ETAko buruzagien kontra hasi eta banan bana hiltzen dituztela. Eta gero beste biktima batzuekin bat eginik Euskal Gatazka usteltzen utzi duten politikoak akabatzen dituztela; eta gero herritarren kontra egiten dutela, lehengoko eta oraingo isiltasunagatik. Biktimen eta hiltzaileen gorpuak gorputz bihurtzen hasten dira. Gotorleku batean elkartzen dira. Hura setiatzera abiatzen da Euskal Herriko populazio guztia zonbi bihurturik. Nobela bukatzean arazo zonbi bat dugula ohartuko ginateke. Atzean utzi baina konpondu ezean noizbait odola xurgatuko digun arazo bat. Zein dira zonbiak?
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.