Susana Abaitua. Aktorea

«'Sé quien eres'-ekin, telebista antzerkiaren eta zinemaren parean dago»

Tele5k 'Sé quien eres' suspentsezko telesaila estreinatu du, eta bihar emango dute bigarren atala. Pau Freixasek sortutako lan horrek hamasei atal izango ditu. Abaituak pertsonaia protagonistetako bat jokatzen du.
LARDIEZ

Urtzi Urkizu -

2017ko urtarrilak 22
16 urte zituela, Madrilera joan zen ikastera eta lanera Susana Abaitua (Gasteiz, 1990). Otsailera arte ariko da Sé quien eres telesaila grabatzen, Bartzelonan. Asteburuetan La Llamada musikalean parte hartzen du, Madrilen.

Zure pertsonaia Ana Saura da Sé quien eres telesailean, desagertu egin den neska bat. Noiz agertuko da?

Nire pertsonaia flashback-etan azalduko da. Horietan pistak emango ditu berarekin gerta daitekeenaren inguruan.

Intrigaz betetako telesaila da. Gidoietan lan asko dago, ezta?

Gidoiek ikusle guztiak harrituko dituzte. Aktoreok irentsi egiten ditugu gidoiak.

Pau Freixasek sekulako arrakasta lortu zuen Polseres vermelles telesailarekin. AEBetan egokitzapen bat egin dute. Zer moduz ari zara harekin lanean?

Sekulakoa da. Bera da proiektu honen esentzia. Normalean, norbaitek telesailaren istorioa sortzen du, eta zuzendari bat kontratatzen dute. Kasu honetan, Freixasek sortu du dena. Aktore zuzendari bikaina da, gainera. Gauzak zail ere jartzen dizkigu, ez delako gutxirekin konformatzen. Pertsonaiak konplexuak dira, eta Freixasek ondo daki komunikatzen zer nahi duen haiengandik.

Pertsonaiek ñabardura asko al dituzte?

Bai, hala da, bai nire pertsonaiak bai beste guztiek ere. Telesailaren izenburuari buelta emango nioke, eta Ez dakit nor zaren esango nuke. Gizakiok dauzkagun aurpegi ezberdinak dira ardatza.

Nola iritsi zinen telesailera?

Hautaketa proben bidez. Aurreneko proba Madrilen egin nuen, eta gero bigarrena Bartzelonan egin nuen, zuzendariarekin.

Telesaila hamar herrialdetan saldu dute, Tele5n estreinatu aurretik. Ez da seinale txarra.

Oso harrituta nago horrekin. Jaialdi batean aurkeztu zuten, eta harrera bikaina izan zuen. Gainera, HBO España zerbitzuak ere jarriko du astero.

Lehen atala liderra izan zen Espainian. Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, berriz, El conquis-en atzetik gelditu zen, bigarren.

Iruditzen zait Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan ere jendeari gustatuko zaiola. Telesaila Tele5ren webgunean ere osorik ikus daiteke. Bigarren atalaren ikusle datuak garrantzitsuak izango dira, dena den.

Beste telesail batzuetan lan egin izan duzu. Zein izan da orain arte lanerako zirraragarriena?

Zalantzarik gabe, Sé quien eres. Ez da normala bizitzen ari garena. Ez dut inoiz telebista horrela bizi. Galdetzen didatenean antzerkia, zinema ala telebista, esaten dut Sé quien eres-ekin telebista zinemaren eta antzerkiaren parean dagoela.

Cuéntame telesailean Luchi pertsonaia jokatu zenuen. Gustura?

Oso dibertigarria izan zen. Baina pertsonaia hori orain beste aktore bat egiten ari da. Beraz, ez dut aukerarik izango telesail horretara itzultzeko.

La Llamada musikaleko lanaz zer nabarmenduko zenuke?

Orain arte ez nuen inoiz jende aurrean kantatu, eta oso ondo dago. Komedia kutsua dauka, gainera. Emanaldi guztietan betetzen da antzokia, eta ederra da hori. Bestetik, La flaqueza del bolchevique antzezlanean ari naiz, Adolfo Fernandezekin batera.

Zer da zuretzat antzerkia?

Antzerkiak kateatu egiten du; ez dut neure burua urte batez imajinatzen antzerkia egin gabe. Publikoarekin zuzeneko harremana da, mozketarik gabe. Oholtza gainean arima eskaintzen diozu jendeari. Pasioz bizi dut. Antzerkia ez da inoiz nire bizitzatik aterako.

Pena ematen al dizu Euskal Herrian aktoreentzat hain lan gutxi egoteak?

Zalantzarik gabe. Asko gustatuko litzaidake Euskal Herrian gauza gehiago egingo balira. Euskal Herrian sortu eta mundu osoan ikusiko diren produktuak egotea nahiko nuke. Talentu asko dago.

AEBetara joango zinateke?

Ez da nire helmuga. Frantziak gehiago erakartzen nau, egiten duten zinemagatik. Dena den, proiektu bat gustatzen baldin bazait, AEBetara, Txinara edo Japoniara joango naiz, edonora.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna