Beñat Zarrabeitia. Hamaika telebistako kazetaria

«Bilboko pultsu soziala kalean islatzen ari da»

Bilbo Handiaren egoera aztertzeko asmoz, Hamaikak 'Hiriburuan' saioa estreinatu du. Astelehen gauetan emango dute, 'Harrobia' kirol saioaren tokian. Zarrabeitiak aurkeztu eta zuzenduko du programa berria.

HAMAIKA.
urtzi urkizu
2018ko martxoaren 18a
00:00
Entzun
Iazko urtarriletik ari da Hamaikan lanean Beñat Zarrabeitia (Bilbo, 1983). Saioen aurkezlea izateaz gain, komunikazio arduraduna da.

Hiriburuan izena jarri diozue Bilbo Handiari buruzko saioari. Euskal Herriko hiriburu ekonomikoa izateagatik ala zergatik?

Ez soilik hori. Euskal Herriko biztanleriaren gehiengoa gune urbanoetan bizi da. Euskal Herrian, egun informazio arreta gune nagusiak Bilbo eta Iruñea dira. Bilbo Handian milioi bat biztanle bizi da. Bestalde, orain arte eztabaidagai bilakatu ez diren hainbat osagai daude ikuspegi nazionaletik, ikuspegi sozialetik eta genero aldetik. 2018. urtean, Bilbon asko hitz egingo da ekitaldi handien inguruan, eta bihar horretaz ariko gara. Ezkerraldeari ere saio oso bat eskainiko diogu, eta beste bat etxebizitzarekin lotutako gaiei.

Independentismoaz aritu zineten aurreneko atalean. Zein ondorio atera zenituen saiotik?

Batetik, interesa dagoela gaian. Independentismoak hauteskunde ikuspuntutik gabeziak dauzka Bilbo Handian eta beste gune urbano batzuetan. Badago masa kritiko bat, baina ez du konektatzen gehiengo zabal batekin Bilbo Handian. Independentismoak kontakizun berri bat behar du, iruditeria berri bat osatu behar du beste erreferente batzuekin. Eta Bilbo Handian ez badu %20ko langa gainditzen, independentismoak Euskal Herri osoan nekez egingo du jauzi kualitatiborik.

Azkeneko asteetan mobilizazio oso jendetsuak izan dira Bilbon: pentsiodunak, Martxoaren 8a... Nola helduko diezue?

Ikusi da badagoela pultsu sozial bat, eta hori kalean islatzen ari da hedabide konbentzionaletan baino lehenago. M-15 mugimenduak ez zuen Euskal Herrian indarrik izan, baina orain ikusten ari gara Bilboko mobilizazioak abangoardia irudia izan direla Espainiako telebista kateetan.

The New York Times egunkarian ere bai.

Bai, Bilbao, Spain jarrita. Mobilizazio horiek Euskal Herriko testuinguru nazionaletik nola irudikatzen diren ikusi beharko genuke. Mediatikoki aztertzeko modukoa da bai pentsiodunen mugimendua bai feministena. Saioan ikuspegi ezberdinetatik helduko diegu pentsiodunen zein emakumeen gaiari. Elkarrizketa luzeak eta analisi mahaiak egingo ditugu horretarako.

Iruditzen zaizu saioak interesa izan dezakeela Bizkaitik kanpoko ikusle euskaldunentzat?

Eskaintza segmentatua egon behar dela uste dugu. Nafarroa Gaur saioa ere badaukagu Hamaikan, eta Nafarroakoak ez diren euskal herritarrentzat eragin nazionala du Nafarroako aktualitateak. Bilbo Handian eztabaida batzuk hauspotzen ez badira, nekez irudika daiteke Kataluniako egoera.

Hiriburuan saioko formatua baliagarria izan daiteke Gasteizko eta Donostia aldeko aktualitatea lantzeko?

Bai, zalantzarik gabe. Bakoitzak bere berezitasunak izango ditu, bere gaitegia, baina etorkizunean formatu bera erabil daiteke.

Nola ikusten duzu Hamaikaren edukien oihartzuna? Sare sozialetan handiagoa al da telebista tradizionalekoa baino?

Telebista kontsumitzeko eredua aldatzen ari da, eta erreferente guneak ere aldatuz doaz. Telebistako emankizunez gain, azkeneko urtean sare sozialetan dugun zabalkundea handitu egin da; Facebooken genituen jarraitzaileak bikoiztu egin dira azkeneko urtean. Bestalde, aktualitateari lotutako egun garrantzitsuetan zuzenekoak egiten ditugunean, gure irismena handiagoa izaten da. Jendeari eskaintza ezberdin bat ematen zaionean, erantzun egiten du.

Diru laguntza publiko txikiak ditu Hamaikak. Nola eragiten dizue eguneroko lanean?

Muga batzuk eragiten ditu. Baliabide gehiago bagenitu, langile gehiago izango genituzke, baliabide material gaurkotuagoak, eta indartsuago aritzeko aukera izango genuke. Baina gure egitekoa da dauzkagun baliabideekin ahalik eta eskaintza interesgarriena egitea, eta gure ekarpena egitea euskal komunikazio esparruari. Esparru horren gaineko eztabaida ere egin behar dugu, erraldoien aurrean indartsuago izateko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.