Albistea entzun

Alex Pina. Gidoilaria eta ekoizlea

«Nahiko eroa izaten ari da oihartzuna, ekoizpen etxe txikia baita gurea»

'La casa de papel' telesaila sekulako arrakasta lortzen ari da munduan. Pina da lanaren sortzailea eta ekoizle eragilea. Orain, Atresmedia Studios konpainiaren lehen telesaila ekoizten ari da: 'El embarcadero'.
VANCOUVER MEDIA Tamaina handiagoan ikusi

Urtzi Urkizu -

2018ko martxoak 25

Gidoilaria, telesailen sortzailea eta ekoizlea da Alex Pina (Iruñea, 1967). Donostian bizi izan zen 5 urte zituenetik unibertsitatera joan zen arte. Informazio Zientziak ikasi zituen Nafarroako Unibertsitatean. 2016an, Vancouver Media ekoizpen etxea sortu zuen.

La casa de papel-ek harrera ona izan zuen Antena3en. Baina orain munduko herrialde batzuetan arrakasta handia izaten ari da, Netflixen bidez. Nola bizi duzu gertatzen ari dena?

Oso txundituta, irudika ezina baita gertatzen ari dena. Telesaila Netflixek erosi zuen, eta gero sekulako oihartzuna izan du Brasilen, Argentinan, Italian eta beste herrialde batzuetan. Forbes aldizkariak argitaratu du AEBetakoak ez diren telesailen artean aurreneko tokian dagoela gurea, Alemaniako Dark-en aurretik.

Beste herrialde batean telesailaren bertsio bat egiteko proposamenik jaso duzue?

Esango nuke remake bat edo bertsio anglosaxoi bat egiteak ez lukeela zentzurik izango, 190 herrialdetan baitago ikusgai. Entzun dugunez, The Fast and the Furious film sortako zuzendaria liluratuta gelditu zen La casa de papel-ekin, eta AEBetara eraman nahi zuen.

Telesaileko aktoreentzat berezia izaten ari da, ezta?

Esther Acebok kontatu dit New Yorken jendeak kalean gelditu egiten zuela; zale batzuek tatuajeak egiten dituzte; Rioko [Brasil] inauterietan, gehien erabilitako jantzia izan zen telesaileko lapurrena; Arabia Saudin, bandera erraldoi bat atera zuten kirol emanaldi batean; aurrekoan enbaxada batetik deitu gintuzten, turkiar batzuek dirutza eskaini zutelako aktoreekin afaltzeko. Eromena da. Istorioak espiritu kritiko txiki bat du kapitalismoarekin, eta mezua ondo sartu da.

Vancouver Media ekoizpen etxearentzat zer eragin izaten ari da munduko zabalpena?

Nahiko eroa izaten ari da oihartzuna, gurea ekoizpen etxe txikia baita. Milaka dei jasotzen ditugu. Sortzaile talde bat gara. Enpresan 10-11 lagun gara, ekoizten ez gaudenean; telesail batean lanean ari garenean, ordea, 120 lagun inguru izaten ditugu kontratatuta. 2018. urte osoan, etenik gabe ariko gara ekoizten.

Atresmedia Studiosekin El embarcadero telesaila egingo duzue orain, Movistar+entzat.

Vis a vis eta La casa de papel telesailetan dagoen zerbait sartuko dugu: anbiguotasun morala, eta ikusleak ez dezala jakin non dauden onak eta non gaiztoak. Drama erromantiko batera eramango dugu hori, aurreiritziak hautsiz eta korrontearen aurka joanda. Bestalde, Atresmedia Studiosen sortu izana Espainiako fikzioarekiko dagoen interesaren isla da. Kalitate handiko telesailak egiten ari gara, nahiko kostu apalekoak, eta istorioak bikain zabaltzen dira nonahi.

Vis a vis telesailaren sortzaileetako bat izan zinen. Fox katean jarraituko du orain, ezta?

2016an Globomedia utzi nuen, eta ordutik ez dut loturarik telesail horrekin. Maitasun handia diot, eta pena handia izan zen Atresmedian jarraipenik ez izatea. Baina Foxen jarraitzea zoragarria iruditzen zait, espetxe horretan asko baitago kontatzeko.

Nola definituko zenuke telesailen loraldia?

Telesailak, neurri batean, zinema eta literatura gainditzen ari dira. Literatura berria dira telesailak. Horren erakusgarri da sortu diren jaialdi batzuk. Burbuila egoera bat da, une oso gozoa, eta istorio oso onak konta daitezke. Egunen batean, zulatu egingo da burbuila, baina orain fikzioaren garai ikusgarri hau baliatu behar da.

Netflix Originals deituriko telesailetako bat egiteko aukerak ikusten dituzu?

Bai, zalantzarik gabe. Are gehiago ikusita La casa de papel-ek Dark gainditu duela. Argi dago Netflixekin zerbait egingo dugula etorkizunean.

1990eko hamarkadan Caiga quien caiga saioko gidoilaria izan zinen. Ikusita nola dagoen adierazpen askatasuna, saio hori egun ematerik legoke?

Ez gara lehen bezain lotsagabe eta freskoak. Fikzioan irabazi dugu, baina Caiga quien caiga-ren moduko saioetan galdu egin dugu. Jendeak ausardia gutxiago du.

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

Jaurlaritzako, Euskal Wikilarien Kultura Elkarteko eta EHUko ordezkariak, Ikusgelaren aurkezpenean, atzo, Donostian. ©JON URBE / FOKU

Martxan da Ikusgela, euskarazko bideo pedagogikoen ataria

Amaia Jimenez Larrea

Euskal Wikilarien Elkarteak filosofiako, ekonomiako eta euskal literaturako bideoak egingo ditu

Juan Mari Arzak, BCCren ohorezko oroigarria hartuta, eta sukaldariz eta ikaslez inguratuta, atzo. ©MAIALEN ANDRES / FOKU

Arzak patroia, Arzak maisua

Enekoitz Telleria Sarriegi

BCC Basque Culinary Centerreko ohorezko patronatukide izendatu dute Juan Mari Arzak. Haren ekarpena eskertu dute, eta bere ezagutza partekatzeko izan duen eskuzabaltasuna goratu.

 ©BERRIA

Ohiko albisteetatik ihesi

Iker Tubia

Reuters institutuaren arabera, geroz eta jende gehiagok erabakitzen du gaurkotasuna albo batera uztea. Eragin psikologikoa, nekea, konfiantza falta eta ezintasun sentsazioa aipatu dituzte albisteetatik deskonektatu direnek.

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...