Uxue Alberdi eta Aitzol Barandiaran

«Gaurko finala festa handi bat izango da»

ETB1ek oso-osorik emango du gaur Bertsolari Txapelketa Nagusiko finala, 11:00etan hasita. Aitzol Barandiaran eta Uxue Alberdi ariko dira kontakizuna egiten, eta Ilaski Serrano izango dute laguntzaile.
ALBERTO ELOSEGI / XENPELAR DOKUMENTAZIO ZENTROA

Urtzi Urkizu -

2017ko abenduak 17
Bigarren aldiz ariko da gaur finalaren kontakizuna egiten Aitzol Barandiaran (Ataun, Gipuzkoa, 1986). Uxue Alberdirentzat (Elgoibar, Gipuzkoa, 1984), aldiz, aurreneko aldia da.

Zer moduz joan dira txapelketako telebista emanaldiak zuentzat?

AITZOL BARANDIARAN: Oso ondo joan dira. Duela lau urte Josu Goikoetxearekin aritu nintzen. Alberdik eta biok feeling-a izan dugu hasieratik.

UXUE ALBERDI: Lana eskaini zidatenean eta jakin nuenean Aitzolekin arituko nintzela, sentitu nuen gustura egingo nuela. Neurria hartu diogu egin beharrekoari.

Rolak ondo banatuak zenituzten, ezta?

A. B.: Bai, ni gidari aritu naiz, eta Alberdi, iritzia ematen. Hasieratik zehaztu genuen hori. Saioa kokatzea eta datozen ariketak azaltzea da nirea.

Ikusle bat baino gehiago kexu azaldu da ETB4ko iragarki tarteak gaztelaniaz zirelako. ETBk eman al du arrazoiren bat?

U. A.: Ez dakigu arrazoia zein den, baina normala da kexuak egotea. Beste hainbat gaietan bezala, ETBk ikuspegi batzuk ez ditu batere azertatuak. Gure kulturari ez diote laguntzen ikuspegi horiek.

Bertsoa.eus-en bertsoaldiak berehala jarri dituzte, eta sare sozialetan inoiz baino gehiago zabaldu dira. Horrek abantailak ekarri ditu, ala arriskuak?

A. B.: Bietatik. Bizi dugun garaiaren isla da. Maialen Lujanbioren Irungo bakarkakoa boom handia izan zen. Txapelketak sortzen duen lupa efektua da. Kalterako ere izan dezake eragina.

U. A.: Bi alde dauzka, bai. Sare sozialei esker ere, bertsoaren bitartez hainbat gairi buruzko gogoetarako hariak sortu dira, eta gero tira egingo zaie. Hori interesgarria da. Baina sare sozialek bizkorregi aritzea dakarte, uneko inpultsotik idaztea. Horrek beldur pixka bat ematen dit, bertsolaria zaurgarri dagoelako. Bertsolaria inprobisatzen ari da, eta arriskuak hartzen ditu. Batzuetan, ahazten zaigu bat-batean ari dela, testuinguru larri batean. Zenbait iruzkin ez daude doituta bertsolaria egiten ari den ariketari.

Txapelketaren oihartzun mediatikoa handitu egin al da?

A. B.: Bai. Duela lau urtekoak handia izan zuen, eta aurtengoak koska bat edo bi gora egin du. Akaso sare sozialen eragina aipatuko nuke.

Aulki-jokoa, Txapelpekoak eta Zautela saioak ikusi dituzue?

A. B.: Ikus-entzunezkoetan egiten diren lan horiek maila ikaragarrikoak iruditu zaizkit. Baliabide gutxirekin sekulako maila eman dute.

U. A.: Oso gustura ikusi ditut. Ikuspegi batzuekin gertuago sentitzen naiz. Aulki-jokoa-k azierto batzuk izan ditu. Bertsolaria bertso zaharrak destripatzen ikustea interesgarria da bertsozaleentzat. Bertsozaleek gako horiek ulertu dituzte; orain arte ez dira asko sozializatu, eta atsegingarri egin da.

Zer espero duzue finalaz?

A. B.: Bertsozale modura, festa handi bat izatea espero dut. Bertsolarien tenpleak harritu nau. Nahiko saio terrenala izango dela uste dut, eta maila handikoa. Asko gozatuko dugulakoan nago.

U. A.: Final on bat; handia izango da. Dezepzio handi samarra izan dut ez delako beste emakumerik sartu. Emakumezko ahots gehiagoren falta sumatuko dut.

Egun luzeak izaten dira finalekoak. Zein dira zailtasun handienak telebista emanaldietan?

A. B.: Egun luzeak dira, baina txapelketaren zurrunbiloan sartuta gaude, eta hegan joaten zaizkit saioak, baita finala ere. Atzean lantalde oso ona dugu, eta beldurrik ez.

Astelehenetik aurrera, bertso munduak aurrera jarraituko du txapelketa gabe. Zer bide opa diozue bertsogintzari?

A. B.: Txapelketa asko puzten den olatu bat da. Indartsu aritu diren gazteei plazetan aukera ematea espero dut. Hori da txapelketak eskaintzen duen gauzarik interesgarrienetakoa.

U. A.: Bertsolaritza tantaz tanta garatzen den zerbait da, modu diferenteetan gertatzen dena, eta horrekin gozatzen dut. Txapelketa garrantzitsua da, baina beste kanal batzuk interesgarriagoak iruditzen zaizkit. Foku gutxiago dituzten kanalak ditut gogoko. Berriak sortzea ere espero dut.