Friedrich Merz

Itzulera arrakastatsua nahi du

JENS SCHLUETER / EFE.
ander perez zala
2018ko abenduaren 7a
00:00
Entzun
Friedrich Merz (Brilon, 1955) CDU Batasun Kristau-Demokrataren talde parlamentarioko buruzagia zen 2002an. Angela Merkel alderdiaren presidente zen 2000az geroztik eta, boterea bildu nahian, Merz kargutik kendu zuen, bere burua sendotu eta Alemaniako kantziler bilakatzeko; 2005ean bete zuen helburua. «Ez da sekretu bat Merkelekin ez naizela beti ados egon, baina bion artean ez dago adiskidetzarako beharrik», adierazi zuen Merzek politikara itzuliko zela jakinarazi zuen egunean, azaroan. CDUren sektore eskuindarrena ordezkatzen du, eta askok AFD Alemaniarentzako Alternatiba ultraeskuindarrari aurre egiteko hautagai apropostzat dute. Baina baita Merkelen agurra azkartu dezakeena ere.

«Arretaz gogoeta egin ostean» hartu zuen politikara itzultzeko erabakia Merzek. 2009an utzi zuen parlamentuko diputatu kargua, eta harrez geroztik finantza lanetan izan da, batez ere abokatu gisa. Baina orain, Merkelek kargu boteretsu bat hutsik utzi duela jakitun, itzulera arrakastatsua egin nahi du: «CDUk eztabaida politiko bat behar du, etorkizuneko begirada duena, eta horrek, nire ustez, esan nahi du alderdiak bere nortasuna zein den argitu behar duela». Alegia, Merkelen garaiarekin hausteko asmoa agertu du hautagai eskuindarrenak: alderdiko presidente hautatuko balute, litekeena da jarrera eta politika eskuindarragoak sustatzea, eta horrek zailduko lioke Merkeli kantziler karguan jarraitzea, jarrera askoz moderatuagoa baitu.

Parlamentuetako hitzaldi gogorrengatik egin zen ezagun. Horietako batean honakoa esan zuen: «Alemaniara datozenak kultura aleman liberalera egokitu beharko dira».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.