ATHLETIC 2 LEGANES 1

Sufrituta, baina nagusi

Athleticek Leganesi irabazi dio San Mamesen, Muniainek 93. minutuan sartutako golari esker. Unai Simonek jokatu du, Berizzok deialditik at utzi baitu Remiro

Iñaki Williams, Yeray Alvarez eta Aritz Aduriz, Leganeseko jokalariekin lehian, atzo. LUIS TEJIDO / EFE.
Julen Etxeberria.
2018ko abuztuaren 21a
00:00
Entzun
Golak. 1-0: Nolaskoainek (27. min.). 1-1: Jonathan Silvak (33. min.). 2-1: Muniainek (93. min.). Epailea. Cordero Vega. Txartel horiak: Athleticeko Yeray, Yuri eta Raul Garciari; eta Leganeseko Raul Garcia, Carrillo, Gumbau eta Silvari. Bestelakoak. 38.327 ikusle San Mamesen.

Athleticeko jarraitzaileek ia ahaztuta zeukaten zer zen partida bat amaitutakoan taldeak egindakoarekin pozik egotea. Ez da harritzekoa. Etsigarria izan zen aurreko sasoia. Elkarrengandik urrun amaitu zuten taldeak eta zaleek. Agerikoa zen aldaketa baten beharra.

Bada, egin da aldaketa. Eduardo Berizzok ordezkatu du Jose Angel Ziganda aulkian. Aldaketak ilusioa eragin du klubaren maila guztietan. Sentipen horrek, gainera, emaitzak dauzka bidelagun orain arte. Athleticek 2-1 irabazi zion atzo Leganesi San Mamesen, ligako aurreneko neurketan. Merezitako garaipena izan zen, baina gogotik sufrituta lortutakoa, Iker Muniainek 93. minutuan sartutako golak eman baitzizkien hiru puntuak zuri-gorriei. Hasiera ona izan du Berizzoren aldiak.

Entrenatzaile argentinarraren aroa ere ustekabeko galantarekin hasi da. Izan ere, Berizzok deialditik kanpo utzi zuen atzo Alex Remiro. Unai Simon eta Hodei Oleaga izan ziren atezainak zerrendan: lehena, laugarren atezaina zena, eta duela bost egun Elxen utzita ari zena; bigarrena, berriz, bigarren taldeko atezaina. Ez bata ez bestea ez da aritu denboraldi-aurrean Athleticekin. Unai Simonek jokatu zuen atzo, eta hori eginda estreinakoa egin zuen lehen taldearekin neurketa ofizial batean. Berizzoren erabakiak ustekabean harrapatu zituen guztiak. Kepa Arrizabalaga Chelseara joan eta Iago Herrerinek min hartu ondoren, ziurtzat jotzen zen Remirok zainduko zuela Athleticen atea ligako lehen partidetan. Klubak ez zuen atzo jakinarazi nafarra min hartuta zegoenik, beraz, litekeena da deialdian ez egoteak zerikusia izatea denboraldi honen amaieran bukatuko zaion kontratua berritu ez izanarekin. Edizio hau ixterakoan Berizzok ez zuen oraindik ezusteko erabaki horren inguruko azalpenik eman.

Nolaskoainen gola

Ezustekorik ez zen izan, ordea, entrenatzaileak proposatu eta jokalari zuri-gorriek egin nahi izan zuten jokoari dagokionean. Athletic norgehiagokatan «protagonista» izatea nahi du Berizzok, eta horretarako, funtsezkotzat jotzen du baloia ahalik eta gehien izatea. Eduki bakarrik ez, bizi-bizi mugitzea nahi du, aurrerantz, aurkariaren areara ahalik eta azkarren iristeko. Baloia ez duenean, berriz, berehala berreskuratu nahi du, arerioari presioa eginda.

Unai Simon, Peru Nolaskoain, Yuri Berchiche, Dani Garcia eta Unai Lopez izan ziren atzo berritasunak hasierako hamaikakoan aurreko sasoiarekin alderatuta, hots, hamaikako ia erdia zen berria. Eta hori igarri egin zen zelaian, koordinazio huts bat baino gehiago egin baitzituzten lehen minutuetan. Hala ere, helburua bete zuten: baloia izan, eta horrekin, lehiaren kontrola. Leganes, baina, ez zegoen deseroso egoera horretan. Gainera, erraz antzean iristen zen etxekoen zelaira.

Williamsek izan zuen lehen aukera, hamabigarren minutuan, baina haren burukada gutxigatik joan zen kanpora. 33. minutuan lortu zuen Athleticek zelaian zuen nagusitasuna indartzea, lehen gola sartuta. Susaetak kornerra atera zuen ezkerretik, eta Nolaskoainek buruz bidali zuen baloia sareetara. Nekez imagina zezakeen gazteak estreinako hoberik.

Golak etxekoak hauspotu zituen, eta Williamsek gertu izan zuen bigarrena. Erasora joanda ziren zuri-gorriak, eta Leganesek ondo baliatu zuen kontraeraso bat berdintzeko. Jonathan Silvak sartu zuen gola jokaldi nahasi batean. 33. minutua zen.

Bigarren zatian, nekearen eraginez, behera egin zuen erritmoak. Horrek mesede egin zion Leganesi. Aduriz gola sartzear izan zen buruz 69. minutuan, baina Cuellarrek kornerrera bota zuen baloia. Hori gutxi ez, eta aurrelariak min hartu zuen, eta zelaia utzi zuen. Ojedak gertu izan zuen ere bigarren gola, 77. minutuan, buruz, baina Unai Simon bikain aritu zen. Bazirudien lehia berdinketarekin amaitu zela, baina hortxe azaldu zen Muniain, San Mames festa bilakatzeko. Asko du egiteko oraindik Athleticek, baina askoz hobeto egingo du lan hori patrikan jada hiru puntu izanda.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.