Pablo Iglesiasen dimisioa

Bipartidismoa amaitu zuena

Unidas Podemoseko liderrak politika utziko duela eta, Iglesiasen alderdikide izandakoek haren ibilia goratu dute, eta nabarmendu «erantzunak ematea» lortu duela

Pablo Iglesias, politikari agur esan zion agerraldian, herenegun, Madilen. KIKO HUESCA / EFE.
Igor Susaeta.
2021eko maiatzaren 6a
00:00
Entzun

Pablo Iglesiasek «bipartidismoaren markoa» hautsi zuela uste du David Soto EP Elkarrekin-Podemos-IUren legebiltzarkideak. Nagua Alba EAEko Ahal Dugu-ren idazkari nagusia izandakoarentzat (2016-2017), herritarren «talde handi batek» ez zuen bere «nahiei, arazoei» erantzuten zien politikaririk. «Erantzunak ematea lortu zuen». Eta Roberto Uriarte UP Unidas Podemoseko diputatuaren iritziz, azken zortzi urteotan alderdiaren liderra izandakoak ulertarazi du «indar ekonomikoek, hedabideen bidez, noraino baldintzatzen duten joko politikoa». Alderdi moreak 2019ko emaitzak hobetu zituen herenegun Madrilgo Erkidegoko bozetan, baina ezkerreko blokea ezin izan zen hauteskundeetan gailendu. Iglesiasek, beraz, iragarri zuen ez duela diputatu aktarik jasoko parlamentuan, eta dimisioa emango duela UPren idazkari nagusi kargutik; hau da, politika utziko duela. Kide izandakoek haren ibilia goratu dute.

Ikusi gehiago:Piztutakoa itzali aurretik, badoa

Orain dela zazpi urte alderdia sortu zuenean Iglesiasek Espainiako politika «hankaz gora» jarri zuela eta «aire freskoa» sartu zuela iruditzen zaio Albari. «Guztiz aldatu zen eztabaida politikoa, eta herritarren lehentasunak jarri zituen mahai gainean». Pentsatzen du «agenda» ere aldatu zuela. «Politikariek eredugarriak izan behar zutela defendatu zuen momentu hartan. Gardentasun handiagoa exijitzen dute egun herritarrek, sartu zenetik Podemosek bestelako moduak ezarri zituelako horretan ere». Eta areago joan da, UPko burua izandakoaren eragina azaltze aldera: «Pablo Iglesiasen figurak izugarrizko eragina izan du politikan, eta aldaketa sakonak ekarri ditu. Berak alde egingo du, baina aldaketa horiek hor jarraituko dute».

Erabakia «dezepzio bat izan da ezker eraldatzailearen espazioarentzat», Sotoren esanetan. «Ikuspegi politikoa eta ziurtasuna eduki zituen bere momentuan ez zegoen espazio politiko bat sortzeko», nabarmendu du, eta zehaztu Iglesiasengatik lortu duela «lortu duen babesa» herritarren artean.

Nolanahi ere, «gauza batzuk» ez ditu «hain ondo» egin Iglesiasek, Albaren arabera: espazio morean ohikoak izan diren barne krisiez ari da. «Eztabaidak beharrezkoak dira, ezinbestekoak, baina batzuetan ez dira ondo konpondu». Sotoren aburuz, erantzukizunak «kolektiboa» behar du. Uste du, hala eta guztiz ere, tirabira horien ondorioz alderdiak nolabait «ospea» galdu duela inoiz haren alde egin zuten herritarren artean.

UPri leporatu izan zaio oso pertsonalista izatea, eta Iglesiasen lidergoa handiegia izan dela. «Gaur egun, mundu guztian, lidergo indartsuen joera dago. Hemen ere hala da, eta bera [Iglesias] indartsua izan da», adierazi du Uriartek. Azpimarratu du, bide batez, alderdi morearen idazkari nagusia izandakoak «presio handia» jasan duela bere ibilbide osoan. «Saihestu dituen erronkak eta urte hauetan guztietan pairatu duen jazarpena oso kontuan hartu behar dira balorazio bat egiteko orduan».

Eta Hego Euskal Herriko politikan izan duen eraginaz galdetuta, Albak nabarmendu du Iglesiasek «Euskadiren burujabetasuna» defendatu zuela. «Euskadiko herritarrek beren bizitzez eta etorkizunaz erabakitzeko eskubidea dutela defendatu zuen Madrilgo lehen politikaria izan zen». Sotok ere hori bera izan du hizpide, eta, gainera, «Euskadiko bosgarren espazioa» aldarrikatu du. «Iglesiasek lortu zuen, adibidez, Podemos lehen indarra izatea Euskadin [Espainiako] bi hauteskunde orokorretan», oroitu du. Uriarterentzat, Iglesiasek «zubi lana» egin du Euskal Herrian. «2014tik hona hurbildu egin dira Euskal Herrian alderdien arteko harremanak. Gaur egun, normalizatuago dago euskal gizartea, eta, prozesu horretan, lan inportantea egin dute Podemosek eta, bereziki, Pablo Iglesiasek».

Santos eta alderdia

Eduardo Santosen arabera, UP «lidergoen gainetik» dago. Nafarroako Gobernuko Justizia eta Migrazio Politiken kontseilari eta Nafarroako Ahal Dugu-ren idazkari nagusi ohiak (2017-2021) atzo prentsa agerraldi batean kazetarien galderei erantzunez esan zuenez, ez dago «arazorik» Iglesiasek alderdia utzita ere. «Denak aurrera jarraituko du». Santosen hitzetan, «ariketa kolektibo bat» da politika. «Arnasa luzeko jarduna da, eta debatea eta hausnarketa dira politikaren oxigenoa».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.