Euskal presoak

Erkorekak gogorarazi du eri handi diren presoak libre gera daitezkeela

104. artikulua aipatu du, gaixo diren presoak hirugarren gradura pasatzea aurreikusten duena

Gotzon Hermosilla -

2018ko uztailak 4
Eusko Jaurlaritzako bozeramaile Josu Erkorekak gogora ekarri du, presoak sorterritik gertu egotea ahalbidetzen duen arauaz gain, espetxe legedian badagoela gaixo handi diren presoei buruzkoa ere, 104. artikulua alegia, eta, horren arabera, «gaixotasun larriak edo oinaze sendaezinak dituzten pertsonek» aukera dutela hirugarren gradua lortzeko «gizatasun eta duintasun arrazoiengatik».

Hirugarren graduak erregimen irekia dakar, eta horretan egotea lehenengo urratsa da baldintzapeko askatasuna lortu ahal izateko.

«Beraz», erantsi du Erkorekak, «badaude agindu bereziak, hirugarren gradua ahalbidetzen edo aholkatzen dutenak» gaixotasun larriak dituzten presoen kasuan.

Egun, gaixotasun larri edo sendaezinak dituzten 24 preso daude Frantziako, Espainiako eta Euskal Herriko kartzeletan. Horietatik bost bigarren graduan daude, eta gainerakoak lehenengo graduan.

Presoen urruntzea ere hizpide hartu du Erkorekak. Gogorarazi du legeak «agindu argi eta agerikoa» ezartzen duela horren inguruan, hots, zigorra betetzean saihetsi behar dela presoaren deserrotzea ekar dezakeen edozein neurri, arau hori aplikatzeko salbuespeneko arrazoiren bat ez badago.

«Guk ez dugu horrelako salbuespeneko arrazoirik ikusten», esan du Erkorekak, «eta, beraz legea besterik gabe aplikatu beharko lukete». Presoak «albait arinen» gerturatu beharko liratekeela uste du, «luzamendutan ibiltzeko arrazoirik» ez duelako ikusten.

Beste aldetik, Jose Ramon Lopez de Abetxuko presoa libre geldituko da bihar, zigorra bete ostean. Lopez de Abetxuko gasteiztarra 1949an jaioa da, 27 urte eman ditu espetxean, eta bihotzeko zenbait gaixotasun ditu: eritasun larriak dituzten presoen zerrendan dago. Azkenaldion Villabonako kartzelan (Espainia) egon da, bigarren graduan.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna