Euskal presoak

Espetxe politikan«legea bete» behar dela argudiatu du Grande-Marlaskak

Presoak hurbiltzea 'Parot doktrinarekin' alderatu du: «Gogorra izan zen, baina legea bete nuen»

Iruñean presoen eskubideen alde eginiko manifestazioa, Kalera Kalera dinamikak deituta, atzo arratsaldean. I. Z. / FOKU.
jon olano
2018ko uztailaren 5a
00:00
Entzun
Euskal presoak sakabanatzeko eta urruntzeko politika «positiboa» izan da urte luzez, baina orain «legea bete» beharra dagoela uste du Fernando Grande-Marlaska Espainiako Barne ministroak. Grande-Marlaska Espainiako Kongresuan izan zen atzo, hura buru duen ministerioak izango dituen lan ildo nagusiak azaltzeko. Esplizituki ez zuen xehetasunik eman euskal presoekiko espetxe politikan jorratu nahi duen bideaz, baina eman zituen pista batzuk.

Grande-Marlaskak Langraitz bidearen «babesle sutsutzat» jo zuen bere burua, eta salatu PPk «boikotatu» egin zuela bide hori 2012an. Halaber, gogoan izan zuen Parot doktrina —Espainiako Auzitegi Gorenak ezarritako doktrina atzera bota zuen Giza Eskubideen Europako Auzitegiak, eta dozenaka euskal preso kaleratzea eragin zuen horrek—, eta presoak gerturatzearekin alderatu zuen; Grande-Marlaska epailea zen Estrasburgok doktrina ezetsi zuenean, eta, erabakia «gogorra» bazen ere, epaileak «legea bete» zuen orduan. Horrez gain, Espetxe Lege Orokorra ere aldatzeko asmoa adierazi zuen, Zigor Kodean eginiko moldaketak espetxe legerian txertatzeko.

Bestelako espetxe politika bat ezartzeko zilegitasuna duela azpimarratu zuen atzoko saioan, Ciudadanosek eta PPk estu hartu baitzuten ministroa. Biek leporatu zioten indar abertzaleekin «hipotekak»izatea, eta euskal presoei «pribilegioak» ematea egotzi zion Miguel Angel Gutierrez Ciudadanoseko diputatuak: «Kezkatuago ikusten zaituztet terroristekin biktimekin baino». ETAren biktimak «umiliatzea» aurpegiratu zion, berriz, Jose Alberto Martin Toledano PPko diputatuak: «Ehunka urteko zigorra duten presoak dira, damutu ez direnak, kalte-ordainak pagatu ez dituztenak eta justiziari lagundu ez diotenak. Ez dute mesederik merezi».

Grande-Marlaskak eztabaida izan zuen Marian Beitialarrangoitia EH Bilduko diputatuarekin ere. Epaile zen garaian haren aurretik igaro eta torturak salatu zituztenen kasu batzuk gogorarazi zizkion Beitialarrangoitiak, eta 4.000 tortura kasu baino gehiago jasotzen dituen txostena nabarmendu. Aitortu zuen «gehiegikeria kasu bakan batzuk» gertatu zirela, baina kopuru hori ukatu zuen: «Zuzenbide estatu batean, egia juridikoa da egia».

Aldaketak biktimen legerian

Beste neurri batzuen artean, Grande-Marlaskak 29/2011 legea aldatzeko borondatea adierazi zuen, indarkeriaren biktimen eskubideak «hobeto bermatzeko». Azaldu zuen lege horrek zazpi urte dituela, eta berrikusi beharra dagoela. Arau horren arabera, Espainiak ordaindu behar dizkie kalte-ordainak indarkeriaren biktimei. 2012. urtean, ordea, Madrilek legea aldatu zuen, biktimei kalte-ordainak pagatzean zenbait baldintza jarrita. Horrela, kalte-ordainak ukatu zizkien GALen eta BVEren biktimei.

Bestalde, Jaurlaritza eta Espainiako Gobernua uztailean ados jar litezke Poliziaren Biktimen EAEko Legearen inguruan. Auzitegi Konstituzionalak baliogabetuta ditu artikuluetako batzuk, eta horien inguruko akordioa lortu nahi dute bi gobernuek. Iñigo Urkullu Eusko Jaurlaritzako lehendakaria eta Jesus Loza Espainiako Gobernuko ordezkaria atzo batzartu ziren aurreneko aldiz, eta bilera ostean eman zuen Lozak horren berri.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.