OLBEk 'Alzira' operarekin bukatuko du Tutto Verdi proiektua

Hilaren 23tik 30era bitartean lau emanaldi egingo ditu Bilboko Euskalduna jauregian. 2006tik Verdiren 30 obra eman dituzte

Alzira 2018an estreinatu zuten Perun. OLBE.
2022ko apirilaren 20a
00:00
Entzun

Hamasei urteren ondoren eta Giuseppe Verdiren 30 lan taularatu ostean, hilabete honetan emango dio amaiera OLBE Operaren Lagunen Bilboko Elkarteak Tutto Verdi egitasmoari. Horretarako, musika elkarteak Alzira opera aukeratu du, eta lau egunak oholtzaratuko du Euskalduna jauregian, 23an, 25ean, 27an eta 30ean.

Alzira Verdiren opera laburrenetako bat da, eta baita Europan gutxien taularatu direnetako bat ere. Atariko batek eta bi ekitaldik osatzen dute, eta XIX. mendearen 40ko hamarkadan idatzi zuen Verdik, Salvatore Cammaranorekin elkarlanean eta Voltaireren Alzire, ou les Américains obran oinarrituta. Cammarano poetarekin idatzi zuen lehen opera izan zen, eta segidan beste bi obra onduko zituzten bien artean: La battaglia di Legnano eta Luisa Miller e il trovatore.

Operaren ekintza Liman eta Peruko beste ingurune batzuetan dago kokatua, eta herri indigenak Espainiako indarren kontra egindako borrokaz hitz egiten du.

OLBEk Peruko Antzoki Nazionalarekin eta Valonia-Liejako Errege Operarekin ekoitzi du Alzira, eta 2018an estreinatu zuten, Perun. Hain zuzen ere, iaz, Latinoamerikako ekoizpen berri onenaren saria jaso zuen.

Daniel Oren arduratu da musika zuzendaritzaz, eta haren ardurapean Bilbao Sinfonietta orkestrako 60 musikari ariko dira zuzenean. Kantariei dagokienez, Carmen Solis sopranoa da protagonista nagusia —Alzira printzesa—, eta haren ondoan izango dira Sergio Escobar, Juan Jesus Rodriguez, David Lagares, Maria Zapata, Josep Miquel Ramon, Vicenc Esteve eta Gerardo Lopez.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.