Musikarekin eta erakusketa batekin ospatuko du Geuk urteurrena

Mendi irteera, dastaketak eta beste egingo dituzte urriaren 1eko ospakizun festan. Zetak taldeak kontzertua emango du Jimmy Jazzen

unai etxenausia
Gasteiz
2022ko irailaren 20a
00:00
Entzun
Ez da Euskararen Eguna, ez da Araba Euskaraz, ez da Korrika... Geu Gasteiz Euskalduna elkartearen 30. urtemuga ospatuko dute urriaren 1ean. Euskararekin daukan konpromisoa erakutsi nahi du elkarteak, eta egitarau zabala antolatu dute egun osoan giro euskaldunaz gozatu nahi dutenentzat. Horrez gain, egun berean, elkartearen barruan dagoen irakurle klubaren 20. urteurrena ospatuko dute.

Goizean goizetik hasiko dira ekintzak. 10:30ean hasita, Geu-rekin mendira eta Mintza ibilaldia irtengo da Arka plazatik. Ondoren, goizeko hamaiketan, Igandeak jai umeentzako ikuskizuna antolatu dute Aldabeko gizarte etxeko antzokian. 11:30ean, berriz, irakurle klubaren 20. urteurrena ospatuko dute Ignacio Aldekoa kultura etxean. Alde Zaharrean egingo duten garagardo eta ardo dastaketarekin amaituko dute goiza.

Eguerdian, berriz, kalejira batek lagunduta zeharkatuko dute Aiztogile kalea. Eta, ondoren, Landatxora joango dira, herri bazkarira.

Seietan hasiko dira ekintzak arratsaldean, Falerina lorategiko bakarrizketa eta dantza saioekin. Azkenik, 22:30ean, Zetak taldeak kontzertua emango du Jimmy Jazz kontzertu aretoan.

Erakusketa kronologikoa

Jaialdiaz gain, irailaren 29tik urriaren 30era bitarte erakusketa dinamiko bat jarriko dute Montehermosoko Jovellanos aretoan, Geuren Euskararen Historia izenburupean, hain zuzen. 30 urte hauetako elkartearen historia azalduko da hartan, ikus-entzunezko, aldizkari, kartel eta bestelako elementu bisual askoren bitartez.

Nefer Olaizola elkarteko kideak prestatu du erakusketa. Azaldu duenez, aurpegiak jarri nahi izan dizkio elkartearen 30 urteko historiari: «Ikerketa eta elkarrizketa lana gogorra izan da, baina emaitzak merezi izan du; bidaia bat izango baita erakusketa».

Irakurle klubekoekin batera, «urteurreneko ekintzez gozatuko dutela» uste du Azaitz Unanue elkarteko kideak. Halere, «ospatzea ez ezik, atzetik dagoen lan guztia erakustea» ere garrantzitsua dela iritzi dio Olaizolak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.