Denak «kabitzeko» mundu bat

Mikel Otero, Isa Alvarez eta Hodei Rodriguez ekologismoak dituen desafioez aritu dira Arteagan

Nerea Lauzirika.
Arteaga
2021eko abuztuaren 27a
00:00
Entzun
Basoa etxean (Arteaga, Bizkaia) egiten ari diren Iraultza Txikien Akanpadaren barruan, mahai inguru bat egin zuten atzo Isa Alvarez Arabako Ekologistak Martxan-eko kideak, Mikel Otero frackingaren aurkako ekintzaile eta EH Bilduko legebiltzarkideak eta Hodei Rodriguez Sukar Horia taldeko kideak. Krisi ekologikoa: mehatxuak eta erronkak izenburupean, ekologismoak dituen desafioez aritu ziren. Oterok laburbildu zuen helburua: herritar guztientzako moduko eredu bat sortzea: «Gure bizimodua ez da jasangarria, baina beste sistema batean kabitzen gara».

Krisi ekologikoa izan zen gaia, baina hizlariek kontzeptuaren definizioari heldu zioten lehenik.Alvarezen hitzetan, «jasangarritasuna ez dago definituta». Ados agertu ziren Otero eta Rodriguez; gehitu zuten garrantzia duela behar bezalako definizio bat izateak, kontzeptua nork bere interesen arabera erabil ez dezan. «Alderdi kuantitatiboak eta interpretatiboak kontuan izan behar ditugu klima krisia zer den definitzeko», azaldu zuen Oterok.

Hizlariek bat egin zuten klima krisiaren arrazoiak identifikatzeko orduan ere. «Alderdi politikoa du, gehienbat», azaldu zuen Rodriguezek. Oteroren hitzetan, sistemaren funtzionamenduan dago funtsa: «Kapitalak baliabide naturalak hartu, erabili eta erre egiten ditu, eta, gero, hurrengora».

Arazoa identifikatuta, konponbideak zer norabidetan joan behar duen eztabaidatzeari ekin zioten hizlariek. Alvarezen hitzetan, «ekonomia feministaren esparruari begiratu behar zaio». Erantsi zuen garrantzitsua dela kontuan hartzea nork erabakitzen dituen klima krisiaren aurkako neurri instituzionalak: «Legeak egiten dituzte, prozesurik sustatu gabe; legeak asfaltotik egiten dituzte, landa zapaldu gabe».

Alvarezek Suitzan gertatutakoa jarri zuen adibidetzat. Erreferendum bat egin zuten han, klima aldaketaren aurkako legea onartu ala ez erabakitzeko: ezezkoak irabazi zuen. Rodriguezek azaldu zuenez, «negazionista fosilistak» eskuindarrak eta ezker ekologista agertu ziren legearen aurka: lehendabizikoek gehiegizkotzat jo zuten; bigarrenek, aldiz, zioten ez zela nahikoa eta gainera ez zela bidezkoa.

Izan ere, legeak petrolioaren prezioa igotzea proposatzen zuen, landa eremuko biztanle gehienek gasolio bidezko berogailuak erabiltzen dituzten herrialde batean. Hori dela eta, Alvarezek uste du herritar gehienek beren ongizatea arriskuan ikusi zutela eta horren ondorioz bozkatu zutela ezetz: «Errealitate guztiak hartu behar dira kontuan».

Rodriguezek azaldu zuen bizi kalitatea galtzeko beldurra dutela askok: «Ongizatea inperialismoa oinarritzat hartuta eraiki dugu, eta, horregatik, zaila da langile klasea mobilizatzea». Hala ere, nabarmendu zuen errealitatea bestelakoa dela: «Ongizatea ez dago lotuta gure kontsumo energetiko eta materialarekin». Alvarez ildo beretik mintzatu zen: «Gure bizitza lanaren inguruan antolatzen dugu, hori delako baliabideak eta eskubideak lortzeko dugun modua. Horregatik, lana erabiltzen dute beldurra sortzeko». Oteroren iritziz, ekologismoaren inguruan hartzen diren erabakiek beste esparru batzuei eragiten diete, eta alderantziz: «Dena dago lotuta, puzzle konplexu bat da».

Trantsizio ekologikoa

Oteroren hitzetan, «trantsizio ekologikoa egin behar da, baina ez da nahikoa». Izan ere, klima aldaketaren ondorioak nabari dira dagoeneko: «Planetaren mugekiko talka hasia da, eta buelta ere etorri da». Alvarezek beharrezko ikusten du trantsizio ekologikoa sostengatzeko sistema bat: «Industria jakin batzuk ixtearen aurka agertzen garenean, partxeak jartzen ari gara». Rodriguezek proposamen jakin bat egin zuen: «Lanaldiaren murrizketa eta lanaren banaketa beharrezkoak dira». Gaineratu zuen horrek balio dezakeela normalean ekologismoarekin identifikatuta sentitzen ez den langile klasea ere erakartzeko: «Euskal Herrian benetan ekologismo soziala egin nahi badugu, ekologisten soslaia aldatu beharra dago».

«Geuk ere hitz potoloak erabili behar ditugu, segurtasuna sortzeko», erantsi zuen Rodriguezek. Alvarez ere segurtasunaz aritu zen: «Ez badugu ematen segurtasunik, indarkeria segurtasuna balitz bezala salduko digute».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.