Koronabirusa

Getarian eta Tolosan, PCRak

Zarauzko kanpin batean ere PCR probak egiten hasi dira, bi bezero ohik positibo eman baitute

PCR probak egiten atzo, Getarian, Sahatsaga kiroldegian. ANDONI CANELLADA / FOKU.
G. I. I. - A.R.K.
Getaria
2020ko uztailaren 16a
00:00
Entzun

Iragan igandean ondoeza sentitu eta Zarauzko (Gipuzkoa) osasun etxera joan zen gaixo batek ireki zuen pista. PCR proba egin eta positibo eman ostean, gaixoaren azken egunetako bidea aztertu eta zehaztu zuten Getariako (Gipuzkoa) Politena tabernan izan zezakeela abiapuntua. Tabernak berehala ateak itxi, eta desinfekzioa hasi zuen. Itxita dago geroztik.

Eusko Jaurlaritzaren Osasun Sailak esku hartu du, eta egokitu dute Sahatsaga kiroldegian PCR probak egiteko azpiegitura. Politenan uztailaren 9tik 12ra egon diren Zarautz, Getaria eta Zumaiako (Gipuzkoan) bizilagunei aurrez txanda hartu eta probak egiteko eskatu die Carlos Barruso Donostialdeko OSIko arduradunak. Getariak bisitari asko jasotzen dituenez, beste herri batzuetako bizilagunak Politenan izan badira, Osakidetzak emandako telefonora jotzeko eskatu du. PCR proba egiten duten guztiei eskatu die etxera joan eta itxialdia egiteko. SMS bidez jakinaraziko zaie emaitza, eta negatibo ematen badute, eta emaitzen zain daudenekin lotura esturik ez badute, atera daitezkeela esan du.

Uztailaren 9tik 13ra Getariako Dona Doni izozki dendan egondakoekin ere harremanetan jarri nahi duela esan du Osasun Sailaren Zaintza eta Kontrol sareak.

Haritz Alberdi alkateak ere hartu du hitza Getarian, eta deia egin du PCR probak egitera, zabalkundea kontrolatu ahal izateko. Lasaitasun mezua eman du.

Tolosan (Gipuzkoa), berriz, Pintor Lekuona kaleko Elorri tabernan uztailaren 10etik 14ra egon direnak PCR probak egitera deitu dituzte, eta atzo arratsaldean 200 proba egin zituzten, Beotibar pilotalekuan. Osasun Sailaren arabera, hainbat positibo identifikatu, eta tabernarekin lotura ikusi dute.

 

Bilboko udalekuak

Zarauzko (Gipuzkoa) Talai Mendi kanpinean ere PCR probak egiten hasi ziren atzo arratsaldean, bi bezero ohik positibo eman ostean. Langile guztiei egin zizkieten probak, eta baita bezero batzuei ere. Emaitzak gaur jasoko dituzte, eta, bien bitartean, langileak etxean daude. Bezeroek, PCR proba egin ostean, ateratzeko aukera izango dute, emaitzak jaso artean bakartuta egonez gero.

Bilbon, Mina del Morro eskolako udaleku batzuetan, zortzi begirale eta 30 haur hamar eguneko berrogeialdian jarri dituzte, ume batek positibo eman duelako.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.