Arrauna

Eusko Label ligako zazpigarren estropada Donostiako badian da, gaur

Orio, Hondarribia, Santurtzi eta Zierbena ariko dira txanda nagusian. Itsaso lasaia dago iragarrita

Santurtziko trainerua arraunean, aurtengo Lekeitioko estropadan. Txanda nagusian ariko da gaur. ARITZ LOIOLA / FOKU.
Aitor Manterola Garate.
2019ko uztailaren 13a
00:00
Entzun
Atzo hasi zela ematen du, baina dagoeneko zazpigarren jardunaldia du gaurkoa Eusko Label ligak. Joan dira hiru asteburu, tartean Galiziakoa, eta, Euskal Herrirako itzulera honetan, oso eremu ezagunean ariko dira arraunlariak: Donostiako badian (lau luzetara). Ez du iraileko harrabotsik aterako gaurko jardunak, Kontxako Bandera aparteko zerbait baita, baina eremu historiko horretan jokatzeak ematen dio gatza eta piperra ligako egutegiari.

Donostiako jardunaren aurretik ohikoa den bezala, bada kezka taldeetan, ez baita kaletik kalera oreka banatzen duen eremu bat. Beti izaten dira aldeak, eta gaur ere egongo da zerbait. Hala ere, itsaso eta eguraldi ona dago iragarrita, eta naturak goza dezake eremuaren berezko bihurrekerietarako joera. Metro erdikoolatuxkak daude iragarrita, eta haizeari ez diote indar handirik antzeman eguraldi adituek. Arratsaldean, beheranzko joera izaten da, eta horrek mesede egingo die azkena jokatuko dutenei.

Orio liderra, Hondarribia, Santurtzi eta Zierbena izango da azkena ariko den laukotea, txanda nagusian. Hamaika puntuan daude laurak: Oriok sei ateratzen dizkio Hondarribiari, eta hark lau Santurtziri eta bost Zierbenari. Laukote horretan daude aurreko jardunaldietako garaileak, Oriok hiru bandera baititu; Hondarribiak, bandera bat eta lehen postu bat —Galizian, aurreko asteburuan, bigarren jardunaldiko azkarrena izan zen—; eta Santurtzik, beste trapu bat. Bada nahikoa oinarri sendo hor gaurko bandera ere horietakoren batek eraman dezakeela pentsatzeko.

Hori galarazten saiatuko dira, bigarren txandatik, Donostiarra eta Urdaibai. Etxekoak ondo dabiltza, irabazteko behar den pauso zail hori eman nahian, eta Urdaibaik ere hobera egin zuen aurreko asteburuan, Coruñan (Galizia). Kaikuk eta Ondarroak osatuko dute bigarren txanda hau. Hemendik bandera irabaztetik gertu igandeko jardunaldietan geratu dira orain arte, baldintzak okertu egin zaizkielako azken txandakoei, eta larunbatetan, orain arte, ez da aukerarik izan banderaren lehian sartzeko bigarren txandakoentzat. Gaur ere ez du ematen sortuko denik horrelako egoeraren bat, baina, arrauneko baieztapen horrek dioen bezala, irabazi txanda, badaezpada ere, eta gero gerokoak.

Ligako azken lau taldeak joango dira lehen txandan: Cabo, Isuntza, San Pedro eta Astillero. Azken sailkatua ez du inork izan nahi, zuzenean galduko baitu maila, eta azken-aurrenekoak jokatuko du kanporaketa. Astillero da azkena orain. Puntu batera du San Pedro, eta laura Isuntza. Beste lehia handi bat izango da gaur ere haien artean. Caboren maila ez da, berez, txanda honetan aritzeko bezain apala, eta, lan ona egiten badu, izan dezake aukera aurreko txandako traineruren bat aurreratzeko.

KAE 1 ere Donostian, gaur

Liga bat beherago, KAE 1-eko arraunlariak ere Donostian ariko dira gaur [11:00]. Zarautz doa buruan, eta lau puntura du Deustu, Donostiarra B hamalaura dela. Ohorezko txanda San Juanek osatuko du.

KAE 2 ligakoak, aldiz, Portugaleten ariko dira [13:00]. Orio B liderrak, Castrok, Urdaibai B-k eta Getxok osatuko dute txanda nagusia ibaiko estropada honetan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.