Beste bi sailkatu dira

Mutilverak eta Eibarrek Racing Santander eta Racing Rioja kanporatu dituzte Espainiako Kopan. Anaitasuna eta San Juan kanpoan geratu dira

Eibarreko jokalariak, Pedro Leonek sartutako gola ospatzen, partidako lehena, atzo. ABEL ALONSO / EFE.
Julen Etxeberria.
2020ko abenduaren 18a
00:00
Entzun

Sei euskal talde ariko dira Espainiako Kopako bigarren kanporaketan, urtarril hasieran: Osasuna, Alaves, Eibar, Portugalete, Amorebieta eta Mutilvera. Aldiz, bost geratu dira bidean lehen kanporaketan: Cantolagua, Sestao, Leioa, Anaitasuna eta San Juan.

Mutilvera eta Eibar izan dira azkenak sailkatzen. Atzo egin zuten. Mutiloabeitiko (Nafarroa) taldeak 1-0 irabazi zion Racing Santanderri. Ezustea da, aurkaria Bigarren B Mailako talderik indartsuenetakoa baita. Baina Javier Briñolek 76. minutuan sartutako gol batek garaipena eman zion Mutilverari, baita sailkapena ere. Hurrengo kanporaketan Lehen Mailako talde bat izango du kontrario.

Eibar izan daiteke horietako bat. Gipuzoako taldeak ondo egin zituen atzo etxeko lanak: 0-2 irabazi zion Racing Riojari Haron (Espainia). Hiru koska daude baten eta bestearen artean, baina ez zen egon horrenbesteko aldea zelaian. Pedro Leonek sartu zituen partidako bi golak: lehena, buruz, 36. minutuan, eta bigarrena, jaurtiketaz, 82. minutuan.

Ezustekoa gertu Txerloian

Anaitasuna ere Getafe baino hiru koska beherago dago, baina Azkoitiko (Gipuzkoa) taldea ezusteko galanta ematear izan zen Txerloian. Markel Eskurtzak aurretik jarri zuen etxeko taldea 55. minutuan, eta beldurra sartu zion Getaferi. Horrenbeste, ezen Jose Bordalasek lau aldaketa egin zituela ia kolpe batez. Ondo atera zitzaion, Getafek buelta eman baitzion emaitzari: Enes Unalek banakoa egin zuen, 73. minutuan; eta Angelek 1-2koa penaltiz, 94. minutuan. Galdu arren, txapela kentzeko lana egin zuten Anaitasunakoek. Iruñeko San Juanek, ordea, ez zuen aukerarik izan, eta 0-2 galdu zuen Granadaren aurka.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.