Noiz sortua: 2018-05-13 00:30:00

BUKAERA SORTZEN (eta VI)

Zer da ETAM?

Kattalin Miner -

2018ko maiatzak 13

Alabak sei urte inguru ditu eta anbulategitik ateratzera doa amaren eskuari helduta. Garai horietan, dirudienez, medikuari bisita egin eta diagnostikoa entzun hutsak sendatzen omen zuen alaba, beraz, pozik hartu du kalerakoa. Umeak gau txarra egin duela-eta, ama nekatuta dago, alabak ordea, ziztu bizian ahaztu du bart gaueko sukar-festa eta hitz jario amaigabean dihardu. Tartean, halako fase gogaikarri bat igarotzen ari baita, hain zuzen, irakurtzen ikasten ari dena, eta topatzen duen edozer irakurtzen du ahoz gora. Herriko horma bateko pintaketari begira, galdera egin dio amari:

—Ama, zer da ETAM?

«Gora ETA (M)» dioen pintaketari begira geratu dira ama-alabak. Amak badu halako beste neke bat ere, beste sukar sozialago baten eraginez urteetan pilatua, baina hala eta guztiz ere, kalean topatu duen bankuan eseri du alaba, oraindik oinak zintzilik geratzen zaizkion adinean. Galdera bideratu bat egin dio:

—Zu euskal herritarra zara, ezta?

Alabak baietz, nola bestela.

Pentsatu liteke, amak berak ere ez duela aldez aurretik halako hizketaldirik prestatu, eta ahal bezala bota dio egiaren gordina sei urteko alabari:

—Bueno, bada, batzuen iritzitan ez, espainola zara.

Ondoren ipuina dator, badirela borrokalari batzuk, gu geu garena izateko herriarengatik gudan dihardutenak, gu geu euskal herritar oso izateko, ez espainol, ez frantses. Herri jakin bateko bankuan ez-ezik, halako zerbait eskatzen duen garai eta testuinguruan daude eserita ziurrenik.

Alabak dena koadratu du bat-batean. Hasia baita Frantzia eta Espainiaren arteko mugan arreta jartzen, poliziaren presentzia desnormalizatzen, manifestazio eta ondorengoak beldur zein ezinegonez begiratzen, hizkuntza handiaren presentzia usaintzen.

Gerora ikasiko du ETAk zer esan nahi duen, zenbat gauza esan nahi dituen aldi berean. Gerora ikasiko du bere herriaren historia hortik (ere) kontatzen eta bizitzen. Ikasiko du obszenitatez ospatzen, gorrotatzen, eta erraietatik maitatzen, min hartzen eta altxatzen.

Mende laurdena pasa da medikuarenetik irten ziren hartatik. Berriro galdetu nahi lioke orain amari «Zer da ETAM?». Izan ere, jakin baitaki, denborak, ekintzek eta jakintzek ez dutela erantzuna bere horretan mantendu. Garaiak aldatu dira, ama-alabak ere bai.

Badu, bestalde, halako sentsazio bat, presazkoa, osatzeari lotua. Otu zaio, ume hark gogoratzen duela medikuaren diagnostikoak sendatzen zuela, baina ziurrenik ahaztuta dituela iluntzearekin bat berriro etorritako kalenturak, hurrengo gau txarrak. Medikuaren hitzak, sententziak, mina baretzen zuela soilik eta une batez, gero, atzetik amaren zaintzek, medizinek, deskantsuak eta patxadak osatzen zutela.

Geu ere horretan ez ote gauden. Garai baten amaierari hitzak jarri dizkiogu, diagnosia egin diogu, eta horrek bat-bateko lasaitua eman digu akaso, baina sendaketak beste bide batzuk izango ditu. Oraindik badakigu gau luzeak izango ditugula, oraindik badugu zer borrokatua, hainbat min, justizia eta erreparazio behar. Eta honetarako ez dago botika magikorik.

Orain, elkar zainduko dugu, deskantsua hartuko dugu, eutsi egingo diogu, egia ezpainetaratuko dugu, memoria jasoko dugu; eta hurrengoek ETAM zer den galdetzen digutenean, kontatu egingo diegu, nork berea, baita «zu euskal herritarra zara?» galderari «osoki, bai» erantzutea posible den garaietan ere.

Goizeko buletina

BERRIAren papereko edizioaren gai nagusiak biltzen ditu egunero (astelehenetan salbu). Goizean goiz iristen da zure posta elektronikora.

Albiste gehiago

Maiatzaren 28an eguneratua, 18:00etan. ©BERRIA

Koronabirusaren azken datuak

Berria

Azkeneko 24 orduetan hiru pertsona hil dira COVID-19 gaitzaren eraginez, 23 positibo atzeman dituzte PCR probekin, eta sei gaixo ospitaleratu dituzte. Euskal Herrian 28.976 gaixok eman dute positibo guztira, koronabirusa atzemateko probaren bat eginda. Horietatik 2.037 hil dira. Grafikoak, albiste barruan.

 ©GORKA RUBIO / FOKU

«Orain gertatu den guztia zahartzaroari ematen zaion tratamenduaren metafora da»

Maider Galardi F. Agirre

Koronabirusaren krisia piztu denetik, maiz hitz egin da adinekoen zaurgarritasunari buruz, eta, oraindik, kalera irteteko mugak dituzte adinekoek. Mari Luz Esteban antropologoak eta Elixabete Garmendia kazetariak, ordea, salatu dute adinkeria dagoela, eta beharrezkoa dela nagusiagoei ahots propioa ematea.

Espainiako poliziak, Lapurdi eta Nafarroa arteko mugan. ©JAGOBA MANTEROLA/ FOKU

Mugako baldintzak malgutzeko eskatu dute Urkulluk eta Roussetek

Ekhi Erremundegi Beloki

Gutun bat bidali diete Frantziako eta Espainiako gobernuei, «euroeskualdean mugaz gaindiko joan-etorriak zabaltzeko»

Baionako ostatuetako terrazak, artxiboko argazki batean. ©ISABELLE MIQUELESTORENA

Ipar Euskal Herria bigarren fasean sartuko da ekainaren 2tik aitzina

Oihana Teyseyre Koskarat

Ostatuak zabalduko dituzte, baina neurri zorrotzak errespetatzeko baldintzarekin. Hirugarren fasea ekainaren 22an hastea espero dute

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna