mikel elorza
ARKUPEAN

Bonukrazia

2022ko urriaren 26a
00:00
Entzun
Sozialistek egin zuten ahalegina, eta bi urtez EAEko biztanleok jai egin genuen urriaren 25ean, autonomia estatutuaren egunean. Estatutua bere garaian ikur nagusi zeukaten jeltzaleek, autonomiaren aldezle porrokatuak ziren, besteak beste horri proiektu abertzale urardotu irizten zion Ezker Abertzalearekiko kontrakarrean jarrita. Orain lurmenduta dagoena kontrakotasun hori da, eta jeltzaleek aspaldi utzi zioten estatutuarekin konformatzearekin, egitasmo nazional politiko gisa esan nahi dut, nahiz eta praktikan jokalekua onartua ez ezik hala jarrai dezan ahalik eta irmoen lotua daukaten.

Ez daude estatuturik ospatzeko, beraz, eta hortxe ibiltzen gara festa eguna egiteko San Inaziorekin normalean, aurten Elkanorekin, beti ere gure ondare humanistaren banderadun batekin—nahiz eta euren garaian aldean zeramaten bandera ez zen preseski egungo gure bigurutzeduna—. Euskararen eguna bazter utzita (horrek arazoak lekarzke Nafarroarekiko orekarekin), ezin finkaturik gabiltza eaeatarrok ospakizunean batuko gaituen eguna.

Nik irailaren 5a proposatuko dut. Ongintzaren nazioarteko eguna da. Behartsuei laguntzea omentzen duena. Nola ez, kristau eredugarri baten gogorapenean jarrita, Kalkutako Teresa mojaren omenez hautatu zen eguna. Bizitza behartsuei laguntzen eman zuen emakumea (behartsuek behar eta nahi ez zituzten haurrak mundura ekartzen laguntzen zien emakume ongileak, antiabortista porrokatua; baina bueno, hori beste upel bateko petrolioa da).

Ongintza Eguna ezin aproposagoa da gure eremu enprendedore baina txit laguntzaile honetan. Kulturaren alorreko bonuarekin urteak daramatzagu, Gabon buelta horretan, kultura kontsumi dezagun sustatuz, behartsua kasu honetan mozkina lortzen dugun herritarrok baino kultura bera izanik. Kultura industria, alegia. Pandemiak eta kontsumo ohiturek zafratua zuten komertzioari laguntzeko, kontsumorako bonuak etorri ziren gero. Musika talde handien berez azken aurrekoa edo azken aurrekoaren aurrekoa den azken kontzerturako sarrerak baino azkarrago agortzen diren bonuak. Denok baitugu premia koxkorren bat, edo kapritxoa, bonuak apur bat merkatuko diguna.

Behartuta sartu gaituzten gerrak eta hark eragindako krisiak behartsu bihurtuta makina bat, garraiorako bonua ere abiatu zuten. Erregaiaren prezioan ere deskontua, eta energiaren alorrean ere bonifikazioak. Azkena, eaetarroi dagokienez, elikagaietarako bonua izango da, datorren urterako, behartsuetan behartsuenei laguntzeko.

Eta ondo dago bonukrazia, gose dagoenak ogi gogorrari ere kosk egiten dio, baina eskertuko litzateke tarteka inbertitzea egoera horiek ekartzen dituzten hondoko arrazoietan: aberastasunak banatu, behartsuetan behartsuak egon ez daitezen; energia, ura, etxea, oinarrizko ondasun izendatu; garraio publiko merke edo doakoaren alde egin; kontsumo jasangarri bat sustatu —kontsumo jasangarririk baldin badago, bederen—; kultura sortzaileen prekarietatea borrokatu... Zaila dela? Bai, noski. Baina horretarako daude, behar lukete behintzat, hagintariak, arazoak konpontzeko, korapiloak askatzeko.

Limosna politikak egiteko ez da inolako gaitasunik behar.

Irailaren 5a, beraz, EAEko jai eguna, Lekeitioko antzarei lepoa nola bihurritzen dieten ikusiz gozatzeko, ordurako festetan gastatzeko bonuak ere egongo baitira.

(Urriaren 25a, hasmentan kontrario zuen PPk baizik ospatzen ez duena gaur egun, Europako Justiziaren eguna ere bada. Eta nahiago Europako justiziarekin ezertan ere ez bat egin, Pablo Gonzalez oraindik ere Poloniako guantanamo hartan dagoela; Justizia kontsideratzen bada esku batekin Zelenskiri armak ematea eta bestearekin Irango emakume erailei babes-zarta, «animo neskak, zuekin gaude», eta akaso hurrengo urtean Europako Legebiltzarraren saria).
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.