TD Systems Baskonia 78-71 Bayern Munich

Gertuxeago ditu orain kanporaketak

Baskoniak irabazi egin du Bayernen aurka, eta garaipen batera du Euroligako Top 8a, bost jardunaldiren faltan. Hirugarren laurden ikusgarria eginez hautsi du lehia

Henry txapela jarri nahian James Gisti, atzo. ADRIAN RUIZ-HIERRO / EFE.
Aitor Manterola Garate.
2021eko martxoaren 13a
00:00
Entzun
TD Systems Baskonia. Henry (9), Giedraitis (15), Sedekerskis, Polonara (15) eta Jekiri (15)—hasierako bostekoa—,Vildoza (8), Fall (2), Peters (11), Diop, Raieste, Kurucs eta Dragic.
Taldea 2. Baldwin IV (13), Weiler-Babb, Lucic (17), Johnson (4) eta Reynolds (18) —hasierako bostekoa—, Kraemer (6), Seeley (4), Flaccadori, Zipser (9), Gist, Sisko eta Radocevic .
Markagailua. 17-17;33-33 (atsedenaldia); 60-45; 78-71. Epaileak. Pukl; Hordov eta, Nikolic. Kaleratua: Andrea Trincheri Bayerneko entrenatzailea hirugarren laurdenean.

Pandemiarik ez balitz, atzo Buesa Arena pabiloian, bi aldiz jarriko ziren zutik zaleak: aurrenekoa izango zen TD Systems Baskoniak eta Bayern Munichek jokatu zuten Euroligako partida hasi baino lehen; atzoko egunez, duela 25 urte, Taugres Baskoniarekin Europako Errekopa irabazi zuten jokalariak omentzeko (Marcelo Nicola, Ramon Rivas, Jordi Millera, Velimir Perasovic eta abar). Bigarrengo jaikialdia partidaren hirugarren laurdenean izango zen, erakustaldia eman zuelako etxeko taldeak, Alemaniako aurkari indartsua txiki uzteko istant batean —31-4ko partziala sartu zion 18. minututik 28.era bitartean—.

Hirugarrena ere izango zen, akaso, irabazi izana eta Top 8tik garaipen batera dagoela ospatzeko bost jardunaldiren faltan —Zenit, hurrengo aurkaria,zortzigarren da, eta atzo galdu egin zuen Olympiakosekin—, nahiz eta zale asko sustoa gainetik kendu gabe egongo ziren oraindik, ez baitzuen taldeak lana behar bezala biribildu azkeneko laurdenean: 78-71 bakarrik irabazi zuen, eta minutu eta erdi falta zela, sei punturen aldea baino ez zuen, baloia alemaniarren esku zela, gainera.

Sustoak susto, atzokoa duela 25 urtekoa bezala bukatu zen: zazpi puntuz garaile Baskonia (88-81 irabazi zion Paok Salonicari); orduan zaleen aurrean, atzo harmailak hutsik zirela. Ramon Rivasek saskipean greziarrei egin zien txikizioa, atzo Tonie Jekirik egin zien alemaniarrei: 15 puntu eta 9 errebote, 30 minutuan. Nagusi izan zen nigeriarra, eta hasieratik, gainera. Aurreneko laurdenean sartuak zituen 8 puntu. Pibota baloi egokiekin hornitzen Pierria Henry ibili zen, 10 asistentzia banatu zituelako denera; gehienak Jekiriri. Bi horien jarduna izan zen erasoan nabarmentzekoa lehen zatian. Beste jokalari batzuk ere azalduko ziren argazki horretan, baldin eta saskiratze errazak edota jaurtiketa libreak huts egin izan ez balituzte: sei joan ziren kanpora lehen zatian. Geldoa izan zen aurreneko erdi hori, eta puntu gutxikoa: 33na talde bakoitzarentzat. Bigarren laurdenaren hasieran zazpiko aldea izan zuen Baskoniak, baina eman zion buelta Bayernek, lau goitik ere jarriz.

Defentsa eta kontraerasoa

Aurreikusita zegoen bidetik zihoan partida: estu eta gogor. Irabazten zaila da Bayern, eta nekez botatzen ditu kareletik behera partidak. Ez da alferrik laugarren sailkatua. Baina ezuste handi bat gertatu zen. Henry, Rokas Giedraitis, Alec Peters, Achille Polonara eta Jekiri sua ateratzen hasi ziren defentsan eta erasoan: laguntzak, esku azkarrak eta oldarkortasuna atzean, alemaniarrak ezinean erasoan ondorioz, eta lasterkan bizi etxekoak. Bere saltsan zen Dusko Ivanovicen taldea, duela 25 urte Manel Comas zenarena ibili zen bezala emaitza iraultzea lortu zuenean. Sekulako partziala sartu zion Baskoniak Bayerni zazpi minutuan (27-2), eta 25 punturen aldearen jabe egin zen. Hirukoetan ere eraginkortasun handia izan zuten Giedraitisek, Polonarak eta Vildozak. «Saskibaloi erraza jokatu dugu hor», zioen Ivanovicek partidaren ondoren. Epaileek mutu utzi zutena Andrea Trincheri izan zen, Bayerneko entrenatzailea kalera bota zutelako hirugarren laurdenaren hasieran.

Dena egina zeukan Baskoniak, baina laurden horren akaberan, hamar puntu jan zizkion Bayernek, eta azkenekoan, amaieratik gertu, gainera joan zitzaion etxeko taldeari. Sosegua azkenaldera aurkitu zuen Baskoniak, eta Giedraitisek sarturiko azkeneko bost puntuek lasaitasuna ekarri zuten.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.