Pentsioen geroa. Erreibindikazioa

Pentsioak hizpide, pentsiodunik gabe

Ehunka pentsiodun martxan joan dira EHUko pentsioei buruzko udako ikastarora, ez dituztelako deitu. 1.080 euroko gutxieneko pentsioa eskatu dute

Pentsiodunak, Kontxako pasealekua igarota, Miramar jauregirantz, atzo, Donostian. JON URBE / FOKU.
Irati Urdalleta Lete.
Donostia
2018ko uztailaren 24a
00:00
Entzun
Pentsioei buruz hitz egiteko eguna zen atzo Donostian. Euskal Herriko Unibertsitateko udako ikastaroetan egungo pentsio sistemaren jasangarritasunaz jardun zuten alderdi politikoetako arduradunek, unibertsitateko irakasleek, pentsio pribatuetako ordezkariek... Gonbidatuen artean, ordea, hutsune bat egon zen: ez zegoen pentsiodun elkarterik, ez baitzituzten gonbidatu. Baina pentsiodunek beren iritzia entzunarazi nahi izan zuten, eta manifestazioa egin zuten Alderdi Ederretik Miramar jauregira, EHUren udako ikastaroen kokagunera. 500 lagun inguru elkartu ziren.

Maria Serrano Alderdi Ederreko Pentsiodunen Asanbladaren bozeramaileak salatu zuen «lotsagarria» dela pentsiodunak herritarren %25 izanik haien aldarrikapenak aintzat ez hartzea EHUko ikastaroetan. Atzo eta gaur, politikariei, teknikariei eta funts pribatuen alde daudenei entzuteko aukera emanda, baina ez pentsiodunei beraiei. Haien eskaerak azken hilabeteetan Euskal Herriko kale eta plazetan hainbat aldiz entzundakoak dira, hala nola 1.080 euroko gutxieneko pentsioa eta 1.200 euroko gutxieneko soldata izatea, pentsioen sistema publikoa bermatzea, iraunkortasun faktorea bertan behera uztea, eta pentsioak KPIaren arabera eguneratzea. Neurri horien aldeko «konpromisoak hartzeko» eskatu zien Serranok Miramarko jardunaldietan parte hartzen ari diren Eusko Legebiltzarreko eta Espainiako Parlamentuko politikariei.

Eguzkiak indartsu jotzen zuen, eta indartsuak ziren pentsiodunen oihuak ere. «Lapurrak instituzioetatik kanpora», «EAJ, busti zaitez», «hemen bizi, hemen erabaki» eta antzeko leloak nagusitu ziren Kontxako pasealekuan, manifestazioak iraun zuen ordu erdian. Amaia Sagarzazu eta Roberto Etxebarria donostiarrak 12:00etarako Alderdi Ederren zeuden. Erretirorako diru gehiago eskatzeko ari ziren protestan. Sagarzazuk 400 euroko erretiroa du, eta Etxebarriak, berriz, 600 eurokoa. «Bilobei paga emateko ere ez daukagu», azaldu zuen Sagarzazuk. «Aurrezki batzuk dauzkagu, eta hortik ari gara jaten, baina horrela ezin dugu jarraitu», gaineratu zuen Etxebarriak.

Donostiako metroa egiteko, «politikarien soldata handiak» ordaintzeko edota erraustegia egiteko dirua badago pentsioak ordaintzeko ere badagoela adierazi zuten senar-emazteek. «Behar ez diren gauzak egiten dituzte, eta diru hori gurea da. Ondo banatuz gero, denok hobeto biziko ginateke», esan zuen Sagarzazuk.

Kontxako pasealekuan aurrera egin ahala, tabernetako mahaietan eserita edo hondartzan etzanda zeudenek harrituta begiratzen zioten pentsiodun taldeari. Tropelaren erdian zeuden Julen Arregi eta Juanito Errazkin hernaniarrak. Gutxienez 1.080 euroko pentsio duinak eskatzeko joan ziren Donostiara. «Emakumeen lana ere ez da aintzat hartu hainbat urtean, eta egoera larrian bizi dira», azaldu zuen Arregik. «Ez dugu instituzioetan sinesten; kaletik egin behar da borroka, eta horretan jarraituko dugu. Egoera honekin sutan nago».

Alargunak, okerrago

Pentsiodun askoren egoera zaila da, baina alargunena are okerragoa. Gipuzkoako 43.709 alargunetatik 17.000k 650 euro baino gutxiago kobratzen dutela gogoratu zuen Serranok. Alargun pentsioa oinarri erregulatzailearen %52tik %56ra igo bada ere, abuztuaren 1etik aurrera ordainduko dute, eta ez du atzeraeraginik izango. Horiek horrela, emakume alargun gehienek «miseria bat»kobratuz jarraituko dutela nabarmendu zuen. «Diru sarrerak bermatzeko errentak jasotzen dituzte emakume horietako askok. Horrek esan nahi du alargun askoren diru sarrerak ez direla handituko, pentsioan igotakoa DSBEtik kenduko zaielako».

Kezka horiek helarazteko, hilaren 31n elkartuko dira euskal pentsiodunak Espainiako Gizarte Segurantzako ministro Magdalena Valeriorekin. Bezperan, berriz, Gipuzkoako Aldundiaren aurrean elkarretaratuko dira pentsiodunak, Markel Olanorekin hitz egiten saiatzeko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.