Kataluniako prozesu subiranista. Epaiketa

Aldaketak ez du tesia aldatu

Matxinada delituari eutsi, eta buruzagi independentistentzat 25 urte arteko kartzela zigorra eskatu du fiskaltzak. Estatuko abokatuak sedizioa leporatu die, eta akusazioaren oinarritik kendu du indarkeria
Roger Torrent Kataluniako Parlamentuko presidentea eta Quim Torra Generalitateko presidentea Legebiltzarreko auditoriumean, atzo.
Roger Torrent Kataluniako Parlamentuko presidentea eta Quim Torra Generalitateko presidentea Legebiltzarreko auditoriumean, atzo. QUIQUE GARCIA / EFE

Igor Susaeta -

2018ko azaroak 3
Kataluniako Gobernua ez da Espainiakoaz fio. Harremanetan nolabaiteko distentsio bat irudikatu nahian, udaz geroztik huntaz eta hartaz hasi dira hitz egiten bi aldeak; errezeloz betiere, hori bai. Prozesu subiranistaren judizializazioak ekarritako auzipetzeak zio politikoek eragin dituztela argudiatuta, Generalitateak adierazi izan dio Madrili eska ziezaiola fiskaltzari matxinada akusazioa auzitik kentzeko. Baina Auzitegi Goreneko Fiskaltzak delitu horri eutsi dio. Behin-behineko akusazio idazkia atzo plazaratu zuen, eta 25 urteko espetxe zigorra eskatu du Oriol Junqueras Generalitateko presidenteorde kargugabetuarentzat. 17 urteko kartzela zigorra eskatu du Jordi Sanchez ANC Biltzar Nazionaleko presidente ohiarentzat, Jordi Cuixart Omnium Culturaleko presidentearentzat, eta Carme Forcadell Parlamentuko presidente kargugabetuarentzat. Fiskaltzarentzat, prozesuaren «buruzagiak» izan ziren, eta, gainera, «beharrezko biolentzia» erabili zuten «emaitza kriminala» ziurtatzeko. Jordi Turull, Josep Rull, Raul Romeva, Dolors Bassa eta Joaquim Forn kontseilari ohientzat egindako kartzela zigor eskaera 16 urtekoa. Matxinada egozten die bederatziei.

Estatuaren abokatuak ere bere akusazio idazkia aurkeztu zuen atzo, eta sedizioa egozten die fiskaltzak matxinada leporatzen dien buruzagi independentistei. Espainiako Justizia Ministerioaren menpeko organoak ez du indarkeriaren erabileran oinarritu akusazioa. Beraz, espetxe zigor eskaerak txikiagoak dira: Junquerasi handiena, hamabi urtekoa. Hori dela eta, independentistei kontzesio bat egin izana aurpegiratu diote PPk eta Ciudadanosek PSOEri. Generalitateak, ordea, ez du inondik ere keinutzat hartu. «Kataluniako auzia auzitegietatik atera eta politikara itzultzeko urrezko aukera bat galdu du gaur gobernuak», azpimarratu zuen Quim Torra Generalitateko presidenteak. Adierazpen instituzionala egin zuen Kataluniako Parlamentuan, eta, diputatu subiranisten eta Comukoen aurrean, «errepresioaren konplize» izatea aurpegiratu zion Pedro Sanchez Espainiako presidenteari. Sanchezek subiranistekin «zubiak eraikitzera» deitu zuen kargua hartu zuenean, pasa den ekainean. Halere, Moncloan gertatutako aldaketak ez du estatuak prozesu subiranistarekiko azken urtean defendatutako tesia aldatu.

Ezetz dio Madrilek

Hain zuzen, atzo bete zen urtebete Junqueras behin-behinean kartzelatu zutenetik. Fiskaltzak matxinada egotzi zion hasieratik, eta Estatuaren Abokatutzak bat egin izan du eskaera horrekin. Diru publikoaren erabilera bidegabearen ustezko delitu bat dagoenean, hori salatzera mugatzen da. Kasu honetan, ordea, ez du hala jokatu.

Katalunian «argiro» matxinada gertatu zela esan zuen Sanchezek joan den maiatzean. Horri buruz galdetu zieten, atzo, Carme Calvo Espainiako presidenteordeari eta Dolores Delgado Justizia ministroari. «Gu orain gaude gobernuan, eta gobernuaren posiziotik erantzuten dugu», erantzun zuen Calvok, Ministroen Kontseiluaren ondoren egindako agerraldian. Nabarmendu nahi izan zuten, gainera, ez dutela Estatuaren abokatua estutu akusazioan matxinada sedizioarekin alda dezan, ez dela inposiziorik egon. Espainiako Gobernuko kideek asteak daramatzate prozesuan matxinadarik ez zela egon iradokitzen.

Baina joan den urteko irailaren 20a eta 21a —Kataluniako Ekonomia Kontseilaritzaren egoitzaren parean elkarretaratze masibo bat egin zen— eta urriaren 1a bitartean buruzagi independentistek matxinada gauzatu zutelakoan dago fiskaltza. Gainera, erreferenduma antolatzeko asmoarekin diru publikoa bidegabe erabiltzea leporatzen die bai aipatutako auzipetuei, baita Santi Vila, Carles Mundo eta Meritxell Borras kontseilari ohiei. Horientzat, desobedientzia gehituta, zazpi urteko espetxe zigorra eskatu du.

Hain zuzen ere, eta Estatutako abokatuaren akusazio idazkiaren arabera, ustez funts publiko horiek desbideratzea «ezinbestekoa» izan zen sedizio delitua gauzatzeko; hau da «modu publikoan eta zalapartatsuan altxatzea, legezko bideetatik kanpo edo indarrarekin, legeen ezarpena eragozte aldera». Estatuko abokatuarentzat, gobernuko kide zirenek hartu zituzten «erabaki exekutiboak». Horregatik, kartzela zigor txikiagoa eskatu du Sanchez eta Cuixartentzat: zortzi urte.

Eskaerak aintzat hartuta, «haserrea energia positibo» bihurtzeko eskaera egin zien Torrak herritarrei: «Denon beharra dugu». Carles Puigdemont Generalitateko presidente kargugabetuaren ustez, estatuaren erabakia Kataluniako Gobernuaren, Parlamentuaren eta herritarren «zati handi baten» kontrako «mendekua» da. Puigdemont, Meritxell Serret, Lluis Puig eta Antoni Comin kontseilari kargugabetuak, eta Marta Rovira ERCko idazkari nagusia eta Anna Gabriel CUPeko diputatu ohia bezala, auzipetuta daude, baina ez dituzte epaituko erbestean daudelako. Ahozko epaiketa urtarril erdialdean da hastekoa, eta bizpahiru hilabetez luzatuko da. 2019ko ekainerako espero da epaia.

Traperori ere, matxinada

Fiskaltzak uste du Mossos d'Esquadrak gobernuarekin eta elkarte subiranistekin bat eginda jokatu zuela. Beraz, Josep Lluis Trapero mossoen buru kargugabetuari ere matxinada leporatu dio, eta 11 urteko espetxe zigorra eskatu du harentzat. Auzitegi Nazionalak auzipetu zuen, eta orain arte antolakuntza kriminala eta sedizioa leporatzen zizkion Carmen Lamela epaileak. Fiskaltzak zigor bera eskatu du Cesar Puig Barne Kontseilaritzako bigarrena zenarentzako eta Pere Soler mossoen zuzendari kargugabetuarentzat. Haien kontrako epaiketa buruzagi independentisten kontrakoa bukatu eta gero hasiko da.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna