urtzirrutikoetxea
LEKU-LEKUTAN

Afrin

2018ko urtarrilaren 21a
00:00
Entzun
Gerra hasi aurreko udan Sirian izan nintzen. Kurduekin batez ere. Ekialdetik iritsi nintzen, Turkiako mugak zatitutako Nusaybindik Qamixlira sartuta. Diyarbakirren argitaratzen zen Azadiya Welat kurduerazko egunkariko kazetari bat hangoa da, eta haren lagun batek hartu ninduen etxean. Damaskorako bidean Palmirarekin liluratu, Libanora txango laburra egin, Latakiatik Krak des Chevaliers-era, eta azkenik Alepora. Herrialdea utzi aurretik, Alepotik 60 kilometro eskasera dagoen Afrinera txangoa egin nuen. Hangoa da Zinar Ala, Euskal Herrian hainbat aldiz egon den kurdua (duela hilabete agurtu nuen azkenez BECen, bertso finalean), eta haren lagunek erakutsi zidaten Rojava edo Siriako Kurdistango gainontzeko lurraldeetatik hain desberdina den eskualdea. 2010eko udan BERRIAn argitaratu genituen kronika haiek, eta Firat hedabide kurduak ere eman zituen, ingelesera itzulita.

Jazira aldeko basamortu eta lautaden ordez, olibondoz betetako muinoek marrazten dute Afringo paisaia. Afrindarrek ere harrotasun berezi bat daukate gainontzeko kurduen aldean: Mediterraneotik hurbil, euren buruak irekiago eta modernoagotzat dituzte, Mesopotamiako bihotzean bizi diren kurdu—ustez— kontserbadoreagoen aldean. Rojavako herri kurdu alevi bakarra ere —hau da, ez sunita—, Afrinen dago.

Siriako lehen protestak hasi eta handik erabateko gerra bihurtu zenean, Afringo herritarrek beren herrietako agintea hartu eta Herriaren Defentsarako YPG miliziak antolatu zituzten. 2013an, Kobane eta ekialdeko Jazirarekin batera, Rojavako hiru kantoiak aldarrikatu zituzten. Daex garaituta, Kobane Jazirako kantoiarekin lurrez lotzea lortu zuten YPGek (AEBek bultzatuta Siriako Indar Demokratiko izen berria hartuta), eta alarmak piztu ziren Turkian, ehunka kilometrora mugan gerrillari kurduen kontrolpean zegoela jabetuta. Mendebalderantz halakorik ez gertatzeko, hau da, Kobane eta Afrin lotuta kurduek mugalde osoaren kontrola hartzea eragozteko, Turkiaren menpeko talde armatuek bien arteko lur eremu bat eskuratu zuten al-Bab hirian, ia tirorik gabe jihadistek euren bandera jaitsi ondotik. Horren guztiaren ondorio, Afrin bakartuta dago Turkiako mugan, eta hango miliziek armak herrien defentsarako erabili ez arren, eta sekula beste inori ez eraso, hilabeteak eman ditu Recep Tayyip Erdoganek gerrillariak egotziko dituela esaten.

Asteon ekin dio operazio horri. Lehen ere izan da antzeko jokaldirik: Ankarak ezinbesteko du beti mehatxuren bat salatzea, etsaiez inguratuta ikusten du bere burua duela ehun urte. Armeniarrak, greziarrak, sobietarrak, estatubatuarrak, Mendebalde inperialista, otomanismo dekadentea... historikoki beti jakin izan du etsai hori definitzen, bere kontzientzia nazionala indartzeko. Eskolako lehen egunetik hauspotzen den ideia da, «ne mutlu türküm diyene» ezagunean jasoa: zeinen zorionekoa «turkiarra naiz» esan dezakeena. Hortik datoz kurduen aurkako gorrotoa eta egunotan gogorarazi den Hrant Dink kazetari armeniarraren hilketa.

Duela 10 urte Qandilen jarri zuen bere jomuga Ankarak, Irak, Turkia eta Irango mugan PKK gerrillak baseak zituen inguru menditsuan. Ezinbestekoa zirudien mendian gotortuta Errepublikako lurraldeari erasotzen zioten haien aurka jotzea, aste luzez prestatu zuten iritzi publikoa, eta, azkenean, iragarri bezala jo zuten PKKren aurka. Egun gutxira garaipena eta ehunka «terrorista» hil izana aldarrikatu zuten; eta ondorioz, lurreko operazioaren amaiera. Egiaz gertatu zena oso desberdina zen, noski: aire-erasoek neguan ia kalterik ere ez zioten egiten gerrillari. Eta lurrez sartzeko ahaleginak laster neutralizatu zituen PKK-k, eta Ankararen umiliaziorako, atzemandako soldaduak gatibu baina onik erakutsi zituzten. Teknikoki, elurragatik erretiratu zen Turkia Iraketik. «Gora elurra» egin zioten burla kurduek.

Hamar urte geroago, Turkiako Errepublikak beste muturreko mugaldea du jomugan atzera ere. Afrin da txikitu beharreko etsaia. Milaka soldadu daude inbasiorako prest; oraingoz artilleria erasoak egon dira, eta azken orduotan Erdoganek operazioa abian dela jakinarazi du. Baina Afrini buruz zenbat eta zaunka gehiago Turkiak, orduan eta aukera gutxiago benetan haginka egiteko. Egongo da borrokaldirik ziurrenik. Baina Turkiak badaki ezin duela Afrin hartu. Qandilek ezin izan zituen gerrillariak garaitu duela hamar urte; jihadistei aurre egin dieten borrokalarien miliziari jotzea are arriskutsuagoa zaio. Diplomazia propagandan ere, kale Turkiak: Errusiak ukatu egin du turkiarrei bidea libre uzteko soldaduak erretiratu dituenik Afrindik eta AEBek ez inbaditzeko eskatu diote. Geo-estrategiaren jokoen erdian, berriz ere, kurduak galtzaile. Baina, Sirian batez ere, birritan pentsatu beharko du lau urtez etsairik beldurgarrienari aurre egin dioten kurduen aurka jo nahi badu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.