KRITIKA. Donostiako 78. Hamabostaldia

Arku amaigabea

Arkaitz Mendoza.
2017ko abuztuaren 30a
00:00
Entzun

Steven Isserlis

Piano jolea: Connie Shih. Lekua: Donostiako Viktoria Eugenia antzokia. Eguna: Abuztuak 28.

Abuztuak 28. Bai 2016an eta bai 2017an abuztuaren 28 batean, Musika Hamabostaldiko azkeneko minutuetan izar argitsu baten bisita izan dugu. Kasualitatea agian, baina Steven Isserlis britainiarraren presentziak mu-si-ka hitzak silabatan hausteak dakarren garrasi lehor eta indartsu bat barneratzen du. Biolontxeloaren arku jorratze bakoitzean, edozer ñabardura, nota tuntun, melodia liluragarri ala hornitze ikusgarri, musikaren mailarik gorenean adierazten du Isserlisen interpretazioak. Biolontxelo bat ez da ulertzen Johann Sebastian Bachen musikarik gabe. Honako honetan 3. suitea, dantzaz jositako txinparta ikuskizun deigarrian, guztiz artista azaldu zen Isserlis. Nota zalantzakorren bat ere erregalatu zigun, ez zen ezer pasatzen, dotorezia amaigabe horretan bikaintasunaren bila ez zebilen musikaria, Bachen muin eta oinarriak erakustea baitzen bere helburu nagusia.

Jarraian, izar handi batek ondoan daraman pianista on bat aurkeztu zigun: Conni Shih. Askotan bigarren mailan kokatzen dira, izarretik urrun. Honako honetan, zorionez, Shih kanadarrak, biolontxeloan guztiz sartuta, ganbera musika nola gauzatu behar den azaldu zuen, Felix Mendelssohnen 2. sonatatik hasita Claude Debussyren sonataraino, Robert Schumannen 3 Erromantzeetatik pasatuta. Indarra, pasioa, Isserlisen izaera bereko laguna, biek zoragarri elkar ulertu zuten agertokian, elkar begiratu gabe bazekiten zer behar zuen ondoko kideak. Isserlisen legato teknika txundigarria izan zen une oro, ezin interpretazioren bat nabarmendu, goi mailan kokatu ziren guztiak. Instrumentua aitzakiatzat du Isserlisek; biolontxeloa eduki beharrean txirula izango balu, sekulako erakustaldiak era berdintsuan eskainiko lituzke. Baina bere biolontxeloak... ezin lasai eta emoziorik gabe deskribatu zer demontre ote den biolontxelo horrek adierazten duena... Isserlis, 2018ko abuztuaren 28an ni han egongo naiz, ea zu ere hor zauden eta zure musikaz gozatzeko aukera dudan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.