Euskalerria Irratia, BERRIA eta Xaloa telebista batuko dira sanferminetan

'Sanfermintza' saioa egingo dute batera, egunero, Iruñeko San Frantzisko plazatik zuzenean

Bihar, 11:30etik arituko dira txupinazoarekin Euskalerria Irratian, Xaloan, Berria.eus-en eta NafarTBn. JAGOBA MANTEROLA / ARP.
Edu Lartzanguren.
2016ko uztailaren 5a
00:00
Entzun
Sanferminak emateko prestatzen ari dira hedabideak, eta iazko formuletako batzuk berriz gauzatuko dituzte; Sanfermintza eguneroko saioa, esaterako. Aurten, Euskalerria Irratia, Xaloa telebista eta BERRIA elkartu dira saioa egiteko. Badira, aldi berean, berrikuntzak. Esaterako, Euskalerria Irratia eta Nafar Telebistak indarrak batuko dituzte biharko txupinazoa emateko. Bakoitzak bere indargunea jarriko du mahai gainean: irratiak kontakizuna egingo du, eta telebistak irudiak emango ditu.

Saioa 11:30ean hasiko dute. Euskalerria Irratiko Maialen Huartek eta Juan Kruz Lakastak kontatuko dute Iruñeko udaletxean gertatzen dena, eta NTBko Amaia Nadal arituko da kaletik. Lau kamera ibiliko dira Udaletxe plazan, eta beste bat udaletxearen barruan, ETBren laguntzarekin. Noski, irratiz ere entzun ahalko da, FMko 98.3an. Gainera, Ipar Euskal Herriko Euskal Irratiek ere Iruñeko irratiaren saioa emango dute, 11:50 aldera.

BERRIAk irudi propioa erabiliko du, txupinazoa streaming bidez emateko, Euskalerria Irratiaren kontakizunarekin. Aurten ere luze eta zabal emango du Berria.eus atariak sanferminen berri. Egunero, zuzeneko saio desberdina egingo dute, eta dena Twitterren bidez jarraitu ahalko da, #SFK16 traolean. Esaterako, goizean, entzierroa kontatuko dute, zuzenean. Eguneko lasterketaren berriekin abiatuko dute saioa, eta horren argazki bilduma plazaratuko dute.

'Sanfermintza', egunero

Aurten, Herri Sanferminak plataformak San Frantzisko plazan jarritako oholtzatik egingo dute Sanfermintza saioa, 12:00etatik 14:00etara. Elkarrizketak, zozketak eta zuzeneko musika egongo da egunero. Besteak beste, Tonino Carotone, La Chula Potra eta Joseba Irazoki pasatuko dira oholtzatik. Elkarrizketatuen artean, Joseba Asiron alkatea eta Osasunako kapitain Oier Sanjurjo egongo dira, besteak beste.

Iaz bezala, Txiokronika egongo da, #SFK16 traolan. Twitterren dabilen jendeari eskatuko diote euren jaiaren kronika egiteko, gertatu ahala. Bihar bertan, Edurne Ustarroz txiolari eta Osasunazalea hasiko da lehen kronikarekin. Uztailaren 7an, Eva Aranguren txiolariaren txanda izango da; 8an, Xabi Martinez de Lezea irakaslea arituko da; larunbatean, Saioa Alkaiza kazetari eta bertsolaria; igandean, Santi Leone; uztailaren 11n, Dani Saralegi arituko da; hurrengo egunean, Iker Tubia; uztailaren 13an, Lur Gil, eta erabakitzeke dago nor arituko den jaiaren azken egunean.

ETB1ek ere zuzenean emango du txupinazoa. Bihar, 11:00etan hasiko da saio berezia. Aritz Agirre Euskadi Irratiko kazetariak eta Ilaski Serrano aurkezleak egingo dute kontakizuna. Bitartean, Aitor Perez udaletxean egongo da, eta Maite Eskarmendi parrandazaleen artean ibiliko da, jai giroa kaletik kontatzeko.

Horrez gain, gauetan ere tarte berezia izango dute Iruñeko jaiek, bihartik igandera, 22:15ean, Sanferminak 2016 saioan. Ilaski Serranok eta Julian Iantzik aurkeztuko dute, eta Naiara Gagok eta Juan de la Vegak erreportajeak egingo dituzte.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.