Legebiltzarrak Iturbez erabakitakoa betetzeko exijitu du oposizioak

EITBko zuzendaria kentzeko eskaera administrazio kontseiluan eztabaidatuko dute 24an

EITBko langileak, enplegu erregulazio dosierraren aurka protestan, urtarrilaren 27an, Bilboko egoitzan. MARISOL RAMIREZ / ARP.
Edu Lartzanguren.
2015eko otsailaren 7a
00:00
Entzun
Maite Iturbe EITBko zuzendari nagusiaren dimisioa eskatzeko mozioa onartu zuen Eusko Legebiltzarrak ostegunean, oposizio osoaren botoekin. Kudeaketa txarra egotzi zioten taldeok Iturberi, eta 30 langile kalean utziko dituen enplegu erregulazio dosierra bertan behera uzteko exijitu zuten. Bozketaren ondoren, Eusko Jaurlaritzak sostengua adierazi zion Iturberi, eta hark gogoratu zuen EITBko administrazio kontseiluak harturiko erabakiak bete baino ez duela egin. Legebiltzarrak eskatutakoa aintzat hartzeko exijitu zion atzo EH Bilduk Iñigo Urkullu lehendakariari, «geratzen zaion sinesgarritasunari eutsi nahi badio». PSEk, berriz, dimisio eskaera EITBren administrazio kontseilura eramango du, otsailaren 24an egitekoa duen bilerara.

Legebiltzarraren erabakia ez du zertan nahitaez bete Iturbek. Zuzendaria kargutik kentzeko proposamena Jaurlaritzak egin behar du, edo EITBko Administrazio Kontseiluak, eta legebiltzarraren erabateko gehiengoak berretsi beharko luke gero. Administrazio kontseiluan dauden 21 kideen bi herenen sostengua beharko luke eskaerak. Edonola ere, legebiltzarrak ostegunean harturiko erabakiak balio politiko nabarmena du oposizio osoaren sostengua duelako.

«Ez dago aitzakiarik. Errespetu hori zor dio Legebiltzarrari eta gizarteari. Hartutako erabakia bete behar du Urkulluk», esan zuen atzo Unai Urruzuno EH Bilduko legebiltzarkideak. Gaineratu zuenez, Iturbe ez dago EITBko zuzendaritzan «jarraitzeko moduan», enplegu erregulazio dosierra bertan behera uzten ez badu.

EITBko egiturazko lanpostuak sindikatuekin negoziatzen «berehala» hasteko eskatu zuen Urruzunok, eta, beste behin ere, EITBren «izaeraz eta ereduaz» eztabaidatu behar dela adierazi zuen.

Bozketa, 24an

Erregulazio dosierra gelditzeko eskaera eta zuzendari nagusiaren dimisioa otsailaren 24an eztabaidatuko dute EITBko administrazio kontseiluan. Bilera horretan, «legebiltzarrean adierazitako gehiengoaren nahia aintzat hartzea» espero zutela esan zuten atzo PSEk kontseiluan dituen hiru kideek. Alma Fernandezek, Mikel Unzaluk eta Concha Aretxagak bilerara eramango dituzte eskaerak. Edonola ere, bozketa horren emaitza ez da aurreikusten erraza, kontseiluaren osaketa dela eta, hango gehiengoak ez duelako zertan legebiltzarrekoa bezalakoa izan.

EITBko administrazio kontseiluan talde politikoek proposaturiko ordezkariak egoteaz gain, sindikatuetako eta beste gizarte taldetako kideak daude.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.