Berria telebista eta Euskalerria irratia, batera sanferminetan

Txupinazoko irudiak zuzenean emateaz gain, 'Sanfermintza' saio berezia emango dute egunero

Juan Kruz Lakasta Euskalerria irratiko esataria, iaz, txupinazoaren berri ematen zuzenean. JOSU SANTESTEBAN / ARGAZKI PRESS.
Edu Lartzanguren.
Donostia
2014ko uztailaren 4a
00:00
Entzun
Hitzak, soinuak eta irudiak elkartuko dituzte igandetik aurrera, Iruñean ez dagoenak jaiak sanferminen bihotzetik bizi ditzan eta hiri buruzagian dagoenak izan dezan festaren aurpegi guztiak ikusterik, gorputz bakar eta nekatua izan arren. Euskalerria irratiak eta BERRIAk indarrak batuko dituzte aurten ere, euren webguneetan atsedenik gabe egiteko txupinazotik Gaixoa Ni ekitaldirainoko tartea.

Igande goizean hasiko da elkarlana. 10:00etatik aurrera, txupinazoaren inguruko saioa emango dute bi hedabideek. BERRIAK zuzeneko irudiak emango ditu Udaletxe plazatik, Berria TBren bitartez, eta Euskalerria irratikoek jarriko diote soinua jaiaren leherketari. Oihane Arangoa eta Juan Kruz Lakasta arituko dira esatari lanetan, eta gonbidatu mordoa izango dute, festa hasierari neurria hartzen. Pello Argiñarena arituko da zuzenean kaleetatik eta udaletxetik.

Saio berezia egunero

Astelehenetik aurrera, Sanfermintza saioa egingo dute, zuzenean, 12:00etatik 14:00etara, Zaldi Zuria txokotik. Aurreko urteotan bezala, irratsaioa egingo dute hiriko lekurik ederrenetako horretan, BERRIAren kameren aurrean.

Gonbidatu ugari izango dituzte: besteak beste, Iker Tubia, Joxerra Senar eta Naiara Elola BERRIA-ko kazetariak izango dira, jaiak nola doazen aztertzen. Musika emanaldiak ere antolatu dituzte: Joseba Irazoki, Petti, The Icer Company eta Demode Quartet musikariak espero dituzte, besteak beste.

BERRIAk sanferminen inguruko gune berezia jarriko du sarean, berria.eus/sanferminak14/ helbidean. Arreta berezia jarriko diete entzierroaren inguruko berriei goizean. Argazki eta bideo bildumak jarriko dituzte, egitarau ofiziala, Jai Gunekoa eta Nafarroa Oinez-ena, eta elkarrizketak.

Papereko atal bereziek ere izango dute lekua webgunean: Krispetak tomatearekin zutabea, batetik, eta jaien alderik dotoreena zein parrandazaleena kontrajarriko dituen Fermin Doktorea eta Mister Jai, bestetik.

Hamaikan, ostegunean

Hamaika telebistak Euskal Herriko jaiei eskainiriko 9 terdietan plazan saioan landuko ditu sanferminak. Uztailaren 10ean, ostegunarekin, emango dute Iruñekoaren berri, Ahotsa.infok grabaturiko irudien bitartez. Horrez gain, Pasai Antxoko sanferminak landuko dituzte, eta baita Donostiako herri jaien eguna ere, Manu Chaoren kontzertua tartean.

ETB1en ere zabal landuko dituzte sanferminak. Euskal Herria zuzenean saioaren ardatza izango dira datorren aste guztian, eta Ilaski Serranok eta Urko Aristik Sanferminak 2014 saioa emango dute egunero, 22:15etik aurrera, Baluartetik. Gaixoa Ni ekitaldia ere zuzenean emango dute, 14an.

Bihar, Oliver van der Zee zuzendariaren Entzierroa dokumentala emango dute, 21:30ean. Entzierroan parte hartzen dutenen lekukotasunak jasotzen ditu filmak.

TVEk zuzenean emango du txupinazoa, eta egunero entzierroak emango ditu, 07:15etik 08:30era bitartean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.